Jesus Muñiz: «Norberak bere herriaren historia ezagutzea beharrezkoa da»
Jesus Muñiz, historialaria
BINKE / 2017ko azaroa
«Norberak bere herriaren historia ezagutzea beharrezkoa da»
TESTUAK: Ixone Muñiz Arana eta Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Inocencio Goikuria
Eta gure arbasoen jatorria jakingo ez bagenu? Edo gure herriko auzo, mendi eta eraikinen zergatia ulertuko ez bagenu? Zergatik daude eraikin zaharrak dauden lekuan? Nork jarri ditu bertan? Gizakion existentzia bera zalantzan jartzea bezain galdera konplexuak iruditu daitezke. Baina Jesus Muñiz historialariari zalantzak ez dio balio, eta gure paisaiaren historia ikertzeari ekin zion aspaldi.
Bere herriaren historia ezagutzen ez duenak, berau errepikatzeko arriskua duela esan ohi da. Bide horretan goaz hemen ere? Bai, esaera horrek oraindik ere martxan jarraitzen duela esango nuke. Beharrezkoa da norberak bere herriaren historia ezagutzea, ez bakarrik akatsak edo okerrak ez errepikatzeko, baizik eta gure lehenaldia eta nortasuna zelakoak diren ezagutzeko ere. Gure sustraiak non dauden jakiteko. Garrantzitsua da zentzu baikor hori kontuan hartzea.
Zenbaterako garrantzia du historia ezagutzeak gizakiaren eboluzioan? Normalean ez zaio garrantzi handirik ematen nire ustez. Lehenaldia eta oraina loturik daude, eta historiak eragina dauka hauengan, noski. Baliagarria da aurrekariak ezagutzea, baina egoera bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eboluzioa ez da gauza automatikoa edo mekanikoa. Garai bakoitzean faktore ezberdinak daude eta, beraz, ezaugarriak ere ezberdinak izango dira.
Eboluzionatzeaz ari garela… Zer da eboluzionatzea? Printzipioz, eta teorian, hobetzea da. Iraganean gertatutakoak ez du zertan orainaren eredu izan behar, baina bai kontuan hartu eta horri jarraiki irtenbide bat edo beste emateko baliagarri.
Eraikin eta gune zaharrek ez digute eboluzionatzen uzten, ala bai? Tira, ez nuke esango eboluzionatzen uzten ez digutenik. Eraikinak aldatuz doaz zorionez; energia askoz hobeto aprobetxatzen da orain, egiturak aldatu egin dira… Beharrizanak aldatu direnez gero, eraikinak ere gure beharretara egokitu behar izan dira, eta horretarako, hainbat moldaketa jasan. Halere, ondareari buruz ari bagara, ezin dugu edozein aldaketa egin.
Zergatik? Eraikin zaharrez hitz egitean esaten da aurrealdea errespetatu egin behar dela, hau da, egitura bera. Barrualdeari dagokionez, ordea, moldatu egin daiteke, baina ez erabateko aldaketa egin, honek ere bere esanahia baitu.
Europako Ondarearen Jardunaldien baitan, ibilbide batzuk eskaintzen ibili zara Galdakaon. Zer erakusten zenien parte hartzaileei? Azken asteotan egin ditugun ibilbideen gaia paisaiaren eboluzioa izan da. Labur esanda, ibilbideekin genuen asmoa Galdakaoko biztanleek mendeetan zehar kokaleku ezberdinak hartu zituztela erakustea zen. Kokaleku bakoitzean bizimodu bat zeukaten, eta bizimodu horrek Galdakaoko paisaia aldatzea ekarri zuen. Hau da, denboran zehar biztanleen bizimodua eta aktibitateak aldatuz joan ziren, eta horiek eragina izan zuten inguruan.
