
Euskararen erabilera sustatzeko erronka berriak adostu dituzte Galdakaoko sei kirol klubek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakao Txirrindulari Elkartea
Gazteen artean txikitatik euskararen erabilera sustatzeko ‘Kirolean be bai’ kanpainaren erronka berriak adostu dituzte Galdakaoko sei kirol klubek. Askotariko erronkak dira eta hemen batu ditugu bakoitzaren xehetasunak.
Galdakaoko Udalak ‘Kirolean be bai’ kanpaina jarri zuen abian duela bi urte, gazteen artean txikitatik euskararen erabilera sustatzeko. Programa Ebete Hizkuntza Zerbitzuak kooperatibarekin lankidetzan garatu da ordutik eta hauek dira klub parte-hartzaileak: Adiskide Pilota Elkartea, Galdakao Futbol Taldea, Galdakao Atletismo Taldea, Galdakao Txirrindularitza Elkartea, Kantauri Igeriketa Taldea eta Galdakaoko Bolei Taldea.
Talde bakoitzean euskarak duen egoeraren inguruko diagnostikoa izan da programaren lehenbiziko urratsa eta horretatik abiatuta, zuzendaritza taldeko kideen artean sentsibilizazio saioak egin dira eta talde bakoitzaren konpromisoak zehaztu dira.
Horrela, askotariko erronkak sortu dira, eta hauek dira talde bakoitzak denboraldi honetarako adostutakoak:
Adiskide Pilota Elkartea
- Kirolariek euskaraz gehiago hitz egin dezaten sortutako dinamika aurrera ateratzen saiatzea
- Pilotarien arteko hizkuntz ohitura euskarazkoa izateko ahalegina egitea
- Euskaraldian parte hartzea
Galdakao Futbol Taldea
- Entrenatzaileentzako saio bat antolatzea, entrenamenduetan euskara erabiltzeak duen garrantziaz ohartarazteko eta entrenamenduetan erabili ditzaketen estrategiak ikasteko
- Euskaraldian parte hartzea
- Kirolariek euskaraz gehiago hitz egin dezaten sortutako dinamika aurrera ateratzen saiatzea
Galdakao Atletismo Taldea
- Euskaraldian parte hartzea
- Kirolariek euskaraz gehiago hitz egin dezaten sortutako dinamika aurrera ateratzen saiatzea
- Formazio saioetan ikasitako beroketa jolasak, errutinak, etabar euskaraz egitea entrenamenduetan gutxienez haur eta nerabeekin
Galdakaoko Txirrindulari Elkartea
- Saio bat antolatzea entrenatzaileekin eta zuzendaritzarekin euskara kiroletik sustatzeak daukan garrantziaz ohartarazteko
- Sare sozialetako publikazioak eta kartelak elebitan idaztea
- Kirolariek euskaraz gehiago hitz egin dezaten sortutako dinamika sustatzea
Kantauri Igeriketa Taldea
- Entrenatzaile euskaldunak euskara erabiltzera animatzea
- Haur txikientzat euskal entrenatzaileak jartzea
- Lehiaketetarako hasierako oihua euskaraz egitea
Galdakaoko Bolei Taldea
- Kanpoko komunikazio hauek euskaraz izatea: sare sozialak, komunikatu ofizialak, kartelak, kanpusak, loteriak eta zozketak
- Euskaraldian zehar erronka batzuk planteatzea kirolariei eta entrenatzaileei, entrenamenduetako ohitura batzuk aldatzeko asmoz
- Entrenatzaile euskaldunak dituzten taldeetan, entrenatzaile-guraso harremana euskarazkoa ere izatera animatzea
Bestalde, eta berrikuntza gisa, pasaden urtarrilaz geroztik ‘Hitzez jolastu’ ekimena garatu da; hau da, partida osteko elkarrizketak euskaraz egitea. Bertan, jokalariek zein entrenatzaileek partidak eta emaitzak errepasatzen dituzte Peertube sare sozialean zintzilikatzen dituzten bideoetan. Dagoeneko hamar bideo baino gehiago igo dituzte.