Epaileak artxibatu egin du Izagirreren aurkako ikerketaren atal bat
Polemika
BINKE / 2022ko ekaina
Epaileak artxibatu egin du Izagirreren aurkako ikerketaren atal bat
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Jose Sampedro, EFE
Fernando Izagirreren aurkako ikerketaren ardura duen epaileak erabaki inportante bat hartu du, delitu ekonomikoen auzia artxibatu egin baitu Izagirreren alde. Honekin lotuta, Eusko Jaurlaritzaren kargua hartu aurretik izan zituen ogibideetara itzultzea eskatu du; eta aldi berean, Bizkaiko Anbulantzien Elkarteak bere kontrako epaiketan herri-akusazio gisa aurkeztea eskatu du.
Bilboko Instrukzioko bosgarren zenbakiko epaitegiko titularrak, María Dolores Muñoz Salvatierra magistratuak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari eta Galdakaoko Udalean EAJren bozeramaile izandako Fernando Izagirreren aurkako ikerketa artxibatzea erabaki du, Bizkaiko DYAren buru izan aurretik egindako kudeaketagatik.
«Kontakizunetan ekintza gogorrak asko errepikatzeagatik ez du esan nahi leporatzen dena egia izatea, ez baitago euskarri objektiborik». Hala batu zuen ekainaren 8an emandako baina azken orduetan jakinarazitako ebazpen judizialak, El Diario egunkariak jakinarazi duenez. Hala ere, delitu ekonomikoak artxibatu egin dizkiote, baina horrek ez du esan gura galdakoztarraren aurkako ikerketa erabat itxiko denik; izan ere, administrazio desleialagatik eta sozietate-delituengatik inputatuta egoten jarraitzen du.
Beste alde batetik, El Correo egunkariaren arabera, «DYAko presidente ohiak burofax bat bidali du Larrialdi Plusera —Emerplus— eta Global Formación Plusera —Katalunian euskal GKEaren menpe dauden enpresetako bi— langile gisa itzultzeko eskatuz». Egunkari beraren arabera, idazkian ziurtatzen du Eusko Jaurlaritzako kargu publikoa amaitu ondoren, «aurreko lanpostuetara itzultzeko eskubidea duela». DYAko zuzendaritza batzorde berriak atzera bota du eskaera. Baina ez da jakitera eman Izagirrek beharrezko pausoak eman dituen epaitegietan enpresa horietara itzultzea exijitzeko. El Correok adierazi duenagatik, «GKE horren zuzendaritza-batzorde berriak eta Izagirrek berak ez zuten horri buruzko iruzkinik egin nahi izan».
Amaitzeko, bada beste berri bat kasu honekin lotuta, konfirmatu egin baitute Bizkaiko Anbulantzien Elkarte Profesionala herri-akusazio gisa aurkeztu dena epaitegietan irekitako Izagirreren aurkako auzian, El Correok ziurtatu duenaren arabera «ez aurreiritzi eta epaiketetan jausteko, sektorearen interesak defendatzeko baizik».
Albiste honekin lotuta…
Fernando Izagirrek dimisioa eman du Galdakaon eta Eusko Jaurlaritzan
Zuzendari izateko Izagirrek «baldintza egokiak» betetzen zituela esan du Erkorekak