Ane Legarreta Cairoko orkestra sinfonikoa zuzentzen dabil Egipton
Kultura
BINKE / 2022ko apirila
Ane Legarreta Cairoko orkestra sinfonikoa zuzentzen dabil Egipton
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Zafar Azimov, Cairo
Ane Legarreta orkestra-zuzendari galdakoztarra Egipton dabil egunotan, Cairoko orkestra sinfonikoa zuzentzeko aukeratu baitute beste lau nazioarteko zuzendarirekin batera. Berarekin hitz egin du Binkek, aukeraketa honen nondik norakoak hobeto ezagutzeko.
Lagun batek bidali zion Ane Legarreta orkestra-zuzendari galdakoztarrari Cairoko orkestra sinfonikoak antolatu zuen lehiaketaren berri: mundu mailako bost zuzendari aukeratuko zituzten eurekin —Cairoko orkestra sinfonikoarekin— astegunetan masterclass antzeko batzuk jaso eta aste bukaeretan taldea bera zuzentzeko.
Legarretak izena eman eta, bere ezustekorako, aukeratu egin zuten. Birritan pentsatu barik bakar-bakarrik joan zen Elexaldeko alaba Egiptora. Galdakoztarrarekin batera korear bat, alemaniar bat eta Egiptoko bi aukeratu dituzte. Horien artean, euskalduna barne, hiru emakumeak dira. Eta datu horrek ez luke albiste izan beharko, bai ordea lehenengoz emakumeak gehiengo direla jakitean.
Cairo Opera House aretoan, Nilo ibaiak inguratzen duen irla bateko egoitzan, ari da bertako orkestra zuzentzen, «ederra da, zorteduna sentitzen naz», aitortu dio galdakoztarrak Binkeri.
Binkeren 2018ko urrian azaleko protagonista izan zen zuzendaria Dvorak-en txelorako kontzertua zuzentzeko aukeratu zuten lehenengo astean, eta arestian aipatu bezala, astero orkestrak berak aukeratzen du zuzendari bakoitzak zer zuzenduko duen. Datozen asteei begira berriz, Stravinsky-ren Firebird Suite obra aukeratzea espero du Legarretak, «gure plangintzan dagoalako eta nire obra gogokoenen artean dagoalako», adierazi dio hedabide honi. Gainera, obra honekin bi astez aritu beharko dute musikariek eta berak bi kontzertu eskaintzeko.
Binkek bere esperientziagatik galdetzean, Legarretak Ramadan garaia dela gogorarazi du, eta «egunean zehar Cairoko abiadura geldoagoa» dela esan, «baina gauetan dena da kolorea, dantza, argia eta ospatzea». Orkestrak ere, arrazoi horregatik, lanaldi murriztua du egunotan.
«Oso oso aberasgarria izaten dabil dana», helarazi dio pozik Anek hedabide honi, eta gaineratu: «Ez bakarrik musikaren aldetik, beste kultura batez elikatzen ari naz eta nire ibilbide pertsonalerako be oso emankorra izaten dabil». Gainera, esperientzia hau «pertsona eta musikari bikainekaz» partekatzen ari dela esan du, «eta betirako gogoratuko dodaz egun hauek».