Paco Etxeberria: «Herrietako zinegotziek ere memoriaren beharra dute»
Paco Etxeberria, forentsea
BINKE / 2017ko ekaina
«Herrietako zinegotziek ere memoriaren beharra dute»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz
Memoria historikoa berreskuratzearen alde lanean ari den Galdakao Gogora taldeak, aurten antolatutako OroimenOrokorroean Astearen baitan, Paco Etxeberria forentse ezagunaren hitzaldia antolatu zuen; tartetxo bat atera zuen Etxeberriak BINKEren galderak erantzuteko.
Dagoeneko 80 urte pasa dira faxistek Euskal Herria «hartu» zutenetik, beranduegi egia berreskuratzeko? Lehenago hasi beharko genuke nire ustez. Denok dugu erru partea horretan, baina azken boladan kontzientzia pizten hasi gara. Herritarrei iraganeko pasarte lazgarriek arduratzen diete, eta intimitate pertsonaletik gizarte osoaren ardura izatera pasa da orain 80 urte gertatutakoa. Beraz, eta egia jakitearen eskubidea preskribatzen ez denez, erabat bidezkoa da egia ikertu gura izatea, berandu bada ere.
Euskal Herriko forentserik ezagunena izateak ate asko zabalduko dizkizu ziur, baina horrek ere behartuko zaitu agian politikoki zuzena izatera. Zelan daramazu hori? Guk objektibo-inpartzialak izan behar dugu. Baina ezin dugu nahastu neutral izatearekin. Eta bizitzan, zoritxarrez, badira egoera batzuk non ezin duzun neutrala izan. Giza eskubideak urratzen direnean nik objektibo eta inpartziala izan behar dut, baina ezin dut neutrala izan. Horrelako egoera baten aurrean, normalean baino gehiago lan egin behar dudalako.
Baina profesionalek beti ez dute hori egiten… Eta akaso horregatik ni naiz nire alorrean aurpegi ezagunena. Baina guk egiten ez badugu, komunikabideetan honen inguruan espekulatzen irtengo da aditua ez den edonor. Guk ezin dugu isilik egon.
Isiltzeaz ari zarela, inoiz zure bizitza jokoan sentitu duzu? Orain dela urte asko, bai. Behin autoa erre zidaten eta nirekin lanean aritu den auzitegiko medikuren bati bonbak ere jarri zizkioten. Baina hori dagoeneko pasa da. Eta presio horrek zergatik gertatzen diren jakiten duzunean konturatzen zara askori ez zaiela egia jakitea interesatzen. Baina beldurrik ez dut inoiz sentitu, eta orain zahartzen hasi naizela, gutxiago. Ez daukat isiltzen egoteko adinik!
Zer sentitzen du Paco Etxeberriak gorpu bat aurkitzen duen bakoitzean? Kontu horretan bi alderdi bereizi behar ditu gure garunak: alderdi kliniko edo analitikoa eta alderdi humanoa. Guk lehenengo alderdi horren jabe egin behar diogu aurre horrelako aurkikuntza bati eta, zintzotasunez diot, gorpua laneko objektu baten gisara hartu behar dugu. Baina sarritan alderdi humanoak klinikoari irabazten dio, saihestezina da bereiztea, eta gogorra da oso.
Zer egin dezakegu geuk jakinda Espainiako Gobernuak ez duela xentimo bat ere bideratzen memoria historikoaren berreskuratzean? Inoren kontra egin baino, nik gurearen alde egitea proposatzen dut. Oso erraza da estatuari errua botatzea —eta espainiar estatuak erru izugarria du honetan, noski— baina estatu baten estruktura bertako Gobernu, Aldundi eta Udalek ere osatzen dute. Beraz, hortik hasi daiteke gure kexa eta lana: gure herrietako politikari eta ordezkari guztiei memoria historikoaren alde egiteko eskatuz. Zorionez Eusko Jaurlaritzak badu bide hori zabalik, baina herrietako zinegotziek ere, memoriaren beharra dute.