Galdakoztarren %64,1 Usansoloren erabakitzeko eskubidearen alde dago
Lurraldetasuna
BINKE / 2022ko martxoa
Galdakoztarren %64,1 Usansoloren erabakitzeko eskubidearen alde dago
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: CatEyePerspective
Domeka honetan dute usansolotarrek, martxoak 27, Usansolo udalerri independente izatearen alde edo kontra bozkatzeko aukera ofiziala. Baina zein iritzi dute galdakoztarrek erabakitzeko eskubide horren inguruan? Zenbatek ez dute horretan sinisten? Grafikoak batu ditugu hemen.
Urtarrila eta otsaila bitartean Aztiker ikerketa taldeak Galdakaoko Udalaren enkarguz egin zuen inkesta sakonaren emaitzak ezagutu genituen martxoaren 23an —txostena bera deskargatzeko aukera ere eman zuen Binkek—. Bertan, medio guztiek lerroburuetara eraman genuen galdakoztarrek udalerri honen inguruan eta Udalaren inguruan zuten iritzia. Lehenengo asebetetze maila 7,8 puntukoa izan zen eta bigarrena 6,8koa.
Ordea, aipatutako ikerketa horrek askorako eman zuen. Galdera asko egin zitzaizkien elkarrizketatutako 400 pertsonei. Eta galdera horien artean, «galdakoztarrek» Usansoloren erabakitzeko eskubideari buruz duten iritzia ere galdetu zitzaien —ikerketak «galdakoztarrak» aipatzen dituen lagin horretan usansolotarrak ere izango zirela ondorioztatuta—.
Hauxe izan zen herritarrei egin zitzaien galdera, hitzez hitz: «Usansolotar askoren aspaldiko eskaera da Galdakaotik bereizteko kontsulta egin ahal izatea. Zure ustez, Usansolok erabakitzeko eskubidea eduki beharko luke edo ez?».
Bada, galdera horri baiezkoa erantzun zion %64,1ek. Beraz, galdakoztarren gehiengoak Usansolok bere etorkizun politiko-administratiboaz erabakitzeko eskubidea duela uste du. Bigarren aukera bozkatuena berriz ez zen ezezkoa izan, zer erantzun ez dakitenena baizik, %17,6koa. Oso gertutik jarraitzen diote, %15,8 batekin, Usansolok erabakitzeko eskubiderik ez duela uste dutenek, eta galdera horri ez zioten erantzun %2,5ek.
Domeka honetan dute usansolotarrek, martxoak 27, Usansolo udalerri independente bilakatzearen alde edo aurka dauden adierazteko aukera. Guztira 3.771 herritarrek izango dute botoa emateko aukera. Emaitza ez da loteslea izango, baina, segregazio kasuetarako indarrean dagoen Foru Arauak hartarako aukera jasotzen du. Arau horri jarraituta, emaitzak Bizkaiko Foru Aldundira igorriko ditu Udalak. Gero, Bizkaiko Batzar Nagusien eskuetara igaroko da auzia, eta bertan hartuko da Usansoloren geroari buruzko erabakia.
Unkinako herri ikastetxean jarriko dira hautetsontziak igandean, abizenen arabera banatutako lau mahaitan. 09:00etan zabalduko dira, eta 20:00etan itxi. Ondoren, kontaketa egin ostean, 21:00-21:30 aldera emaitzak prest egongo direla aurreikusten da. Udalak jakinaraziko ditu emaitzak, izan bezain laster. Aurrez, 14:00etan, parte hartzeari buruzko datuak emango dira.
Usansoloren erabakitzeko eskubidea, galdakoztarren iritziz