Julen Gabiria Maus komiki historikoa itzultzen ari da
Literatura
BINKE / 2022ko urtarrila
Julen Gabiria Maus komiki historikoa itzultzen ari da
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarraren etxeko estudioan sartu da Binke, komikigintzaren barruan eleberri grafikoen abiapuntutzat hartzen den Maus liburua euskarara itzultzen ari denaren berri jasotzeko.
Bere ohiko lanpostuan bi hilabeteko eszedentzia eskatu du Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarrak, naziek juduen aurka egindako jazarpena gai nagusi duen Maus komiki historikoa euskarara itzuli ahal izateko.
Sortzez ingelesez sortu zen liburu edo eleberri autobiografikoa da Maus, Art Spiegelman suediar-estatubatuarrak egindakoa, 1977an atalka kaleratzen hasitakoa eta 1991n amaitutakoa. Komiki eran argitaratutako lana izan zen Maus, eta eleberri grafikoen aitzindari hartzen dute askok.
Lan honen istorioa egilearen beraren esperientzietatik eta judu poloniar eta Holokaustotik bizirik atera zen aitari egindako elkarrizketetatik abiatuta garatzen du Spiegelmanek 300 orrialdetan. Pulitzer saria irabazi zuen lehen eleberri grafikoa izan zen, 1992an.
Orain, hamaika hizkuntzatan argitaratuta dagoen komikia euskaratu egin gura du Astiberri argitaletxeak —komikigintzan espainiar estatuko argitaletxerik garrantzitsuenetakoak— eta azaroan Julen Gabiriari itzultzeko enkargua egin zioten.
«Prozesuan» dago orain Binkeren ohiko kolaboratzailea, eta hedabide honi azaldu dio ekaina hasierarako itzulpena amaituta izatea espero duena. Itzultzailearentzat lan «berezia eta inportantea» dela ere aitortu du: «Etxean komiki asko daukadaz, eta bat hori da, erreferente moduan daukadana gainera». Horrela ba, galdakoztarrak «birritan pentsatu barik baiezko borobila» eman zion argitaletxeari, «diru kontuen inguruan berba egin aurretik be!», dio pozik.
Komiki historiko hau euskarara itzultzeko erabakiarekin, Astiberrik «txapela kentzeko moduko apustua» egin duela ere azaldu dio Gabiriak Binkeri, «euskaraz argitaratu ahal izateko eskubideak erosi behar izan ditualako lehenago».
Aurretik itzulpen ezagunak egin baditu ere —bereak dira Peter Pan-en, Ander Izagirreren eta Bernardo Atxagaren hainbat libururen edota gero pantaila handira eraman zuten Coraline liburuen euskarazko itzulpenak, esaterako—, «erronka polit bat» bezala hartu du Maus itzultzeko enkargua Julen Gabiriak: itzuliko duen lehenengo komikia izango delako batetik, eta «hizkera barri bat» asmatzeko hausnarketa eta erabakia hartu beharko duelako bestetik, jatorrizko bertsioan pertsonaia batek ingeles kaskarrez berba egiten duelako eta beraz, berak ere euskara kaskar bat asmatu beharko duelako.
Argitaletxetik oraindik jakinarazi ez badiote ere, Mausen euskarazko bertsioa urte bukaerarako kalean egotea aurreikusten du idazle galdakoztarrak.