BIDEOA | Jaurlaritzak merituaren aitortza egin dio Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteari
Larrialdiak eta babes zibila
BINKE / 2022ko otsaila
Jaurlaritzak merituaren aitortza egin dio Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteari
TESTUA ETA IRUDIAK: Jon Gomez Garai
GBGEk merituaren plaka jaso zuen atzo Arkaute akademian, Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuaren, Rodrigo Gartzia sailburuordearen eta Fernando Izagirre Larrialdietako zuzendari galdakoztarraren eskutik. Bertan izan zen Binke, eta bideotxo honetan laburtu ditu ekitaldiaren irudiak eta Erkorekaren zein GBGEko koordinatzailearen berbak.
Larrialdien eta babes zibilaren arloan egindako ekintza solidarioak urtero aitortzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Merituei egindako aitortza hauek dominen bitartez egin ohi ditu, eta talde zein elkarteen kasuan plaka-diplomak eskaintzen ditu.
Jaurlaritzak 11 domina eta plaka-diploma bakarra eskaini zituen atzo, otsailak 12, Gasteizko Arkaute akademian egindako urteko ekitaldian. Saioak Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Fernando Izagirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako zuzendari galdakoztarra izan zituen buru.
Bada, eskainitako plaka-diploma bakar hori Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteari eskaini zioten, «La Palma uhartean Cumbre Vieja sumendiaren erupzioak teilatu, ate eta leihoetan eragindako errautsa garbitzeko lanetan egindako lan boluntarioagatik».
Agertokira Alvaro Saiz elkarteko koordinatzailea igo zen taldearen ordezkari, baina lagun izan zituen Ainhoa Crespo eta Kike García taldekideak. Taula gainean La Palmara joatearen zergatia azaldu zuen boluntario galdakoztarrak, eta Binkeren kameraren aurrean berriz aitortza hori elkarteko 270 bolondresei eskainitakoa dela adierazi, «baina bereziki emakumeei, boluntarioen gehiengoa emakumeak baitira». Binkeren kameraren aurrean ere Erkoreka sailburuak GBGE elkartea omentzearen arrazoia azaldu zuen.
Aitortutako gainontzeko kideek domina bereizgarriak jaso zituzten, eta euren artean izan ziren Mouhammad Diouf —iazko ekainean 72 urteko gizon bat Bilboko ibaian itotzetik erreskatatu zuen senegaldarra—, Iñaki Agirre —Orioko hondartzan ustekabean itsasora erori zen parapentelari bat erreskatatu zuen surflaria—, Ye Traore —bere ama etxean erditzen ari zela 112 larrialdietara deitu zuen 10 urteko neskatila— eta beste herritar batzuk egoera oso larrietan lagundu edota salbatu dituzten hamaika boluntario.
Gainera, Babes Zibileko kideak ere zoriondu eta omendu egin zituzten atzo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Bertara gerturatu zen Binke, eta sarrerako bideoan laburtu du goizak eman zuena.