Aitor Ibarrondo: «Gazte askok Gazte Eguna zer den ere ez daki»
Aitor Ibarrondo, Zizpa Gazte Konpartsa
BINKE / 2022ko martxoa
«Gazte askok Gazte Eguna zer den ere ez daki»
TESTUA: Xabi Ealo Diaz
ARGAZKIA: Zizpa Gazte Konpartsa
Galdakaoko Zizpa Gazte Konpartsa bere 25. urtemuga ospatzen ari da, eta talde honen iraganaz, egungo egoeraz eta datorrenaz berba egin gura izan du Binkek bertako kide den Aitor Ibarrondo gazte galdakoztarrarekin.
Urteurrena ospatzen ari da Zizpa Gazte Konpartsa. 25. urteurrena hain zuzen ere, «mende laurden herria astintzen», euren leloak dioen moduan. Hori dela eta, ekintza ezberdinak antolatu dituzte herritik eta herriarentzat. Inauteriak antolatzetik datoz, sagardotegira txangoa ere iragarri dute hilabete honetarako… Aitor Ibarrondo Zizpakideak erantzun ditu Zizpakide guztien izenean Binkeren galderak.
Zizpak 25 urte bete ditu aurten, nola zabiltzate ospatzen? Hasieratik gure ideia 20. urteurrenean egin genuen antzeko zerbait egitea izan da. Horretarako, 25. urteurrena ospatzeko logo berria sortzeko dinamika aurrera eraman genuen eta, ostean, hilabetero herrian zerbait egiten ari gara. Gure helburuetako bat Zizpa Gazte Konpartsa ahalik eta gazte gehiengana heltzea da, hilabeteko dinamika guztiekin erakarri nahian. Horretarako urtarrilean gure dinamika aurkeztu genuen, gure logo berriarekin. Otsailean inauteriak ospatu genituen formatu berri batekin eta martxoan ere sagardotegiaz gain beste zerbait daukagu prestatuta. Horrela hilabetero, uda hasierara arte herrian eta gazteengan presentzia eduki nahi dugu.
Asko aldatu da Zizpa 25 urte hauetan? Baietz esango nuke. Hala ere, gaur egun Zizpan aktiboen gaudenak ez dakigu ondo nolakoa izan den Zizparen bilakaera bere hasieratik, hau pendiente daukagun ariketa bat da. Zizpatik jende asko pasatu da eta Zizparen barnean eztabaida asko eman izan dira urteetan zehar, bere norabide eta helburuak ondo zehazteko. Baina gaur egun ere antzeko baloreetan oinarritzen garela esango genuke. Eta beti izan ditugu presente Zizpa sortu zuten eta oso gazteak zirela espainiar estatuak eraman eta dispertsatu zituzten Zizpakideak. Aipatu beharra dago ere bai, Zizpak gaur egun herriko gazteen agendan markatuta dagoen egunaren sustatzailea izan zela. Izan ere, Galdakaoko lehen Gazte Eguna Zizpak antolatu zuen.
Aipatu duzue jende asko pasatu dela Zizpatik, Zizpakide askok 25 urte baino gutxiago dute. Orotara zenbat belaunaldik, zenbat kidek ezagutu dute Zizpa? Bai, hala da, gaur egungo gehienok 25 urte baino gutxiago ditugu eta espero dugu horrela beti izatea, jende berria batzen joatea, belaunaldi aldaketak oso beharrezkoak baitira, gazte eremua lantzen duen eragile batentzat. Ez dakigu zenbat jende pasa izan den Zizpatik, badaude urteak eman dituztenak, zein jai batzuk iraun dutenak Zizpa barruan, beraz jende asko eta belaunaldi oso desberdinetakoa pasa izan da.
Nolako harrema dauka Zizpak herriko beste elkarteekin? Harremana daukagun elkarteekin oso ondo moldatzen gara, baina hala ere, elkarte gehiagorengana heltzea gustatuko litzaiguke, elkarlan gehiago eginez, eta horretarako ere baliatu nahi dugu gure 25. urteurrenaren dinamika.
Galdakaoko gazteriaren aspaldiko aldarria da Gaztetxearena, zergatik behar du Galdakaok Gaztetxea? Eta Zizpak ze funtzio izango luke balizko Gaztetxe batean? Zizparen helburuetako bat beti izan da eta izaten jarraituko du Galdakaoko gazteria antolatzea, artikulatzea eta saretzea. Eta, guztiz ziur gaude Galdakaok gaztetxe bat edukiko balu, helburu horietan asko lagunduko lukeela. Espazio bat Galdakaoko gazteentzako eskura egoteak laguntza handia ematen baitio gazte mugimenduari eta gazteak elkar harremantzeko beste modu bat sortzeko lagunduko luke. Beraz, Galdakaok horrelako espazio baten beharra daukalakoan gaude. Gainera, Zizpak gehienbat gazteen aisialdia jorratzen duenez, gure funtzioetako bat Gaztetxe batean jai ereduarena izango litzateke. Laburrean esanda, egungo jendartea aldatuz doan heinean, aisialdi eredua ere eraldatzen joan da: kontsumo eredua, harremantzeko moduak, globalizazioaren eragina, indibidualizazioa… Beraz, jai herrikoiak uler ditzakegu jai eredu hegemonikoari kontrajartzen zaion eredu alternatibo gisa, sen komunitarioari eta herrikoiari garrantzia ematen diotenak.
Gazte Eguna aipatu duzu… Aurten ere iragarri da, zer ideia daukazue buruan? Zizpak Galdakaoko lehen Gazte Eguna antolatu zuen arren, eta nahiz eta Zizparen parte garenon %85ek Gazte Egunaren antolakuntzan parte hartzen dugun, Gazte Eguna bilera irekietara joaten diren gazteak osatzen dute eta edonor dago gonbidatua. Beraz gure partetik, esan dezakegun gauza bakarra da, seguru gaudela egun zoragarria izango dela eta ea inoiz baino gazte eta ez hain-gazte gehiago agertzen diren, pandemia dela eta Galdakaoko gazte askok ez baitakite ezta zer den Gazte Eguna ere…
Beharbada Gaztetxearen gaiarekin lotuta, zer erronka ditu aurretik Zizpak? Zizparen erronka nagusiena gazteria artikulatzea da eta gazte kritikoak sortzea herrian, gazteen arteko elkarlana sortuz, azken urteetan hain kritikatuak izan diren gazteak berpizteko eta gure bizitzengatik eta gure ondokoen bizitzengatik borrokatzea eragiteko. Horretarako Zizpak gehienbat aisialditik egiten du lan. Eta nola ez, gure urteroko erronketako bat, gazteria guregana hurbiltzea da Zizpakide gehiago lortzeko helburuarekin. Beraz, dei egiten diogu edozein gazteri Zizpa ezagutzera animatzeko eta Zizparen parte aktiboa ere izateko.
Zer eman dio Zizpak Galdakori? Eta zer dauka emateko oraindik ere? Gehienbat Zizpak aisialdia ulertzeko beste modu bat ematen dio Galdakaoko gazteriari eta kuadriletatik at, gazteak batzeko eta kuadrilen arteko nahastea eta elkarlanean ere eragin duela esango genuke. Eta hori guztia, gizartean herri honek eta euskal gazteriak jaso izan duen eta jasotzen jarraitzen duen zapalkuntzaren kritikotasunean oinarritua.