Atxutegitarrak: «Galdakoztar gehienak segregazioaren aldekoak dirala esango geunke»
Atxutegitarrak, youtuberrak
BINKE / 2018ko otsaila
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Etxe txiki bateko sei kidek aspertzeko tarterik ez badute ere, urtebete da Atxutegi Gutierrez familia usansolotarrari beste zeregin bat gehitu zitzaiola etxean: gazteen artean moda-modan dagoen YouTuberrak bilakatzea. Horrela ba, domekero bideo berria grabatu eta argitaratzen dute euren YouTube-ko kanalean Mikel, Jon eta Ane anai-arrebek. Etxe txiki bihotz handi dira eta euren bideo guztiak «Zabaldu atea eta sartu barrure!» esaldiarekin hasten dituzte. Gonbidapen hori Binkeri egin diote oraingoan, euren etxeko berotasunera sartu eta solasaldi atsegina izateko.
Ezer baino lehen, zuen YouTube-ko kanalaren izena ez al da ETBko saio baten kopia? Ane: Berez esaera zahar bat da, ezta? Beharbada eurak dira kopiatzaileak… Gurea moldaketa pertsonal originala da (barreka)! Mikelek euki eban ideia, modu batera edo bestera laburtzeko, etxe txiki baten bizi gara, nahiz eta sei senide izan, eta danok bihotz handikoak gara. Jon: Behin baino gehiagotan nahastu gaitue egia esan, eta neu be, nozbait telebista ikustean eta Herri txiki infernu handi programaren promoa entzutean galdetu izan deutsat nire buruari «barriro joan behar dogu ETBra eta Anek ez deusku ezer esan»?
Saio horren arrakasta izatea lortzen baduzue, ez zarete okerreko bidetik joango! Ane: Astiro, astiro! Hori asko esatea da! Ez zan gure asmoa arrakasta lortzea, euskara YouTube-n sustatzea baino, euskeraren normalizazio prozesuan laguntzea. Hori lortzen gagozan bitartean arrakasta eta jarraitzaileak lortzen doguzala, ondo etorriak izan daitezela! Jon: Egia da gure helburua familia eta lagunentzako, hurbileko jendearentzako, zeozer egitea zala, eta modu baten edo bestean kanala zabaltzen joan da.
Hala ere, telebista publikoa aipatuta, bertako saio pare bat bisitatu dituzue dagoeneko… Ane: Holan da, bai. Gazteok eta Gure kasa saioetan aritu izan gara. Lehenengoa askatasun handiko saioa zan, guk grabatu eta editatzen genduazan bideoak, gure YouTube-ko kanaleko formatuaren antzera baina telebistan. Gure kasa desberdina zan, ohiko programa baten lez gidoi bat jarraitzen genduan eta plato baten grabatzen zan. Desberdintasunak desberdinatasun, esperientzia itzela izan zan guretzat, bai pertsonalki, bai profesionalki. Mikel: Telebistak formatu itxiagoa dauka, eta beraz gatxagoa da gu geu garan legez azaltzea. Gure bideoetan barregarriak dira Anek egiten dauzan edizioak, baina telebistak ez dau aukera hori emoten.
Tira, goazen hasieratik hastera: zelan okurritu zitzaion Usansoloko familia bati YouTuber bilakatzea? Ane: Uste dot parkatuko deustiela esaten badot nire ideia izan zala dana. Ni Euskal hizkuntza eta kultura eta Hizkuntza Modernoak izeneko gradua ikasten nago eta ikasgai baten euskararen eta YouTube-ren arteko harremanaren inguruko lan bat egin neban. Ondorioetako bat izan zan euskararen presentzia YouTube-n oso urria dala jakitea. Hori konpontzeko, ideia luzatu neban eta gaur arte. Mikel: Bai zera! Ikasgaian ohorezko matrikula atara eta orain meritu guztiak zuretzako!? (barreka) Egia da oinarrian hortik hasi zala, baina ideia amak eta biok bultzatu genduan, guzurteroa zu, Ane! (barreka) Ane: Okurritu esan dau! Okurritu, niri! Jon: Argi dagoana da noren idea ez zan izan… Kanala sortzearen «errua» biek daukie, batek idea botatzeagatik eta besteak lortu arte jo eta ke isildu barik egoteagatik! (barreka)
Igandero zuen etxeko ateak zabaltzen dizkiezue ikusle guztiei, dagoeneko Usansoloko etxerik ezagunena izango da zuena! Mikel: Asko falta da horretarako, baina egia esan gonbidatuak izatea gustatuko litzakigu eta gure etxea munduari erakustea. Harremanetan jarri gara batzuekaz eta laster beharbada bideo «potenteren» bat argitaratuko dogu. Ez gehiagorik galdetu, sekretua da-eta! (irribarretsu) Jon: Oraindik hasi barriak gara, eta denbora be justua daukagu, baina Mikelek dinon moduan asmoren bat badaukagu hortik… Baina etxera ez badatoz, behin baino gehiagotan egin izan dogun moduan, kalera joan beharko dogu euren bila!
