Zer da TicketBAI sistema?
Ekonomia eta Ogasuna
BINKE / 2021eko uztaila
Zer da TicketBAI sistema?
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Orain arte fakturak paperean edo PDF fitxategi independenteetan egin eta batzen badira ere, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera zebitzuak eskaintzen dituzten enpresa guzti-guztiek TicketBAI sistema berria erabili beharko dute. Hemen argitu ditugu zalantzak!
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanaren fruitu da «TicketBAI». Izena hala ezarri badiote ere, «TBAI» izango da behin proiektua abian jarrita izango duen behin betiko izena. Laburrean azalduz, proiektu berri honen bitartez betebehar legal eta tekniko batzuk ezarri nahi dituzte, hala, pertsona fisiko eta juridiko orok, jarduera ekonomiko bat egiten duen bakoitzean fakturazio software bat erabiltzera behartuz, bide honen bitartez egindako operazio bakoitzeko betekizun guztiak betetzen direla ziurtatzeko.
Sistema berri honek, ekintza ekonomikoekin lortutako irabazien gaineko kontrola izatea eskainiko die ogasun foralei. Batez ere berebiziko garrantzia izango du hein handi batean esku-dirua erabiltzen duten ondasunen banaketak xede dituzten, edota aurrekoetaz gain, zerbitzuen prestazioak egiten dituzten haiengan. Era berean, bildutako informazio hori, zergadun diren horiek dituzten zerga-betebeharrak zeintzuk diren helarazteko erabiliko da.
Ezaugarri nagusiak. Goiko lerroetan nabarmendu bezala, fakturazio sistema elektroniko bat da «TicketBAI». Honi esker, bai enpresek zein autonomoek duten fakturazioa kontrolatu, eta horretaz gain, Ogasunera bidaltzen du. Honetarako, egin beharreko faktura edo ticketak QR kodea izango du berarekin soinean, ondoko ezaugarriak bilduko dituena: hornitzailearen datuak —Software Garante—; Igorlearen datuak —ziurtagiri digitala edo norberaren sinadura digitala barne izanik—; ticket automatikoaren numerazioa; zenbatekoa; eta data automatikoa.
«TicketBAI» fakturazio sistema berria, ELGAren —Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen— ezaugarri nagusiekin egiten du bat, honen gomendio nagusiak betez, eta, horrekin batera, Europar Komisioaren edota ildo beretik diharduten beste herrialde batzuen laguntzak ditu zutarri nagusi proiektuari forma ematerako orduan. Orotara, beraz, bi dira besteak beste dituen xede eta nagusienak software berritzaileak: alde batetik, lehenago nabarmendu bezala, sistema honi esker zergadun diren horiek dituzten betebehar fiskalak zeintzuk diren helaraziko die, eta, bestetik, fraude fiskalaren gaineko prebentzio funtzio bat ere beteko du. Azken horri esker, pertsona bakoitzak duen gaitasun ekonomikoaren arabera, zerga-zamen aurrean modu jasangarri batean jardutea eragin eta bermatuko du.
Ekintza ekonomikoak egiten dituen pertsona fisiko, juridiko edota nortasun juridikorik gabeko edozein entitateri eragiten dio «TicketBAI»-k. Horretarako, garrantzizkoa da azpimarratzea aurretik aipatutako horiek guztiak Euskadiko Foru Ogasunen konpetentzia araudira egon behar direla atxikirik, PFEZri —Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari— edota Elkarteen gaineko zergari dagokionean. Hala adierazten du, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoak, maiatzaren 23an onartutako 12/2002 legean ezarririk hau.
Zor-agirien kateatzea. Finean, zor-agirien, edo beste modu batera esanda, fakturen kateatze bat da «TicketBAI»-k beteko duen funtziorik nagusiena. Faktura hauek modu elektronikoan sinatuko dira, eta honek zera dakar: ezabaketak edota manipulazioak ekiditea.
Honi esker benekotasuna, zintzotasuna, trazabilitatea edota ukiezintasuna bezalako termino eta balioak bermatuko dira erregistro informatikoetan, hots, ezin izango dira egindako faktura horiek ezabatu edota manipulatu behin dispositiboren batean txertatu ostean. Azken horien adibide dira, esaterako, benta puntu, ordenagailu propio, «vending» makina aurreratu, balantza aurreratu, tableta edota mugikorretan egindako fakturak. Egindako erregistroak norberari dagokion Ogasunera bidaliak izan beharko dira nahitaezean, ezarritako plazo eta formak betez gainera hauetako bakoitzean.
Aurrekoaz gainera, nabarmentzekoa da programa berri honek beharrezkoak diren datu guztiekin osatuko duela faktura, eta, horretaz gainera, bi espazio berri ezarriko dizkiola honi. Bi espazio berri hauek, fakturaren datu berak beste formatu batuan ezarrita baino ez dira izango: alde batetik, «TicketBAI» identifikazio kode bat, eta bestetik, goiko lerroetan aipatutako QR kode bat. •