
Ibon Lopez de Letona: «FIBA Europa Kopa irabaztea merezi genuela sentitzen dut benetan»
Ibon Lopez de Letona, Bilbao Basketeko entrenatzaile laguntzailea
BINKE / 2025eko maiatza
«Beti izan dugu presente Bizkaia osoaren izenean jokatzen dugula»
· Ibon Lopez de Letona Lezameta
1994, Galdakao
Gizarte Hezkuntza ikasi zuen eta Bizgarri elkartean egiten du lan, haurrak babesik gabe dauden kasuetan familian esku-hartzeko programan. Saskibaloi entrenatzailea da ere, eta aurten FIBA Europa Kopa irabaztea lortu du Surne Bilbao Basketekin. Horren aurretik, Ibaizabal Saskibaloi Taldean aritu zen urte luzez, kategoria ezberdinetan.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Egun historikoa bizi zuen Bizkaiak apirilaren 23an. Aurten 25. urteurrena ospatzen ari den Surne Bilbao Basket talde bilbotarrak Europa mailako lehen txapelketa eskuratu zuen, FIBA Europa Kopa, PAOK Tesalonika talde greziarra garaitu ostean. Txapeldun talde hau nazioarteko jokalari eta profesionalek osatzen dute, eta baita galdakoztar batek: Ibon Lopez de Letonak, Jaume Ponsarnau entrenatzailearen laguntzaileetako batek. Gaztearekin hitz egin dugu esperientzia historiko honen eta bere ibilbidearen inguruan.
Ajearekin oraindik? Bueno kostata ere ajea pasatu dugula uste dut, jajaja! Ohikotasunera itzuli behar izan dugu bizkor, talde moduan beste helburu batzuk genituen eta. Hori bai, horrelako lorpen bat ospatu behar den moduan ospatu dugula zin dagizut!
Lorpen historikoa izan da Bilbao Basketentzat eta saskibaloi bizkaitarrarentzat. Kontziente zarete jada? Hasieratik eman diogu garrantzi handia FIBA Europa Kopari eta beti izan dugu presente Bilbo eta Bizkaia osoaren izenean ere jokatzen dugula. Hala ere, finalerako sailkapena lortu genuen egun horretan bertan konturatu ginen benetan titulua lortzeak izan ahal zuen garrantziaz. JDA Dijonen aurkako final aurrekoan 19 puntuko kontrako errentari buelta ematea itzela izan zen. Eta finala hurbildu ahala, argiago ikusi genuen, zaleen indarra hurbil hurbiletik sentitu dugu. Nik neuk behintzat, ez nuen espero taldeak horrelako babesa, omenaldiak eta zoriontzeko adierazpen guzti horiek jasoko zituenik titulua lortu ondoren. Urteekin, are gehiago baloratuko dugu lortutako titulua.
Zer sentitu zenuen epailearen txistua entzun zenuenean amaiera adierazteko? Kriston poza eta harrotasuna. Partidu horretan bizi izan genuen kontrako giro horri aurre egitea eta partidua irabaztea itzela izan zen, partidu itzela egin genuen. Ez dut uste horrelako partidurik, eman zen egoeran, berriro jokatzeko aukera izango dudanik: PAOKeko zaleen jarrera, zarata, baimendutako baino lagun gehiago egotea harmailetan, bertatik bota ziguten dana, kiroldegian zegoen kea… benetan adierazezina! Baina lortu genuen. Taldeko kide guzti-guztiek, eta, azkeneko urteetan, baita klubak berak, lan ikaragarria egin dute honaino iristeko. Benetan sentitu nuen merezi genuela. Tesalonikara hurbildu ziren zale guztiengatik ere asko poztu nintzen, gainera galdakoztarren bat bertan ere gurekin bazegoela uste dut.
Nor izan zen momentu horretan besarkatu zenuen lehen pertsona? Egia esan ez dut ondo gogoratzen, partiduko azkenengo minutuak tentsio handiko uneak izan ziren eta. Xavi Rabaseda, kapitaina, eta Tomasz Gielo nituen alboan, eta seguraski, eurekaz izan nuen lehenengo besarkada hori. PAOK-eko entrenatzaileak agurtu ondoren, besarkada gure staff osoaren artekoa izan zen. Hala ere, bereziki gogoratzen dut Bassala Bagayokorekin elkartu nintzen momentua, azken urteetan asko sufritu izan duen jokalari gaztea da eta berarekin batera hainbeste ordu eman eta gero, asko poztu ninduen hain pozik ikusteak. Une oso berezia bizi izan genuen, ahaztezina!
