
Euskaldunen kontzentrazio-esparrua, bertatik bertara
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Nagore Ferreira eta Yolanda Larrea
Galdakao Gogora Elkarteak Gurs kontzentrazio-zelaiko memorialera irteera antolatu du urriaren 4rako. Honen inguruan gehiago ezagutzeko helburuz, ondoko testua prestatu du Nagore Ferreira Zamalloa elkarteko kideak.
Euskal Herritik hur, Zuberoatik urrun barik, dago Gurs herria. Han, 1939an, kontzentrazio-esparru erraldoia eraiki zuten, gerratik ihesi zetozenak hartzeko. 6.500 euskaldun heldu ziren bertara. Eta tartean zeuden, sikeran, sei galdakoztar.
Galdakaotik ordu bi eta erdira besterik ez dago Gurs, etxetik benetan hurre daukagu eta halanda ere, ezezaguna zaigu.
Gure historia ere baden Gurseko kontzentrazio-esparru hori ezagutzeko egun osoko bidaia antolatu du Galdakao Gogorak urriaren 4an.
Joan-etorria autobusez egingo dugu, eta bertan Jabi Bilbao gaian aditua izango dugu gidari eta hizlari. Iazko maiatzean, urtero antolatzen dugun memoria historikoaren inguruko jardunaldietan, hain zuzen ere, Bilbaok ‘Gurs kontzentrazio-esparrua’ berbaldia eskaini zuen.

Historia ezezagun eta iluna. Gurseko esparruak historia ezezagun eta iluna dauka. Bartzelona tropa nazionalen esku geratu ostean, milaka lagunek Frantzia aldera egin zuten ihes, gerra eta errepresio frankista atzean utzi guran.
Baina, Frantziak, ustez eskubide eta askatasunek herrialde eredu zenak, gaizkile legez sentiarazi zien, eta begirune barik eta baldintza benetan gogorretan hartu zituen. Hasiera baten, Rossellóko hondartzetan antolatutako esparruetara eraman zituzten eta handik Gursera joan ziren.
Gurseko kontzentrazio-esparrua 1939an eraiki zen, euskaldunak, nazioarteko, brigadistak eta aireko armada errepublikanoko kideak hartzeko. ‘Camp des basques’ —euskaldunen esparrua— esaten zioten ere. 42 egunetan prest zegoen. Barrakoiak, baina, ez zeukaten ez oherik, ez armairurik ez ezer, eta kanpoan lupetza orkatiletaraino zegoen.

Sei galdakoztar Gursen. Euskal Herri osoko jendea egon zen Gursen, Galdakaokoak ere bai. Galdakao Gogorak batutako informazioaren arabera, Gursen izan ziren gure herriko Domingo Egileor Uribarrena, Ramón Gandarias Larrinaga, Francisco Larrinaga Zamalloa, Francisco Rodríguez Martín, Juan Ruíz Antón eta Miguel Zenarruzabeitia Aboitiz. Gehiago ere izango ziren, beharbada, baina ez dugu datu gehiagorik lortu. Ezer gutxi dakigu han bizitakoaz, eta ostekoaz ere.
II. Mundu Guda sasoian, nazien okupazioaren ondorioz, Gursek beste aro bat hasi zuen. Atzera ere kontzentrazio-esparru moduan hasi zen funtzionatzen, eta han sartu zituzten juduak, ijitoak, brigadistak, emakumeak, umeak… Euretariko asko eta asko Auschwitzeko deuseztatze-esparrura bialdu zituzten.
Denetara, 1939 eta 1944 urteen artean, 61.000 lagun batu ziren Gursen, euretariko 6.5000, euskaldunak. 1950ean behi betiko zerratu zuten, barrakoiak erre eta arbolak landatu zituzten.
Hainbat hamarkadatan guztiz ahaztuta egon ondoren, 1979an, inguruko herritar eta elkarteak esparruaren memoria berreskuratzen hasi ziren.
Eta bertara joateko proposamena egin gura du Galdakao Gogorak, gure memoria ere baden Gurseko esparrua bertatik bertara ezagutzeko. •
