«San Migelak»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2021eko iraila
Irailaren 29an San Migelak ospatzen doguz. Plurala darabilgu, izan be, lehenagotik, jai eguna bera ospatzeaz gain, jai bigarrena be ospatu izan da auzune mailan eta hurrengo domekan jai errepetiziñoa. Hortik ba, San Migelak.
San Migel eta Luzifer goiaingeruak ziran. San Migelen lema «nor jainkoa lakoa» zan eta Luziferrena «nor ni lakoa» harrokeriak jota. Harrezkero, San Migel zeru altuan geratu zan eta Luzifer deabrua inpernuan. Miguel izena hebreerazko «mi-ka-´el»-etik dator eta mundu guztian zabaldu da. Euskeraz, Mikel.
Bizkaian, abesti polit bat be badaukagu jai honen inguruan: «Aita San Migel Iurretako zeru altuko loria…». «Loria» dala-eta, batek baino gehiagok «lorea > loria = flor» berbeagaz nahastu dau, baina «loria» latineko «gloria(m)» berbatik dator. Latinetik euskerarako bilakaeran, «muta cum liquida» kontsonante alkartea suertatzen danean, «muta» galdu egiten da, esaterako (pluma > luma; plantatu > landatu; flore > lore…) eta kasu honetan be bai, gloria > loria = gloria gazteleraz.
Abesti hori dantzatu be egiten da eta Dantzari Dantza deritxo. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeari esker bizi bizirik daukagu. Orioketa!