Garaipenaren ostean ospakizun erraldoia izan zenuten Bilbon. Nola gogoratzen duzu? Lorpenaren osteko egun horiek gogoratzeko modukoak izan ziren benetan. Irabazi eta lehenengo momentutik hasi genituen ospakizunak, baina bereziki oroigarria da Bilbon bizitakoa. Jende asko egon zen animatzen bai udaletxean eta bai Aldundiaren eraikinean eta horien artean, hainbeste maite ditudan nire familia, amama, nire lagunak, saski baloiaren munduko jendea… Niretzat oso hunkigarria izan zen horrelako ospakizun bat nire hurbilekoekin ere bizi ahal izatea. Urte guzti hauetan saskibaloiagatik sakrifizio eta esfortzu handiak egin behar izan ditudan arren, beti sentitu ditut nire alboan; entrenatzailearen rol horren atzean dagoen Ibon horretaz arduratu eta zaindu naute.

Imajinatzen zenuen hainbeste jende joatea zuekin batera Bilbora ospatzera? Ez nuen aurretik pentsatu zenbat jende egongo zen, baina Bilbao Basketeko zaleak beti izan dira oso leialak. Beraz, argi neukan gurekin egongo zirela une horretan ere, izan zuten jarrera eskertzekoa da. Jarrai dezatela animatzen orain arte bezala! Miribilla taldearekin dagoenean asko igartzen du taldeak.
Jokalariak izaten dira garaipenen protagonistak baina, zelako garrantzia duzue teknikariek? Hori da, jokalariak dira kirol honen benetako protagonistak, azkenean eurek dira partiduak jolasten dituztenak. Hala ere, entrenatzaileok eta staff-eko beste kideek egiten duten lana erabakigarria eta bereizgarria izan daitekela uste dut. Izugarrizko lan eta prestakuntza handia dago entrenamendu eta partidu bakoitzaren atzean, eta zuzentasunez egiten denean, emaitza positiboak izateko aukerak askoz handiagoak dira. Lan potoloa egin du talde honek denborali honetan.
Zein da zure papera Jaume Posnarnau buru izan duen talde teknikoan? Entrenatzaile laguntzailea naiz eta beste kideen moduan, zeregin bat baino gehiago ditut taldean. Zeregin nagusia jokalarien banakako garapenaren ardura da, egunero lantzen ditugu indibidualki zenbait jokalarik hobetu zein potentzializatu behar dituzten gaitasunak. Gaur egun garrantzi handia ematen hari zaio saskibaloiaren munduan Estatu Batuetatik jasotako ideia honi. Jokalariek eurek ere eskatzen dute, egunero entrenatu eta hobetzeko desira baitute. Banakako lanketa honi esker, emaitzak azkar eman daitezke jokalarien garapenean. Horretaz aparte, taldearen errendimenduarekin zerikusia duen analisia egiten dut.
Nola suertatu zitzaizun Bilbao Basketen lehen taldean entrenatzeko aukera? Bilbao Basketen zazpi denboraldi bete ditut aurtengo honetan. Klubeko Junior mailako taldearekin bost denboraldi eta beste hainbat proiekturekin egon eta gero, Rafa Pueyo (Kirol Zuzendaria) eta Jaume Ponsarnau hurbildu zitzaizkidan lehenengo taldean entrenatzaile figura berri bat sortu eta ezarriko zela esanez, eta horretarako, nigan pentsatu zutela. Egia esan ez nuen espero, oso finkatuta nengoen harrobian. Baina, ezin ezetz esan horrelako aukera motibagarri bati! Beti eskertuko diet nigan hasieratik izan duten konfiantza.

Entrenatzaile eta bizkaitar moduan, amets bat izango da Bilbao Basketen aritzea, ezta? Txikitatik saskibaloi zale amorratua izanda, argi dago Bilbao Basketek fitxatu ninduen momentutik berezitasun hori beti bizi izan dudala. Niretzat benetan polita izan da klubak bere harrobiaren sorkuntzan eta garapenean lehenengo egunetik lan egitea, urte oso sutsuak izan dira. Bizkaia eta Bilborentzat aurrerapauso handia izan dela uste dut. Hala ere, inoiz ez da nire helburua izan Bilbao Basketen edo mundu profesional horretan aritzea. Horrela suertatu da. Beraz, ametsa zela esango banu, gezurretan ibiliko nintzateke. Eguneroko bideaz gozatzen saiatzen naiz, etorkizunean asko pentsatu gabe.
Aurretik ere, hainbat taldetan ibili zara entrenatzaile moduan. Non zehazki? Ibaizabal Saskibaloi Taldean ia kategoria guztietan aritu naizela uste dut; harrobiko txiki txikienetatik, emakumezkoen lehenengo taldera arte. Ondo lagunduta egon naiz urte guzti hauetan, eta entrenatzaile itzelengandik asko ikasteko aukera izan dut. Horrez gain, Bilbao Basketen, junior mailan eta klubeko bigarren taldearekin aritu naiz. Uda honetan, klubaren barne, 3×3 modalitateko BILBAO Miners gizonezko zein emakumezkoen entrenatzailea ere izango naiz. Oso motibatuta nago horrekin modalitate erakargarria baita. Horrez gain, klubetik kanpo, Bizkaiko selekzioetan aritua naiz eta EHU-ko mutilen eta nesken taldeko entrenatzailea ere izateko ere aukera izan dut. 13 urte nituenetik nabil honetan, beraz, badira urteak… jajaja.
