«Galdakaoko euskal kulturgileen ekarpenaz», Gotzon Barandiaran
Kulturminez
Gotzon Barandiaran Arteaga
BINKE / 2020ko martxoa
Galdakaoko euskal kulturgileen ekarpenaz
Azken hamarkadetan kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak eraldatu egin dira: sorkuntza-testuinguru berriak sortu dira, kultur industrian eraldaketak gertatu dira, kazetaritzaren parametroak aldatu dira, hezkuntza arautuan pedagogiak berritu dira, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntza murriztu da, kultur kritikaren ekarpenak sakabanatu dira, eta abar. Testuinguru berri horrek modu berezi batean eragin du euskal kultur sorkuntzaren transmisioan, are ahulagoak direlako kultur egiturak eta kultur esparruak euskararentzat.
Gaur eta hemen, euskal kulturgintzaren erronka nagusia euskaldunak euren kulturara ekartzea da. Gaur eta hemen euskal kulturgintzaren berariazko erronka kulturzaleak sortzea da: sortzaileak izango diren zaleak behar ditu euskal kulturgintzak, amateurrak eta profesionalak, antolatzaileak izango diren zaleak, herri ekimenetan edota erakunde publikoetan arituko direnak, kulturgintzaren industriari emanak biziko diren profesional bihurtuko direnak, kultur kazetaritza jorratuko dutenak, etxean, hezkuntza arautuan, ez arautuan zein astialdian transmisioa bermatuko duten zaleak sortu behar ditugu. Osterantzean, euskal kulturgintzak ez du etorkizunik.
Egoera larri honetan, zein da Galdakaoko kulturgintzak euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunarazteko egin dezakeen ekarpena? Txoritxu batek esan dit laster datorrela proposamen bat.