«Agur Jaunak»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2018ko iraila
Agur jaunak kantua, ezaguna dogu Euskal Herrian zehar, baina, beharbada, bere jatorria ez hainbeste. Jatorriaren bertsio bat baino gehiago daukaguz, baina batera jo zein bestera jo, danetan agertzen jaku, Urtxalle (Manuel F. Lekuona Rezola: 1828-1901) eta bere 1851eko pelota-partidu ospetsua. Urtxalle bere jaiotetxe izenez ezagutzen dogun hau, Oiartzunen jaio zan baina gero Errenterian bizi izan zan. Antonio Zavalak Auspoa bildumako 116an dinoskunez, Urtxalleri zor deutsagu Agur jaunak kantua, Antonio Peña y Goñi jaunak kantu eta pianorako solfeoz jarria. Ez dakigu non entzungo eban Urtxallek. Kantuko «gire» aditzari begiratuz gero, Zuberoa aldekoa dirudi, edo, bertsolaria be bazanez, berak asmatua be izan leiteke pelota partiduaren ostean. 1893an Etxeberria-Gimonek Ecos de Vasconia bilduman zartu eban. Geroagora, 1917an Gipuzkoako Aldundia euskal agur-kantu berezi baten bila ebilen eta Inazio Pérez Arregui jaunak, berori aukeratu eban, eta 1918ko abuztuaren 1ean, aurkeztu eta Loiolako San Inazioren prozesioan jo eben. Harrezkero danok darabilgu gure ospakizun-agurretan.