«Ahoz ahoko argazkiak», Nerea Urgoiti
Lerroartean
Nerea Urgoiti Galarza
BINKE / 2021eko uztaila
Ahoz ahoko argazkiak
Argazkirik ez badau ez zara egon eta publikau ezean ez dozu kontau» esaten du lagun batek, eta holantxe da, bai. Gaur egun, sare sozialen eta errealitatearen artean sortu dugun marra hain da mehea ikusezin bezain beldurgarri bihurtzen hasi dela. Argazki zahar bat ikusten dugunean ez dugu argazkia ikusten, momentua baizik, izan «klik» hark izoztutako soinu bat, usain bat, barre bat, besarkada bat edota oinaze bat. Baina hori momentuko protagonistek baino ez dute ikusten: argazkiaren errealitatea, eskeletoa eta mamia. Besteok azala baino ez dugu ikusiko, eta sarritan distortsionatua.
Aitaren familian ez daukagu ia argazkirik, eta ditugun zatiak 1983ko uholdeetako urek distortsionatuta daude, arrakalatuta. Abuztu hartako distortsioa, ordea, sare sozialetatik haratago, erreala da, gordina, inguruko familia askok pairatutako miseria eta ondarea.
Guk ez dugu aitite ezagutu, argazki zati solteetako puzzleetan ez bada. Baina begiak itxi eta han ikusten dugu urak eramandako baserriko sukaldean eserita, seme-alabaren batek hitz bat erderaz esan eta mahaia haserre kolpatuz «berba!» esaten. Begiak itxi eta hor agertzen da bera ere, munduko emakume indartsuena, oso gaztetatik familia oso bat aurrera bakarrik ateratzen. Kementsu eta miresgarri, amama.
Eta bat batean, begiak ireki eta zuri beltzean zeuden argazki zati apurtuak kolore biziz ikusten dituzu, puzzle ederrak osatuz, ipuin errealak kontatuz.
Ahaztu dezagun «una imagen vale más que mil palabras» esaera hori eta sortu ditzagun ahoz ahoko argazki gehiago, benetakoak eta errealak.