Segregazioaren auzian, UHk ez dio Espainiako Gobernuari «beldurrik»
Lurraldetasuna
BINKE / 2022ko martxoa
Segregazioaren auzian, Usansolo Herriak ez dio Espainiako Gobernuari «beldurrik»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bizkaiko egunkaririk salduenak gaur orrialde bi eskaini dizkio Usansolori, Espainiako Gobernuak «desanexioa onartuko ez duela» titularrera ekarriz. Monika Mena UHko kidearekin hitz egin du Binkek, eta horri beldurrik ez diola esan du, baita EAJren eta PSE-EEren irakurketa bat dela ere adierazi. Zergatik dio Menak hori? Hemen bere arrazoiak.
Usansoloren segregazioaz iritzia emateko galdeketa ofizialaren biharamunean, El Correo egunkariak gaurko lerroburura ekarri du, hitzez hitz euskaratua: «Gobernu zentralak Usansolori abisatu dio legeak ez duela bere desanexioa onartuko». Baina Usansolo Herriak (UH) ez dio «beldurrik», Monika Mena UHko eledunak Binkeri aitortu dionagatik.
Galdeketaren bideoarekin batera argitaratutako albistean Binkek astelehenean gogorarazi zuen bezala, Galdakaoko EAJk eta PSE-EEk urtarrilean ohartarazi zuten «Usansolon herri-galdeketa egiteak herritarren artera ekar dezakeen frustrazio eta desengainuaz». Bi alderdi hauek, Udalean atxiki gabe dagoen zinegotziarekin batera, galdeketa horrela egitearekin kritiko agertu dira prozesuaren hasieratik, «bai behintzat modu honetan egiteari», kontatu zion EAJko zinegotzi Fernando Izagirrek Binkeri. Horregatik EAJ abstenitu egin zen «informe juridikoari kasu eginez», eta PSE-EEk eta atxiki gabeko zinegotziek galdeketaren aurka bozkatu zuten.
Usansoloren biztanleria da eztabaidaren arrazoi: herriak 4.535 pertsona ditu erroldaturik, baina Espainiako Toki-araubidearen 7/1985 Legearen 13. artikuluak dio auzo batek gutxienez 5.000 biztanle izan behar dituela segregatu ahal izateko. Ordea, horixe bera arautzen duen Foru Arauak 2.500 biztanleko langa ezartzen du.
Orduan, zein lege aplikatuko zaio Usansolok gehiengo nagusiz —botoen %81,54arekin— bozkatutako nahiari? Teorian Espainiako Konstituzioari dagozkio lurraldetasun erabakiak hartzea, baina Espainiako Gobernuak erkidegoen eta foru aldundien esku utzi zituen 1985. urtean erabaki hauek —bizkaitarren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku—. Aldiz, 2013ko krisi ekonomiko betean, 27/2013 Legea sortu zuen Espainiako Gobernuak. Lege berri honek aipatutako Toki-araubidearen 7/1985 Legea erreformatu zuen, «espainiar estatuan eman litezkeen segregazio berrien gastuak saihesteko asmoz», El Correo egunkariaren arabera.
Eta legearen aldaketa horrekin Espainiak bi neurri berri ezarri zituen: lurraldetasunaren gaineko eskumena Espainiara itzuli zen eta auzo bat segregatu ahal izateko gutxieneko biztanleria bost milakoa izan behar da, gutxienez.
Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidente Itxaso Atutxak gaur Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan esan du «ez da bakarrik Usansoloren segregazio prozesuak jarraitzea gura dogula, harago noa: EAJ da Foru Araua aldatu ebana, horrelako kasuetan gutxieneko biztanleria 2.500ekoa izan daiten». Eta Atutxak gaineratu egin du: «Baina, gaur gaurkoz zoritxarrez, legalki Foru Arauaren gainetik dagoan 2020ko Espainiako Auzitegi Gorenaren epai batek gogorarazo eban 5.000 biztanlekoa izan behar dala baldintza hori».
BBBko nagusiak aipatutako 2020ko epai hori Ezkio Itsasotik segregatzea ekidin zuen erabakia izan zen. Nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Ezkioren segregazioa 2016an onartu —aldundi honek Bizkaikoaren biztanleria-muga bera du ezarrita—, Espainiako Gobernuak eskari hori atzera bota zuen 2020ko uztailaren 16an. Horrela ba, Ezkio Itsasotik banatuta legalki lau urtez egon zen, eta 2020an anexionatzera behartu zuten Espainiatik.
Baina UHko bozeramaile Monika Menarentzat hori ez da oztopo, eta Espainiako Gobernuari «beldurrik ez» diotela azaldu dio gaur Binkeri: «Prozesua hasi genduanetik hori da EAJk eta PSE-EEk egin daben irakurketa, Espainiakoa; baina Bizkaia gaindituta daukagu eta ia gero Denis Itxasok —Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak— erabaki hori inpugnatzen duen, bera baita inpugnatu ahal dauan bakarra».
Itxasok Bizkaiko Batzar Nagusien «baiezko erabakia» inpugnatuz gero, Monika Mena Espainiako Konstituzio Auzitegira joatearen alde agertu zaio hedabide honi, «baina ez dot uste Usansoloren segregazioaren baiezkoa inpugnatuko dauanik».
Bertara iritsi aurretik baina, lehenago Galdakaoko Udalak Usansoloren segregazioaren memoria eta martxoaren 27ko galdeketaren emaitzak bidali behar dizkio Bizkaiko Batzar Nagusiei, erakunde hau izan daiten usansolotarren gehiengoak bozkatutakoa onartuko edo atzera botako duena.