«Urte haietan», Joanes Urkixo
Zabalean
Joanes Urkixo Beitia
BINKE / 2020ko otsaila
Urte haietan
Zabaleako urte haietan, txikerretan, txakurkume bat izan nuen. Gorbeiako elurretatik etorri zen, artile kizkurrezko pilota jaio berri bat baino ez, tarte labur batean nire mundu txikia konpartitzera, zein, garai hartan, etxe osteko zelai sarrietan hedatzen baitzen gehien bat.
Erresuma basa hartan burua belar artetik nekez agertzen nuelarik, ni bai umemokoa, bizitzaren aurreneko mirariak ikasi nituen: marigorringoen hegaldi artetsua, mahats basatuen zapore mingotsa, udako sargori isilaren hotsak.
Batzuetan, arrastian, etxeko atarian jartzen ginen merienda jatera, Zuri txakurra ogi eta txokolateari so, ni berriz talaia hartatik antzeman zitekeen ikuspegiaz gozatzen: hara Zamakoa bere inurrien joan-etorriekin, hara berriz Ganguren mendia bere berde ilunarekin…
Arrasti haietako batean, Don Jose abade agurea handik igaro eta aurrean gelditu zen txakurrari begira. «Zer da, benetakoa ala jostailua?». Eta nik, txakurra bizira etorrarazteko astinduz, benetakoa zela erantzun nion, harro baino harroago.
Zuri txakurkumea Zabaleatik joan zen laster. Geroago neu ere joan nintzen eta, urteak igaro ahala, erresuma ezkutua bera desagertu zen, zementuak eta asfaltoak zapalduta. Nahiz eta nik ahaztu ez, nire oroimenean bizi baita gaur orduan bezain bizirik.
Orduan ez banuen ere jakin, ni bai umemokoa, gaur erantzun zuzena emango nion abadeari. «Ez bata ez bestea», esango nion. Ez benetakoa ez jostailua, osagaia baizik, marigorringoak, mahatsen zaporea eta sargori isilaren hotsak osagaiak diren legez: oroimenaren eta, horrenbestez, norbere izaeraren osagaiak.