Ikasturteko lau mural berriak amaitu dituzte
Enplegua
BINKE / 2022ko ekaina
Ikasturteko lau mural berriak amaitu dituzte
TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke
Beste ikasturte batez, eta badoaz lau, Galdakaoko Udalaren eta Lanbideren Enplegu Planak eman ditu bere fruituak: Bada muralistaren gidaritzapean, bost galdakoztar gazte eta langabetuk lau horma-irudi berri margotu dituzte herrian. Gaur aurkeztu dute prentsaurrean, Gaztain eta Gipuzkoa kaleen artean Dinamitako emakume langileei eskainitako hormaren aurrean.
Laugarren urtez jarraian Galdakaoko Udalak eta Lanbidek bultzatutako Enplegu Planetariko bat amaitu berri dute sei hilabetez lanean aritu diren Iratxe, Jessica, Desireé, Mikel eta Imanolek. Bada artistaren laguntzaz, lau horma-irudi egin dituzte aurten: Trokako tunelean, Gipuzkoa kalearen hasieran —Pontzi Zabala kaletik sartuta—, Aperribaiko eskolaren aurrean eta Gaztain kalearen eta Gipuzkoa kalearen arteko horman.
Azken honek Dinamitako langile emakumeak ditu protagonista, eta horren aurrean egin dute gaur aurkezpena Iñigo Hernando alkateak, Txelu Bernal Enplegu zinegotziak, Bada artistak eta aurtengo langileen gidariak, Karmele Artaraz Gaztaroa Sartuko zuzendariak eta ikasturte honetan Enplegu Plan honen baitan lanean aritu diren bost lankidetik hiruk —Iratxek, Desireék eta Jessicak, Mikel eta Imanol kanpoan baitaude—.
Alkateak hasi du prentsaurrekoa, obra handiekin bakarrik herria egiten ez dela adieraziz: «Ekintza txikiek be bertan bizitzea eta lan egitea atseginagoa egin dezakete, eta herri sortzailea sustatzen ari garan bitartean enplegua be sustatzen ari gara». Gainera, amaitu duten azken murala balioan jarri du Hernandok, «Dinamitako emakume langileei omenaldia egitea polita izan dalako». Bernalek bere aldetik, eskerrak eman dizkie parte hartzaileei, eta Enplegu Plan honekin jarritzeko asmoa erakutsi du, eta gaineratu: «Hau da adibide garbia, herria herriko pertsonekin zelan hobetu daitekeen erakusten duena».
Ekintza askoren artean, enplegu planak kudeatzeaz arduratzen den Gaztaroa Sartu kooperatibako zuzendariak esan du —ekimen honen bitartekari denak— programa honek helburu bi izan dituela nagusi: «Batetik lan munduan esperientziarik ez duen jendeari lan egiteko aukera ematea eta, bestetik, pertsona parte-hartzaileak sorkuntzara gerturatzea».
Parte-hartzaileen irakasle eta ekimen honen «sen artistikoa» Bada muralistaren, Binkek 2020ko uztailean elkarrizketatu zuenaren, eskutik etorri ohi da Galdakaon. Hala ere, talde-lana goraipatu du berak gaurko prentsaurrekoan, «diseinutik hasita danok alkarregaz egiten dogulako dana» esan du. «Lehenengo bi hilabeteetan formakuntza nahiko praktikoa egiten dogu, muralak zelan margotuko doguzan ikasteko, eta gainontzeko lau hilabeteetan kalera irteten gara horma-irudiak margotzera», azaldu du artistak.
Parte hartu duten lankideek berriz «esperientzia bakarra» izan dela esan dute, eta «erabat eskertuta» daudela Udalak eta Badak emandako aukera honegatik. «Muralen eta margotzearen inguruan ezer ez jakitetik, orain gauza asko jakitera pasa gara», esan dute Jessicak eta Desireék. Iratxek gainera, gaineratu egin du Dinamitako muralean, esaterako, ageri diren hiru emakumeen diseinua eurek landutakoa dela. Pozik eta harro agertu dira prentsaren aurrean.
Galdakaoko Udalak, bere aldetik, ekimenarekin jarraitzeko asmoa iragarri du. Laugarren urtea da hauxe eta ikasturte bakoitzean bost kide berri inguruk parte hartzea aurreikusten dute, «gutxienez urtebete lan barik daudenak eta galdakoztarrak diranak», azaldu du alkateak aurkezpenaren amaieran.
Albiste honekin lotuta…
Bada muralista: «Herritarren onespena lortu dugula sentitzen dugu»