Zelan moldatzen zarete bideoak grabatzeko? Ane: Gure bideo guztiek hiru fase jarraitzen dabez. Lehenengo eta behin bideoaren nondik norakoak zehazten doguz, lanik gatxena nire ustez: espezialtxuak gara eta edozein ideiak ez deusku konbentzitzen. Normalean bazkarien ostean eztabaidatzen dogu hori eta behin baino gehiagotan amaitu dogu haserre! Gero datorren bideoaren grabaketa oso errez egiten dogu eta editatze lana be bai. Mikel: Errez-errez, batez be abestiak grabatzen doguzanean sekulako bronkak botatzen deustaz Anek! Ni behintzat saiatu egiten naz…(barreka) Jon: Bronka gora eta bronka behera, emoten dau haserre gagozala beti! Kontua da askotan Anek daukazan ideiak lar zoroak dirala eta behin baino gehiagotan atzera bota behar izan deutsaguzala…
Jonek hori dioela… Bideoetan ikusten den bezain ondo moldatzen zarete zuen artean? Benga, kontatu txaskarrilloak… Ane: Oso ondo eroaten gara, hori egia da, baina momenturen baten zein beste bronka baten ostean grabatu behar dogunean oso gatxa izaten da umore onez egotea. Batez be Jon, Jon haserre egonez gero… agur! Hori da Jonen komentario sarkastiko eta ironiko guztien zergaitia! (barreka) Mikel: Bideo bat egin beharko genduke Jonen haserre guztiekaz! (barreari ezin eutsi) Dana dala, «fan» asko daukaz bere izateko moduagatik, sinistu ez arren…(irribarretsu Joni begira). Jon: Flipatzen nago! Inguruko guztiek badakie zelakoa nazan, eta normalean pazientzia lar izaten dot, baina bi honeik aguantatzea… lar izaten da niretzat! Mikel grabaketetara beti dator berandu eta Ane beti dago kexaka! Baina gero bideoen edizioa… ez da oso inpartziala!
Esatea erraza izango da, baina ikusten dugunaren atzean lan handia egongo da, ezta? Ane: Editatze lana da denbora gehien eskatzen dauana. Bideo bakotxa egiteko guztira hiru edo bost ordu emoten doguz, eta horretatik bi edo hiru editatze lanetarako da. Mikel: Lan hori gainera Anek bakarrik egiten dau, berak dauka meritu guztia.
Egia aitortuiguzue: zenbat toma faltsu egiten dituzue bideo bakoitzean? Ane: Sinistu egizue ez dagoala toma faltsurik. Dana grabetan dogu zuzenean eta okerrak egonez gero, bideoetarako material moduan hartzen dogu. Holako momentuek emoten deutsie bideoei gatza eta piperra! Mikel: Toma faltsurik ez…baina gauza bera askotan grabatzen dogu: ama sutera sartzen da, anaia txikia ogitartekoa egitera…horreik dira momentu barregarrienak!
Eta gaiak, zelan aukeratzen dituzue? Ane: Esaera zaharrak dinoan moduan, ideia onenak bazkalostean datoz. Guk bazkariak edo afariak aprobetxetan doguz ideiak botatzeko. Jon: Bai, bazkariro Ane ideiak botaten hasten da eta gero Mikel eta bion lana da burua ipintea Anek esaten dauan guztiari.
Arraultzak buruan apurtzea, pipermin gehien nork jaten dituen frogatzea, Yoga postura arraroetan egitea… zeintzuk izango dituzue ba hurrengo «Txallenge» edo frogatxoak? Ane: Aspalditik egin gura izan dogu txikitako argazkien imitazioa eta baita McAuto batera joan eta euskarazko abesti bategaz janaria eskatzea, laster egingo doguzanaren susmoa daukat! Mikel: Euskal kulturako pertsonai ospetsu batzuk ere tanteatu doguz eta baten batek baiezkoa emon deusku, carpool —kotxeko karaoke-bideoklipa— egiteko beragaz. Ideiak behintzat badaukaguz… Jon: Dana dala, zer egingo dogun ikusi nahi dauanak errez dauka, kanalera harpidetu eta kito!
