«Artoa»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2018ko apirila
Artoa izenez ezagutzen dogun jakia XVII. mendean Ameriketatik ekarritakoa dogu. Guk bageunkan aurretik, «artatxiki» (gazt. mijo) deritxaguna, baina Ameriketakoa emankorragoa suertatu zan eta gure soloak artaduiz bete ziran pertsona zein ganaduen elikagai legez.
Artoaren ereitza azaltzeko esaera pare batera joko dogu. Aiko: «San Jurgi, artoak ereiteko goizegi» (apirilaren 23a); «San Marcos, artoak ereinda balegoz» (apirilaren 25a); beraz, hazeguna, apirilaren 24a. On Jose Miguel Barandiaranek, Martin Txikiren mito baten esaeran, besteak beste, hauxe dakar: «Orri irtete arto ereite».
Artoaren kultura garrantzitsua izan da gurean eta gariagaz batera biak elikagai oinarrizkoak. Gariak bere maila izan dau baina artoa be ez da geratu atzean. Zeberion jasotako esaunda baten bidez azalduko deutsuet. Aitu: Behinola, garia eta artoa berbaz ei egozan eta halangoren baten bainotso gariak artoari: «Hi, neu nok lurreko bedarrik onena, neuri esker jan egiten jok jendeak»; eta artoak erantzun ei eutsan: «Hi, ba, ni nagoan lekuan be ez jagok goserik».
Guretzat, biak onak, bata bestearen osagai.