Kirol-kartutxoak egiten dituen atala erabat itxiko du Maxam enpresak
Ekonomia
BINKE / 2022ko urtarrila
Kirol-kartutxoak egiten dituen atala erabat itxiko du Maxam enpresak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Binkeren artxibotik, 2021eko martxoan egin zuten grebakoa
Kirol-kartutxoen atalean 60 langile ditu Maxam enpresak Zuhatzuko lantegian, eta atal hau itxi gura du martxoaren 1ean Rhone Capital multinazional estatubatuarrak. Funts pribatu hau zein den eta atal honen itxieraren atzean dagoena deskubritzen saiatu da Binke albiste honetan.
Lehergaien fabrika ezaguna langileen berregituratzea egiten hasi zen iaz Maxam talde osoan, eta plan horrek Galdakaoko lantegiari ere eragingo ziola sumatzen zuen bertako langileen gehiengoak. Sumatzen zuten hori errealitate bilakatu da gaur: lantegian kirolerako kartutxoak egiten dituen atala itxi egingo dute, erabat. Hala adierazi dio zuzendaritzak enpresa-batzordeari.
Hiru linea ditu Maxamek: zibila, kirola eta defentsa. Zibilean hirigintzan erabiltzeko bolbora eta lehergaiak egiten dituzte —zubiak edo etxeak eraisteko, adibidez—, kirolean ehizarako eta plater-tiroketarako kartutxoak eta defentsan armagintzarako lehergaiak eta bolbora sortzen dituzte.
Galdakaoko Zuhatzun kokatuta dagoen lantegi historikoan ez dute defentsarako atalik —atal hau lantzen duen fabrika gertukoena Burgosen du Maxamek—, baina bai ordea beste biena, zibila eta kirola.
Binkek enpresa-batzordeko kide batekin egin du berba —UGT, CCOO, Six eta ELA sindikatuak dira horren parte—, zuzendaritzaren erabaki honen zergartia gertutik ezagutzeko.
Langileak onartu egin du gero eta ehiza gutxiago praktikatzen dela eta gutxi direla plater-tiroketan aritzen direnak. Horregatik, ulertzen du berregiturak egin behar izatea, «baina ez atal hori erabat ixtea, horren atzean badagoelako beste arrazoi lodiago bat», adierazi dio Binkeri, eta arrazoi hori zein den argitu: «Enpresak kirol-kartutxoak ere sortzen dituen Dino Nobel enpresa frantsesari saldu gura dio atal hau, honek atala utzi eta bera izan daiten Europan kirolerako kartutxoak saltzen dituen enpresa bakarra».
Martitzenean hasiko dituzte negoziazioak, eta «enpresa-batzordetik atalaren gutxieneko aktibitatea mantentzea exijituko dogu; eta bestela, langileen %100 beste lanpostu batzuetara bideratzea». Zuzendaritzak aurreratu egin die ikusteke dagoela zenbat eta zelan langile ahal izango dituzten beste lanpostu batzuetara bideratu.
Guztira 65 langile daude kirol-kartutxoak eta bolbora atalean Galdakaon, eta beste 70 langileri eragiten die atal hau ixteak, atal zibiletik itxi gura duten atal horrentzako ere lan egiten dutelako.
Enpresaren asmoak aurrera badoaz, aurtengo martxoaren 1erako itxiko dute Outdoor izenez ezagutzen duten Maxameko atal hau.
Zein da Maxamen nagusi?
Alfred Nobelek 1872an fundatu zuen enpresa historiko honek, 2019ra arte bere kapitalaren %55 espainiar estatuan eta langile-bazkideen artean zuen banatuta, eta akzioen gainontzeko %45 kanpoko funtsei saltzen zien beti.
Aipatutako urte horretan aldiz, 2019an, Rhone Capital multinazional estatubatuarrak akzioen %45 erosi zuen, baina proiektu honen parte izatera sartu zenean, enpresak zituen arazo ekonomikoez ohartu eta pixkanaka-pixkanaka gero eta kapital handiagoren jabe izaten hasi zen. Gaur, «enpresak espainiarra izaten jarraitzen badau be, kapitalaren %85 Rhone Capital funts pribatuarena da», aitortu dio enpresa-batzordeko kideak Binkeri.
Kapitalaren ehuneko handi horretaz baliatuz, Rhone Capital lan-erregulazioak egiten hasi zen 2020aren bueltan —horren lekuko izan ziren Galdakaoko langileak 2021eko martxoan, eta horregatik egin zuten egun osoko greba—, eta 700 langile inguru kaleratu ditu urte gutxitan espainiar estatu osoan.
Orain, lantegi galdakoztarreko Outdoor —edo kirol saila— Frantziako Dino Nobel konpetentziari saldu gura dio, «honek itxi eta frantsesa izan daiten kirol-kartutxoen salmentan Europako bakarra», salatu dio langileak hedabide honi. Europan lehenengoa da Maxam bolbora eta lehergaien sorkuntzan, eta erakunde frantsesa bigarrena. Salmenta honekin, beraz, «Dino Nobel geratuko da kirol-kartutxoen fabrikazioaren monopolioagaz, eta ez dakigu horrek ez ete dauan merkatuaren konpetentzia-askatasunaren kontra egiten», salatu du langileak.
Datozen asteetan erabakiko du Jose Manuel Vargas —AENAko presidente ohiaren— Rhone Capital multionazionalaren Espainiako zuzendariaren taldeak zer egin Galdakaoko langile guzti horiekin.