«Otsailak 29»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2019ko otsaila
Otsaila edo zezeila, urteko hilabeterik laburrena dogu. Julio Cesarrek, K.a.ko 46an eratutako kalendarioan 28 egun jarri eutsazan otsailari eta lau urterik lau urtera egun bat gehiago. Egun horren izenari «bisiestu» deritzagu. Latinetik dator izen hori, hemendixik: «bis sextus dies ante calendas martias», hau da, «birritan martiaren bataren aurreko seigarren eguna». Jakina, otsailaren 23a birritan jarri beharrean kalendarioan, 29ra aldatu zan bisiestu egun hori eta halan be, urteko hilabeterik laburrena.
Kalendario julianoan, urtearen bigarren hilabeteari «februarius» (gazt. febrero) deritzo eta purifikaziorako hilabetea zan erromatarrentzat.
Guk euskaldunok ostera, batean bestean, animaliekaz lotu dogu hilabete honen izena: otsaila, otsoagaz, zezeila, zezenagaz eta kataila, katuagaz. Otsaila, laburra izateaz gain, iluna eta hotza dogu. Hortik datorku esaera hau be: «Otsailean epel baino, otsoa ardi artean hobe». Esaera honek hauxe esan gura deusku: otsailean hotz egin behar dauala urtea ondo joateko.
A! Eta kontaminazioa dala-eta klima aldaketa baletor zer? Ba, gauza onik ez behintzat etorkizunerako!