Eta nondik norakoa izan da paisaia aldaketa horiek erakusteko egin duzuen ibilbidea? Gangureneko tontorrean hasi ginen. Bertan Historiaurreko lehenengo aztarnategietako ondasuna aurkezten genuen, sasoi horretan erabiltzen zituzten tresnak eta abar azalduz. Abeltzaintza zen garai hartan aktibitate garrantzitsuena. Bigarrenik Uriburuko harrobira hurbildu ginen, orain sasiz eta zuhaitzez nestalita dagoena. Haren esplotazioaren inguruan aritu ginen, eta zelan erabili omen zuten bertako harria Elexaldeko Andra Mari eliza eraikitzeko. Hurrengo geldiunea berau izan zen, eta XVII. mendean elizako arkupepean onartu ziren basoen kudeaketaz aritu ginen.
Aipatutakoez gain, Galdakaoko beste gune batzuetan ere egin zenuten geldialdiren bat, ezta? Hurrengo geldiunea hilerrian egin genuen, eta bertan aurrealdeaz eta kaperaz hizketan aritu ginen. Zabalea atzealdean dagoen Monika Lekunberri parkean ere egon ginen, eta Galdakaon irakasle izan zen emakume honen inguruan ibili ginen solasean. Ibilbideari Santa Maria parrokian eman genion amaiera.
Zer da ibilbideotara bertaratutakoei gehien harritu diena? Harrobiaren berri izatea agian, batzuentzat ezezaguna baitzen.Aipatu dudan bezala, egun inguruan dauden sasiek estaltzen dute eta, beraz, ezin da azalera guztia ikusi. 1985ean erre ondorengo aire-ikuspegi bat erakutsi nien. Mantxa marroi handi bat ikus daiteke argazkian, eta konparaketa egitean, egun zabalaraz askoz txikiagoa dela ematen du.
Eta orokorrean, ondoriorik ateratzeko gai izan zarete? Bisita gidatua amaitzean inkesta bat ematen diegu parte hartzaileei, eta dirudienez bat egiten dugu, euren ustez ere beharrezkoa baita herrian horrelako ekintzak egiten jarraitzea. Honelako gidak premiazkoak dira Galdakaoko historiari buruz ezagutzen ez diren xehetasunen berri izateko, askok ez baitakite hauen inguruan. Honetan lanean segitzera animatzen gaituzte, beraz.
Aldaketa nabarmenena, akaso, Kurtzea inguruak bizi izan du. Zergatik orain inguru hau da populatuena? Ziurrenik herri erdigunean dagoelako, Galdakao guztia kontuan hartzen badugu. Bisitan zehar soinean neraman 1965. urtean ateratako argazki batean oso argi ikusten da, ez horrenbeste urtetan zelako aldaketak jasan dituen Kurtzea inguruak. Garai hartan, Zabalea, Juan Bautista Uriarte, Iberluze eta Tximelarre inguruetan bakarrik zeuden eraikita etxeak; bide nagusien ondoan. Gainontzeko dena zelaia zen, salbu baserri bat edo beste handik sakabanaturik.
Kurtzeaz ari garela, kuriositatez: Galdakaok zergatik ez du inoiz Alde Zaharrik izan? Galdera ona! Galdakaoko populazioaren banaketa beti egon da nahiko sakabanaturik. Alde Zaharrik ez egotearen arrazoietako bat, eta hau nire hipotesia baino ez da, Galdakaon zegoen polaritate bikoitz bati zor dakioke agian. Garai hartan gune garrantzitsuenak gune zibila eta erlijiosoa ziren: udaletxea eta eliza. Elkarrengandik urrun egon dira urte luzez, XIX. mende amaierara arte ez baitzen zabaldu Zabaleako parrokia. Eta sakabanaturik egoteak indarra kendu zion ziurrenik erdiguneari eta beraz, alde zahar propioa izateari.
Galdakao azken hamarkadetan izaten ari den aldaketa gustuko duzu? Antzinakotasunak beti sorrarazten du nolabaiteko nostalgia, eta elementu esanguratsu hainbeste galtzeak pena ematen du. Egun erdigunean ez dugu ia baserririk, adibidez. Bestalde, orain praktikoagoa izango da ziur aski bizimodua, eta hori da ordaintzen dugun salneurria. «Aurrerapenaren» salneurria.