Bideoetan tarteka atzetik ere entzuten zaio amari… Zuen «fan» handiena bera izango da, ezta? Ala gehien aguantatu behar zaituena? Ane: Zalantza barik, biak! «Fan» handiena eta gehien aguantatzen gaituena! Mikel: Amak hasiera-hasieratik animatu ginduzan proiektu hau abian jartzera, askotan grabaketetan laguntzen deusku, eta gure kritikorik zintzoena da, beraz, zalantza barik ama da ETBH-ko «managerra». Hollywood-etik eskaintzaren bat izan dogu baina amak ezezkoa emon deutse, lastima…(barreka)
Bideo baten Galdakaoko iazko jaietan izan zineten, kaletik harrapatzen zenituztenak elkarrizketatzen. Atera al zenuten ondoriorik? Mikel: Egia esan, Galdakaon grabatzen dogun bakotxean harritzen gaitue jendeak Usansolori buruz daukazan iritziek. Gehienak, bai gazteak eta bai adinekoak izan, segregazioaren aldekoak dira, gauzak azkar egitearen aldekoak, herriak demokratikoki bere iritzia emotearen aldekoak, Usansolo herri izatearen aldekoak… Zoritxarrez Udalaren jarrera bestelakoa da, prozesua mantsotu eta gelditu besterik ez dau egiten. EAJk prozesua normaltasunez bideratu izango balu, gaur egun Usansolo herria izango litzake. Jon: Azkenean herri bien arteko harremana ona da eta galdakoztar gehienek —ez danek— primeran ulertzen dabez gure nahiak. Aldizkari bat be alkarregaz daukagu eta! (irribarretsu, Binkeri keinu eginez)
Binke aipatu dozuela, bertan argitaratu omen zen albiste bategatik galdetu zenieten elkarrizketatuei. Baina txantxetan aritu zineten, albistea Binkek ez zuelako argitaratu eta albistea bera gezurra delako. Zer galdetu zenieten eta zergatik? Ane: Ondo gogoratzen badot, esan genduan Usansoloko zinegotzi batek esan ebala Usansolo herri bihurtzean Galdakao eta Usansoloren artean harresi bat eraikiko zala. Logikoa dan legez, albiste faltsua zan, morboa sortzeko eta galdakoztarren erreakzioa ikusteko besterik ez zan izan. Mikel: Bai, horretan be jendeak umoretsu erantzun eban eta barre asko egin genduan! Jon: Uste dot Usansolokoren bat «kolatu» egin zala bideoko alkarrizketetan eta «albisteko» ideiagaz ados egon zala, ai ene! (zirikatzen)
Ibilbidetxoa egin duzue dagoeneko YouTuberren komunitatean. Zein izan da orain arte bizi izan duzuen unerik xelebreena? Ane: Beti harritu egingo gaitu jendeak kaletik ezagutzeak, behin baino gehiagotan eskatu deuskuez argazkiak. Niri, adibidez, jaietan nagoala jendea hurreratu egin jat berbetan edo ia ETBH-ko neskatxi hori nazan galdetzen. Egia esateko, momentu horretan asko lotsatu egiten naz ez dakidalako zer erantzun, baina asko pozten nau, gure kanala hasten eta hedatzen dagoanaren seinale. Mikel: Bai, oso arraroa egiten jaku baina oso polita da! Jon: Azkenean urte bete daroagu jendearen etxeetan domekero sartzen, guk ikusleak nortzuk diran jakin ez arren eurak gu ezagutzen hasi diralakoan nago.
Eta nora gustatuko litzaizueke iristea? Ane: Eskatzea libre bada… Etxe Txiki Bihotz Handik mundu mailako arrakasta izatea eta hori dala-eta gure kanala euskal kultura eta hizkuntza munduan zehar zabaltzeko atea izatea. Mikel: Ni xumeagoa izango naz, Huntza taldeagaz edo Goazen telesaioko kideakaz bideo bat grabatzera. Ane: Bai, hori! Jon: Epe laburrera 500 harpidedun izatera heltzea. Hortik aurrera… ez neuke jakingo zer esan!
Zuek euskaraz aritzen zarete, eta horregatik akaso hainbeste bisita ez dituzue jasoko, baina zuen helburua bisita kopurutik harago doa? Ane: Noski! Hasieran esan dogun moduan gure helburua euskararen normalizazio prozesuan laguntzea da eta euskara kolokiala ahalik eta pertsona gehiagoren ahotan egotea. Mikel: Horrez gain gazteak animatu gura doguz holako gauzak egitera, formatu digitalean euskarazko eduki gehiago sortzera. Guk egiten badogu, edonork egin leike. Jon: Azkenean holako kanal bat ezin leike sortu jarraitzaileak izatearen asmo bakarragaz, atzean beste asmoren bat edo motibatzen zaituen zeozer izatea ezinbestekoa da. Gure kasuan, jarraitzaileen kopuruak ez gaitu arduratzen, gure artean momentu onak igarotzeak pisu askoz handiagoa dauka!
Utziko diguzue Etxe Txiki Bihotz Handiko kideoi gure erronkatxoa botatzen? Ane: Batek daki zer daukazuen pentsatuta… bota! Mikel: Puntu honetan, ez gaitu ezerk bildurtzen…(barreka). Jon: Ausartu beharko gara!
Hortxe ba Binkeren «Txallenge» edo erronka Etxe Txiki Bihotz Handi familia YouTuberrarentzako: Usansoloko Gazte Egunean, martxoaren 3an, kalera irten beharko duzue gura beste Binkerekin, eta 10 minututan gutxienez bost pertsona lortu beharko dituzue zuen elkarrizketa honekin, paperari forma eman eta txano edo kapela egingo dutenak. Bideoa zuen kanalera igo eta 1.000 bisitaldi gainditzen baditu, tarteka ataltxo bat eskainiko dizuegu Binken. Animo eta zorte on! •