Zelan gogoratzen duzu Ibaizabal Saskibaloi Talde galdakoztarrean emandako denbora? Ume txikia nintzenetik 22 urte nituenera arte egon naiz Ibaizabalen. Haurtzaroaren zati bat, gaztaroa eta heldutasunerako bidea ere bizi izan ditut klubaren barne. Zeregin ezberdinak izan ditut urte horietan guztietan (kirol zuzendaria, koordinatzailea, jokalaria, arbitroa, zalea…) eta, beraz, oroitzapen ugari ditut ere. Maitasun eta estimu handiz gogoratzen ditut denak. Jokalari eta entrenatzaileaz gain, pertsona moduan osatu naiz eta nire lagunik onenak ezagutu izan ditut bertan. Betirako gertu izango ditudan horiek, familia modukoak. Ibaizabalen partiduren bat ikusten dudanean, ume zein nagusiena, oraindik ere oilo ipurdia jartzen zait.
Europa Kopako garaipena alde batera utzita, zure ibilbideko partidaren bat gogoratzen duzu bereziki? Gure herriko taldea den Ibaizabalekin lortutako Emakumezkoen Lehengo Ligara igotzeko partidu hori ez dut inoiz ahaztuko. Hori bai ametsa! Galdakaoren izenean estatu osoan zehar lehiatu ahal izatea oso baliotsua izan zen. Horrez gain, lorpen hori emakume kirolari horiek txikientzat ere erreferente bilakatzeko aukera ekarri zuen. Horretaz aparte, sei urtez, txiki-txikitatik entrenatutako galdakoztarrez beteriko taldearekin Euskadiko Txapeldun izatea kristoren berezia izan zen ere. Talde errepikaezina. Gainera, nire eskola izan zen Gandasegiko izenarekin geratu ginen txapeldun, borobila! Azkenik, Bilbao Basketekin bizitako Espainiako txapelketa guztiak ere bereziak izan direla esango nuke, pertsona talde politak izan ditut beti, asko gozatu dugu batera.
Eta entrenatzea bereziki ilusioa egin dizun jokalaririk? Ilusio handiz entrenatu ohi ditut jokalari denak, profesionalak zein besteak. Nire lanean ez dago ezberdintasun handirik. Entrenatu ditudan jokalari guzti-guztiak ditut bihotzean, bakoitza bere istorio bakarrarekin. Hala ere, azkenengo bi urte hauetan banakako entrenamenduak egiteak asko hurbildu nau jokalari batzuengana. Horrela, etorkizun handiko bi jokalari gazte aipatuko nituzke: Thijs De Ridder eta Bassala Bagayoko. Lotura sendoa sortu dugu elkarren artean. Horietaz gain, Unai Barandalla bilbotarra aipatuko nuke.
Zer izan behar du entrenatzaile on batek? Galdera zaila hori… Gaur egun gaitasun anitz izan behar dituela uste dut. Agerikoa izan daitekeen saskibaloiari buruzko ezagueraz eta formakuntzaz aparte, ideiak argi adierazteko, taldea kudeatzeko eta lehiatzeko gaitasuna behar duela uste dut. Eta garrantzitsuena pasioa. Bueno eta dedikatzeko ordu asko, jajaja. Entrenatzaile baten lana ez da inoiz gelditzen.
Jokalariekin harreman ona izatea ere garrantzitsua da? Gizarte hezitzailea naizen eta pertsonekin lan egitera ohituta nagoen heinean, argi daukat eraikitzen den harremana funtsezkoa dela. Erlazio on horrek jokalariaren ardura, gabezia eta beharrizanak ulertzera hurbildu zaitzake, eta horrela, landu beharrekoa zehatzago jorratu. Talde lana ezinbestekoa da, eta entrenatzailea ere da talde horren parte. Ezin dugu ahaztu jokalari izatearen gainetik pertsonak direla, eta nire kasuan, hezitzaile eta entrenatzaile rolak batera doaz beti.
Zein aholku emango zenioke entrenatzailea izan nahi duen gazte bati? Lehengo eta behin, gazte hori zorionduko nuke, egingo duen hori benetan garrantzitsua dela uste dudalako. Egunerokotasunaren kontuez gozatzera animatuko nuke, eta horrez gain, bereziki ume edo gazteak entrenatuko baditu, esango nioke euren erreferentea izan daitekeela. Gainera, entrenatzaile garen gehienok prest gaude gazteei laguntzeko, gurekin ere berdina egin zuten eta. Beraz, interesa duten horiek mugi daitezela ikasteko grina hori galdu gabe! Ni behintzat, horretarako prest nago, hurbildu daitezela lasai. •