Eraikin zahar gutxi dira gure inguruan… Gehienak desagertu egin dira zoritxarrez. Egia da herriaren hazkundea dela-eta, batzuetan ez dela bateragarria hauek mantentzea. Baina denak botatzen baditugu nortasunik gabe gelditzen gara. Oso gogoan ditut egun Iturrondo plaza den toki horretan zegoen Inuntziagako txaleta edo Plazakoetxen dinamitako doktoreak zuen etxea. Agian momentuan ez da behar konkreturik aurkitzen eraikin zaharrentzat, baina erakundeek etorkizuneko beharretan ere pentsatu beharko lukete, eta ateak zabalik utzi. Tamalez, beste interes batzuek garrantzi handiagoa dute.
Nora jo dezake herritarrak gure historiaren berri izateko? Honetan arazo handia dagoela ikusten dut. Berez, Torrezabaleko liburutegira jo ezkero, lan batzuk aurkituko ditugu bertan gordeta. Baina tamalez ez daukagu horretarako zentro zehatz bat. Nire ustez beharrezkoa da horrelako espazio bat egotea, baina momentuz liburutegiak betetzen du haren funtzioa.
Artearen historialaria bakarrik ez, ikerlaria ere bazara. Orain urte gutxi batzuk aurkikuntzaren bat egin zenuen Bilbon, ezta? Begoñako santutegiaren inguruan ikertzen ibili nintzen. Sua argitaletxeko editoreak eskaini zidan proiektu hau, komunean daukagun lagun batek hala proposatuta. Eta nik, noski, pozez onartu nuen; Bizkaiko santutegirik garrantzitsuena izanik, proiektu nahiko golosoa iruditu zitzaidan. Baina bestalde, erronka handia ere bazen niretzat, ordura arte beste hainbat lan egin baitziren haren inguruan, eta nire eginbeharra zerbait berria eta esanguratsua aurkeztea zelako.
Begoñako santutegiaren ingurukoaz gain, beste ikerketa batzuk ere egingo zenituen. Bai, zenbait ikerketa egin ditut azken hamarkadan. Aipagarriena agian, 2011n Eleiz Museoak argitaratutako Bizkaiko Gotiko Berantiarreko eskultura higigarrien ikerketa lana izan zen. Hiru urte lehenago, Lekeitioko ondare erlijiosoari buruzko gida bat ere egin nuen. Eta ikerketa berrienak aurten egindako Elorriko bederatzi gurutzeena edo Bizkaiko San Miguel taila gotikoari buruzkoa izan dira.
Zelan hasi zinen antzinako artea ikertzen? Gaztetatik izan dut artearen historiarekiko interesa, eta aitortu beharra daukat Elexaldeko Andra Mari eliza izan zela horren «errudun» nagusiena; artearen historiarekiko «pozoia» sartu zidana! Horregatik erabaki nuen Artearen Historia ikastea. Karrera amaitzean, Foru Aldundiak eskainitako beka bat lortu nuen eta horrekin Gotikoko arte higigarrien inguruan ikertzen hasi nintzen. Hortik aurrera etorri ziren beste ikerketa guztiak.
Hemendik aurrera ere hamaika proiektu izango duzu eskuartean… Momentu honetan eskuartean dudan proiekturik garrantzitsuena doktoretza tesia behingoz amaitzea da, hainbeste urte eta gero bada garaia eta! Honi heldu nahi diot lehenbailehen.
Zer gustatuko litzaizuke ikertzea herrian? Elexaldeko Andra Mari eliza, zalantzarik gabe. Eraikin honi zor diot nire ogibideari diodan pasioa. Gainera, Galdakaoko jende askok ez du ondo ezagutzen herrian dugun ondare hau, eta horrek harritu egiten nau. Biztanleei berau ezagutzeko aukera gehiago emateko modua bilatu beharko genuke. Ahaztua bezala dagoela iruditzen zait, eta merezi duen bizia eman beharko genioke. •