Endika Zinkunegi: «Jolas, joko eta kirolek ume eta gazteen garapenean duten eragina aztertu gura dugu»
Endika Zinkunegi, hezitzailea
BINKE / 2018ko apirila
«Jolas, joko eta kirolek ume eta gazteen garapenean duten eragina aztertu gura dugu»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Endika Zinkunegi
Eguzkibegi Ikastolak, «Nolako jolasa, halako gizartea» izenburupean, tailer bibentzial doako eta irekia antolatu du maiatzaren 5erako. Endika Zinkunegi (Usurbil, 1977) izango da gidaria, Ikastolen Elkarteko Bizijolas egitasmoko kidea eta gorputz hezkuntza zein aisialdiko formazio saioak eskaintzen ditu.
Zenbateko garrantzia du haurraren aisialdiak bere garapenean? Erabatekoa. Haurren garapenean denak du eragina, ez bakarrik eskola barruan gertatzen denak. Gainera, aisialdia denbora libretik egiten dugun aukeraketa propioa dela uste dugu, baina benetan subiranoak al gara gure aisialdia programatzerako orduan? Gure ustez, ez, eta horregatik sistema soziopolitikoak bandejan jartzen digun jarduera kontsumitzailetik ihes egin behar dugu. Sistema neoliberalak globalizazioa balore positibo gisa hartu ohi du, baina neoliberalismoaren iturritik bultzatzen den globalizazioak balioen aniztasuna murrizten duen uniformalizazio baterantz garamatza. Eta gure hizkuntzak, izaerak zein kulturak bere lekua behar dute izan. Horregatik ere uste dugu euskara eta euskal kultura indartuko dituen aisialdi propioa beharrezkoa dugula, funtsean gu geu izaten jarraitzeko.
Eta zelakoa izan beharko luke gure seme-alabentzako programatzen dugun aisialdiak? Galdera konplexuegia da lerro gutxitan azaltzeko, eta horixe da tailer honen arrazoia. Baina labur esanda, gure ustez seme-alaben aisialdiak proiektu pedagogiko integral baten barruan egon beharko luke eta gure komunitate kulturalaren neurrikoa izan beharko litzateke. Oinarri horri, ordea, beste hainbat kontzeptu gehitu beharko genizkioke: etnoludikotasuna, ludikotasuna bera, autotelikoa, prokomuna, gatazkak gainditzeko balio diguna, lokala, hurbila, anitza, gozagarria, integratzailea… Kontzeptu guzti horrek sakonean landuko ditugu maiatzaren 5eko tailerrean.
Garrantzia handia al du joko eta jolasen artean desberdintzea? Ikuspuntu hezitzailetik multzo horiek noiz eta nola erabiltzen ditugun aztertu beharra dago. Askotan sinonimotzat jotzen ditugu, baina errealitatea bestelakoa da: bakoitzak balio zehatz batzuk transmititzeaz gainera, bakoitzaren indar pedagogikoa neurri batekoa da, ez hobea ez okerragoa, bakoitzak berea, baina horien artean desberdintzea garrantzitsua da, noski.
Zeintzuk dira prestakuntza tailer hauen helburuak? Jolas, joko eta kirolek ume eta gazteen garapenean duten eragina aztertu gura dugu. Helburu nagusia estamentu desberdinen artean, taldean, honen guztiaren inguruan hausnarketa bideratzea izango da, egungo egoeraren diagnostikoa egitea, esperientzia berri hezigarriak izatea eta etorkizunerako proposamena edo proposamenak eraikitzea. Horretarako, tailerra parte hartzaileen bizipenetatik, errealitatetik abiatuko da, norberarengandik taldera, herrira eta taldetik, herritik norberarengana.
Zer ikasiko dute maiatzaren 5eko tailerretara gerturatutakoek? Tailerraren egitura aurreratuko dizuet. Agurra eta saioaren kokapena egin ondoren girotze-jolas batzuk egingo ditugu eta jarraian lan-gaietan sakonduko dugu. Gai bakoitzean atal praktikoa eta dialektiko zein dokumentala uztartuko ditugu, beti ere hausnarketarako bide emanez. Amaitzeko, gure seme-alaben hezkuntza eta aisialdiaz hausnarketa eta ariketak egin ostean, orduantxe proposamen bat egingo dugu eta saioaren ebaluazioa egin. •