Aitor Zelaia: «Autokonplazentzia handia daukagu hezkuntza sisteman»
Aitor Zelaia, irakaslea
BINKE / 2021eko urria
«Autokonplazentzia handia daukagu hezkuntza sisteman»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Aitorren artxibokoa
Hezkuntza sisteman aldaketak omen datoz. Aitor Zelaia galdakoztarra irakaskuntzan dabil 2015etik eta Filosofia eta Historia irakasle dabil. Berari galdetu dio Binkek hezkuntzan datozen aldaketen inguruan.
Polemika piztu du Espainiako Gobernuak hezkuntzaren legean egin gura duen aldaketak. Aldaketetariko bat Filosofia irakasgaian dago, eta horren aitzakian Filosofiako irakasle den Aitor Zelaia (1990, Galdakao) ezagutu dugu.
Zer ari da gertatzen espainiar estatuan hezkuntzarekin? Herrialdea demokrazian sartu zenetik zortzigarren Hezkuntza Legea planteatu zen 2020ko abenduan, Celaá-ren LOMLOE legea. Lehenago, 2006ko LOE legea moldatu zuen PPk 2013an Wert ministroaren LOMCE legearekin.
LOMLOEk ba al du eraginik EAEn? Noski, espainiar estatuko legeek markatutako oinarrizko irizpideak jarraitzen dira erkidego guztietan. Egia da hizkuntza koofiziala izateak autonomia gehiago ematen digula hainbat alorretan. Gurean ere Euskal Hezkuntza Lege berria sortzeko asmoa dago 2023rako, indarrean daukaguna 1993koa baita.
Zer eragin izan dezake LOMLOEk gure ikastetxeetan? Badirudi hainbat aldaketa dakartzala legeak. Bi aipatzearren, batxilergoko modalitate berriak sortuko dira —hirutik bostera pasako gara— eta hautazko eta derrigorrezko irakasgaietan moldaketak datoz. Orokorrean hautazko gehiago eskainiko dira eta, besteak beste, Filosofiaren Historia berriz derrigorrezkoa bihurtuko da ikasle guztientzat bigarren batxilergoan.
Azkenaldian gure ikasleen euskararen maila eta ereduen modeloaren (A-B-D) inguruko kezkak adierazi dira medioetan. Zergatik? Arazoa argi dago, D ereduan irakasgai gehienak euskaraz izan arren ez du gure hizkuntzaren kalitatea eta erabilera ziurtatzen, pentsa gainontzeko ereduetan. D ereduko ikasle gehienen euskara maila negargarria da eta erabilera salbuespena. Arazoa ez da soilik eskolarena, ikasle gehienen aisialdia ez dago euskararekin lotua, baina eskolak askoz gehiago egin dezake zinez gabeziak aitortu eta anbiziodun planteamenduekin.
Desadostasunak eta ezegonkortasunak egon arren, badirudi orokorrean emaitzak onak direla. Bat al doa ikastetxeko errealitatearekin? Autokonplazentzia handia daukagu hezkuntza sisteman, erraza da ikasle ez konpetenteak gainditzea maila jaitsiz. Sentitzen dut hau esatea baina nire ustez, eta orokorrean, kanpoko ebaluazioen arabera —PISA, Ebaluazio diagnostikoak—, gure ikasleen konpetentzia maila ez doa bat erabilitako errekurtsoekin. Ikasleak gainditzen ditugu baina gure burua agian ez genuke gainditu behar.
Ze proposamen egingo zenituzke gure hezkuntza sistema hobetzeko? Gure hezkuntza sistemak arrakala sakonak ditu. Hauek onartu eta erabaki ausartak eta epe luzera begiratzen dutenak hartu behar dira. Berebizikoa da langileria egonkortzea, irakasleen herena da berria ikasturtero eta ordezko falta lotsagarria da. LH indartu behar da, ikasleen irakurmen, idazmen eta kalkulatzeko gaitasuna ez da oro har egokia DBH 1era heltzean. Gainera, zuzendaritzak babestu eta zentroei autonomia gehiago emango nieke. Era berean, gizarteko balio krisia eta familiek pairatzen dituzten arazoei ere heldu behar diegu. Hezkuntza formala gainezka egiten dago eta hezkuntza eskolatik askoz harago doa. Errepikatzeak, selektibitateak edo irakasle «akomodatuek» ere hausnarketa sakona merezi dute.