
Etxebizitzaren arazoa arintzeko 200 bizitoki berri eraikiko dituzte Jaurlaritzak eta Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailburuordearekin batu da gaur goizean, eta hurrengo hiru urteetan garatuko den etxebizitza planean eman beharreko hurrengo pausoak zehaztu dituzte. Iragarri dutenez, «etxebizitzaren arazoa arintzeko» 200 bizitoki berri eraikiko dira herrian.
Galdakaoko Udalak Aperribai ingurua gune tentsionatu izendatzeko eskaera egin zuen duela hilabete batzuk eta izendapena jaso du honezkero. Eskaerarekin batera, «herri osoan etxebizitzaren arazoa arintzeko» hurrengo hiru urteetarako plana aurkeztu zuen Udalak eta plan honen inguruan aritu dira gaur Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailburuordea, Galdakaoko udaletxean izandako bileran.
Gaur goizean batu dira Hernando eta De los Toyos, Asier Egiraun Galdakaoko Hirigintza zinegotziarekin eta Pablo Garcia Astrain Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Zuzendariarekin batera. Bileran plagintza horren baitan instituzio bakoitzak eman beharreko hurrengo pausoak zehaztu dituzte, Hernandok batzarraren ostean egindako agerraldian azaldu duenez.
«Galdakaon ere etxebizitza arazo bat da eta hau konpontzen saiatzea dagokigu instituzioei, bakoitzak dituen eskumenekin. Horretarako, ezinbestekoa da gure arteko elkarlana, eta gaur izandako bilera honen adibidea da», adierazi du alkateak. Ildo beretik, «kolaborazioa ezinbestekoa» dela azpimarratu du De los Toyos sailburuordeak.
Hernandok azaldu duenez, planaren ardatz nagusia 200 etxebizitza berri eraikitzea da. Horietatik 104 batestuak izango dira, 40 zuzkidura-bizitokiak eta 54 libreak. «Etxebiden 1.474 pertsona daude izena emanda Galdakaon, eta horietatik 900 inguru herrian erroldatuta daude. Eskaera honi konponbidea bilatzea da planaren helburua, etxebizitza-eskubidea bermatzeko eta galdakoztarrek bizi proiektua herrian garatu ahal izateko», nabarmendu du alkateak.
Hutsik dauden etxeak alokairuan jartzeko neurriak martxan jartzea ere aurreikusten du planak, izan ere, «Galdakaon 961 etxebizitza hutsik daude ofizialki».
Plangintzaren beste zutabeetako bat hiri-sarea optimizatzea da eta horretarako Eusko Jaurlaritzak Galdakaoko Udalarekin lankidentzan udal-ordenantzak eguneratuko dituela azaldu du De los Toyosek: «Kontua ez da eraikitzea bakarrik, daukaguna hobeto aprobetxatzea baizik».
Sailburuordeak Aperribai gune tentsionatu izendatzearen garrantzia azpimarratu du, «ez bakarrik alokairuen prezioak mugatu ahal izango direlako, baizik eta Galdakaok arazo bat duela aitortu eta hau konpontzeko neurriak hartzen hasi garelako honekin». «Izendapen hau jaso duen Bizkaiko bigarren udalerria da Galdakao, Barakaldoren ostean», azaldu du.
«Etxebizitza gizarte-ongizatearen funtsezko zati bat da, eta dauden etxebizitza-eskaera mota guztiei erantzun nahi diegu. Eskatzailea babestu nahi dugu, etxebizitza bat eskuratzeko erraztasunak emanez ahal bada, eta hori ezin bada bizitoki bat eskuratu ahal izateko laguntza ekonomikoekin, hala nola Gaztelagun eta Emantzipa programekin», nabarmedu du De los Toyosek.