Ane Baranguan: «Amets bat? Duda barik, Dakarra egitea!»
Ane Baranguan, Drift gidaria
BINKE / 2022ko otsaila
«Amets bat? Duda barik, Dakarra egitea!»
TESTUA: Leire Regadas Callejo
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Autoen drift modalitatea rally-aren parekoa da, baina zirkuituan egiten dena. Bada, Eskuko Drift Rally taldeko kidea da Ane Baranguan usansolotarra, eta autoarekin zelan eta zertan aritzen den kontatu digu.
Derrapez derrape, autoa kulunkatzen den bitartean hura kontrolatzeko trebetasuna neurtzea maite du Ane Baranguanek (Usansolo, 1990). Pixkanaka, guztiz eraldatu du bere BMWa. Eskuko Drift Family-ko kidea da eta sare sozialen bitartez ematen du ezagutzera bere pasioa, genero rolak eta aurreiritziak irauliz.
Nondik datorkizu autoekiko zaletasun hori? Txikitatik gustatu izan zait motorraren mundua, beti eskatzen nien gurasoei jostailuzko autoak oparitzeko. Nerabe nintzela, lagun batzuekin joan nintzen autoarekin hil zen lagun bati omenaldi bat egitera. Drifting egin nuen lehen aldia izan zen, lehen hartu-emana, kopiloto eserlekuan. Gerora, lagunekin hasi nintzen zirkuituetara joaten; konturatu nintzen maite nuela driftinga eta azkenean, auto bat erosi nuen.
Driftinga zirkuitoetan da; rallyak errepidean. Zein iritzi duzu horiekiko? Euskal Herrian bada rallyaren eta motocrossaren kultura handia. Azken finean, gure orografiak hori baimentzen du; aldapak daude, mendi ugari, ohikoa da lagunek lursailen bat izatea… Baina autoarekin edo motorrarekin edonon tronpak egiten ibiltzea ez dago batere ondo ikusia, horren inguruan fama txarra sortu da; zarata sortzen da, mendia hondatu egiten da eta arriskutsua izan daiteke. Futbol edo saskibaloi zelai bat dagoen bezala, herri bakoitzak autoekin jolasteko zelai bat edo leku egokitu bat izan beharko luke.
Zergatik uste duzu ez daudela horretarako toki egokiturik? Ez delako kirol bat gehiago kontsideratzen; herrialde askotan, ordea, errealitatea desberdina da. Hamabost urtekoek gidatzen dute, inork ez du arraro ikusten. Hori da gure helburuetako bat; driftaren aurreiritziekin apurtzea, normalizatzea eta gaizki ikusia izateari uztea.
Zenbat denbora eta diru inbertitu behar izan duzu proiektu honetan?Zenbaezinak dira, nire pasioa da. Autoa erosi nuenean egoera onean zegoen, beraz motorra aldatu nion BMWko beste serie indartsuago batengatik, zaldi gehiagorekin. Kanpotik ere polita jarri behar da, noski! Haurrentzat egokitutako aulki bat jartzea pentsatzen ari gara orain.
Haurrentzako? Bai. Drifting ekitaldietan oso giro ona dago, zirkuitoetan gidatzen duzu, asistentziak egiten dituzu, eta jendea ere muntatu dezakezu kopilotoen eserlekuan. Guraso ugarik eskatzen digute beren seme-alabak kotxean sartzeko!
Zirkuitora sartu aurretik, non entrenatu daiteke? Eskuko Drift Family taldeko kidea naiz, bolantean jokatzeko talde bat da. Simulagailu bat dago, bideojoko bat, oso erreala dena; bolante batekin, pedalak eta pantailak edo 3D betaurreko batzuekin jolasten da. Hain erreala da, bederatzi urteko haur batek ikasi duela gidatzen simuladorean, eta orain zirkuituetan dabilela!
Driftinga autoa kontrolatzeko gaitasuna da. Emozioak ere kontrolatu behar dira? Noski. Nik beldurra baino, adrenalina sentitzen dut. Irten aurreko unean oso urduri jartzen naiz…
Eta zer diote zure gurasoek? Ama egun batean ni ikustera joan zen eta ez zuen bat ere atsegin izan. Ez du gehiagotan etorri nahi. Horma estutzen ari nintzen, edo alde batera nindoan abiadan… eta uste zuen ezbeharra izango nuela edozein momentutan.
Baina ezbeharra gerta daiteke… Nik ez dut kolpe gogorrik jaso, lagun batzuk kotxea irauli zuten, sustoren bat egon da… Baina zirkuituaren barruan seguru sentitzen zara, aseguruak ditugu eta osasun zerbitzua ere badago.
Dena den, gero autoa konpondu behar da berriro. Lana ez da inoiz amaitzen? Drift egiten duen jende askok kolpe bat ematen dizu eta ez du ardurarik hartzen, baina politena da esatea: «Tira, autoa konpontzen lagunduko dizut».
Mekanika jakin behar da, orduan? Zenbaitek drift egin nahi du, baina autoa beste batek konpon diezaiola. Driftingak erpin desberdinak ditu eta guztiek osatzen dute: autoa mantentzea, zirkuituetara joatea eta komunitatea sortzea, elkar laguntzea konponketak egiten, gurpilak aldatzen, argazkiak egiten, bideoak grabatzen… azken finean, familia bat izatea, Eskuko Dfrift-en diogun bezala. Nire kasuan, ez naiz mekanikan aditua baina era autodidaktan ikasi dut, lanaren parte da, esan bezala.
Lehen aipatu duzu bederatzi urteko mutiko batek gidatzen duela. Adineko jendea ere badabil driftean? Adin guztietako jendea dago, bai. Ezagutzen dudan zaharrenak 58 urte inguru izango ditu, eta hortxe dabil indartsu.
Zuk ere ikusten duzu zure burua etorkizunean gidatzen jarraitzen? Zergatik ez? Esan dezagun hau hasiera besterik ez dela!
Emakumeak zein toki dute kirol honetan? Geroz eta emakume gehiago ari gara driftean; harritzen nau eta pozten nau. Oso giro ona dago, elkarri laguntzen diogu. Tradizionalki gizonezkoak gailentzen diren edozein kiroletan bezala, neskak batu egiten gara. Batzuei beldurra ematen die gidatzeak, ikusi besterik ez dute egin nahi. Baina pixkanaka animatzen ari dira bolantea hartzera.
Inoiz pentsatu duzu drifta uztea? Uzteko zorian egon naiz askotan baina, azkenean, indarra ateratzen dut beti. Utziko banu, ez nuke jakingo zer egin. Hobbiak ez dira aldatzen, bizitza osorako irauten dute. Bizimodu bat da driftinga. Etorkizunean gustatuko litzaidake seme-alabarik badut beraiekin grin hori konpartitzea.
Amets bat? Duda barik, Dakarra egitea; esperientzia paregabea izan behar du. Edo Japoniako mendietara joatea, driftaren jatorria ezagutzera.