«Atzoko eta gaurko faxismoaren aurrean, Antolakuntza Komunista hedatu!», Ainhoa Jugo
Iritzia
Ainhoa Jugo Abasolo
BINKE / 2022ko maiatza
Atzoko eta gaurko faxismoaren aurrean, Antolakuntza Komunista hedatu!
Gaur, 85 urte faxistek Galdakao bonbardeatu eta 15 zibil erail zituztela, tartean nire aitaren anaia Moises Jugo. Orotara, Galdakaoko 24 bizilagun erail zituzten. Gaurko egunez, bonba batek Plazakoetxen zegoen babeslekua jo zuen bete betean, eta zaurituak laguntzera zihoaztenak metrallatu egin zituzten: ez dago dudarik, helburua galdakoztarrak hiltzea zen. Hilabete geroago, burdin hesia gainditu, eta Francoren armadaren menpe geratuko zen udalerria.
Orduz geroztik, ez zuen hobera egin egoerak: euskal hizkuntza eta kultura guztiz debekatuak izan ziren, militante iraultzaileak jarraituak eta erailak, homosexualak eta eskaleak zigortuak, langile eta ikasle mugimenduak errepresaliatuak… Guztira, 2.194 euskaldun fusilatu zituen erregimen totalitario frankistak.
85 urte igaro dira gerrako krimen hartatik eta ondoren gure arbasoek jasan behar izan zuten totalitarismotik. Eta aldiz, politika totalitarioak, aniztasuna zanpatu eta suntsitzen duten politikak, Europa osoan zehar berpizten dabiltza: VOX eta Le Pen Espainia eta Frantzian, talde paramilitar neonaziak Ukrainan, errefuxiatu eta sexu orientazioen aurkako erasoak Europa osoan, politika arrazistak Alemanian eta Suedian eta abar luze gorrotogarri bat.
Faxismoak eskubide politiko eta zibilak ezabatzen ditu; enpresari eta oligarken mesedetara ez dagoen langile antolakuntza independientea jazartu —komunistak kasu Ukrainan—, «etsai» berriak asmatu langileriaren gorrotoa bideratzeko,izan juduak, homosexualak edo errefuxiatuak, Grezian «Amanecer Dorado»-k egin zuen bezala 2008ko kirisiaren ostean. Funtsean, proletalgoa eta sistema bere horretan mantentzeko burgesiaren instrumentua da faxismoa.
Egun, ikusten ari gara gizarteak totalitarismorako tendentzia nabarmena hartu duela, askatasun politikoen urraketa etengabea, covidarekin batera etorri zen eskubide indibidualen ezabapena, tendentzia faxisten normalizazioa… Horrela, burgesiak, ezartzen ari den gobernantza forma honekin, krisi testuinguruak sortu lezakeen ezegonkortasun soziala apaltzea du helburu, langileriaren antolakuntza independientea erasotzeko eta etorkizuneko langileria subordinazioan hezteko asmoz. Hortaz, esan daiteke, faxismoa burgesiaren botereari guztiz funtzionala zaiola, are gehiago, gobernu faxistak ekoizpen eredu kapitalistaren baitan gizartea bera antolatzeko modu bat direla.
Beraz, 1937ko galdakoztarren sufrimendu guzti hori berriz ez bizitzeko, beharrezkoa zaigu faxismoa hauspotzen duen zergatia ulertzea eta zergati hori sustraietatik eraustea. Hortaz, Faxismoa, gobernutik bota baino, bere oinarria suntsituko duen proiektua, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa, gauzatzea ezinbestekoa zaigu. Azken finean, helburu hauek lortzeko bide bakarra proiektu komunista gorpuztea dela uste dugu. Izan ere, indar sozialen unibertsalizazioan oinarritzen den gizarte eredu komunistak gizabanakoen askatasun erreala du helburu, zapalkuntzarik eta diskriminaziorik gabeko foma soziala gorpuztuz.