«Maiatz-zuhaitzak»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2019ko maiatza
Maiatzean, orriz eta lorez janzten dira zuhaitzak. Euretatik hiru aipatuko doguz:
- Haritza. Ohiturak gogoratuz, Euskal Herriko lurralde batzuetan, apirilaren azkenengo eguneko iluntzean haritz landareak landatzen ziran maiatzaren lehenengo egunean landatuta ikusi ahal izateko. Maiatz-landare horri «maiatz-haritza» deritzagu.
- Elorria. Maiatzaren hiruan, Santa Kurtz jaiak ospatzen dira gure hainbat herritan. Garai honetarako, elorriak lora-loran egoten dira. Gure zaharrek, hartu elorri zuri errama txorta bat, arrankala bat egin ale bakoitzari, sartu gurutzeratara beste egurtxo bat, sarats-azalez irentsitara inguratu oboan-oboan eta eleizara eroaten ebezan bedeinkatzeko. Gero, etxera eroan, eta banan-banan solo bakoitzari berea sartu muna baztertxo baten, urteko ereitzak zainduz uzta onak lortzeko.
- Haltza. Bereterretxeren khantoriaz gain, —«Haltzak eztü bihotzik…»— haltza, zuhaitz biguna da baina maiatzeko ilargibarrian bitik hirura bitartean ebagi eta sikatu ezkero, gogortu egiten da. Samartintxiki zuhurrak jentilengandik ikasi eban sekreto hori errota-harriari ardatza jartzeko.