
«Aho bizi eta ‘hogar’-etan bizi», Irati Bediaga
Ertzetatik
Irati Bediaga Rementeria
BINKE / 2025eko maiatza
Euskaraldia igaro da. Beti Aho Bizi izan naizena argi izan dut. Asierrek duela aste batzuk horrek dakarren konpromisoa azaldu zidan: hamaika egunetan zehar BETI euskaraz aritzea, erdaldunei ere lehen hitza euskaraz luzatzea. Orduan agian %100ean Aho Bizi inoiz izan ez naizena ohartu nintzen. Ez horrenbeste besteen ez-jakintasunagatik, bai ordea nire gabezi propioengatik. Gabezia inguru euskaldunetan, ezagun euskaldunekin, osotasunean euskaraz bizitzeko.
Apur bat errudun sentitu naiz eta erruaren pisua arintze aldera, duela hilabete batzuk Bira kulturguneko kafe filosofikoan izan genuen solasaldia gogoratu dut. Borobilean elkartzeko gai-aitzakia: «Zer da etxe bat?». Eraiki genuen, des-eraiki ere bai, galdu ginen, aurkitu ere bai. Aurkitu ez genuena ‘hogar’-en euskarazko itzulpena izan zen. Zeren denok dakigu etxeetan beti ez dagoela hogar. Eta hogar-ak hizkuntza denetan eduki beharko luke espazioa, nahiz eta bakoitzak espazio hori bere modura hauteman.
Zeren garbiketa orokor berdinetan, batak tramankulu zahar guztiak botatzen ditu nostalgirekin bizitzen ez dakielako eta bestea ez da tramankulu bakarra ere botatzeko gai, nostalgia barik bizitzen ez dakielako.
Zeren eztabaida berdinetan, batak oihu, ulu eta mañak lau haizetara hedatzen ditu, trapu zaharrak aireratuta barruak garbiago geratzen direlakoan. Besteak marmar xumeena ito eta malko bakanak isuri ahal izateko txorrota zabaltzen du, trapu zaharrak etxearen intimoan geratuta, kanpokoentzat tankera garbiagoa izango duelakoan.
Zeren egunaren amaiera berdinean batak lagunak kozinatutako afaria eta txakurraren mimoak eskertzen ditu eta besteak izozgailutik ateratako hur-izozkia eta liburu on baten arkupea.
Hitzen itzulpenetara bueltatuz, beharbada hizkuntza gutxituen halako hutsune-uzkeriekin jabetzeko aukera nire pribilegio handituek eman didate. Baliteke continentea bermatuta dudalako hasi naizela contenidoan sakontzen.
Badaude baina continentea ukatzen zaienak ere, galdetu bestela Marisol eta bere alabari. Badaude continentea inposatuta dutenak ere, galdetu bestela Jon Bienzobas edo Jose Alfredo Mirandari.
Ni epeltasun motak aztertzen, beraiek lau hormen eskubidea eskatzen, edo lau hormek eragiten dieten eskubide urraketa salatzen.
Eta artikulotxo hau idazteari esker konturatu naiz, inungo hiztegitan begiratu gabe, continenteari «lau horma» izena jartzeko eta contenidoa «epeltasun» izendatzeko gai izan naizela.
Beraz bai, aurtengoan lortuko dugu, aitzakiak utzi, zailtasunei arrakalatxoak sortu eta ‘hogar’-ak euskalduntzea. Estrategia guztiak zilegi: jakituriatik, sormenetik, liburuetatik, gorputzetik…