Gobernu Planaren egoeraren berri eman zitzaien herritar eta eragileei
Politika
BINKE / 2022ko uztaila
Gobernu Planaren egoeraren berri eman zitzaien herritar eta eragileei
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Atzo, ekainak 30, herritar eta eragile ezberdinak batu ziren Udal Gobernuaren ekitaldian, Gobernu Planeko proposamenen egoera aktualaren berri jasotzeko bi urteren ostean.
Atzo, ekainak 30, Udal Gobernuak ekitaldia antolatu zuen Gandasegi eskolako areto nagusian Gobernu Planaren egoeraren berri emateko herritar eta eragileei.
Orain dela bi urte eta bost hilabete, egungo Udal Gobernua sortu berri, ekitaldia egin zen lau alderdiek landutako 100 neurriko plan hura aurkezteko. Proposamenak entzuteko herritarron «irrikak» aretoa bete zuen 2020ko urtarrilean, eta berdin gertatu zen atzo arratsaldean, «aretoa jendez bete zen berriro».
Ehun neurri espezifiko batzen dituen proiektu honetatik gaur egun 96 martxan daudela iragarri zuen Iñigo Hernando alkateak, eta «horietako asko, erabat gauzatuta» daudela, «oztopo eta salbuespeneko zailtasunez gain». Edurne Espilla zinegotziak aurkeztu zuen ekitaldia, eta alkatearekin batera, biek gogoratu nahi izan zuten Gobernu Plana aurkeztu eta bi hilabetetara pandemiagatik mundua gelditu zela.
Hala ere, proiektua aurrera eraman zen eta momentu honetan 45 neurri badaude burututa eta 51 prozesuan, fase ezberdinetan. Horregatik, «legealdi honi urtebete falta zaionean, oso ona da Gobernuak egiten duen balorazioa».
EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosek sortzen duten Udal Gobernuak, finkatutako neurri guztien laburpen eta errepaso bat egin zuen atzo. Hirigintza proiektuak, ezinbesteko zerbitzuak, kultura, parte hartzea, euskara, eta abar aipatu zituen elkarlanean dabilen «Euskal Herri osoan aniztasun handiena duen gobernuak».
Udal Gobernuko kideen ostean, hiru eragiletako ordezkarik ere hartu nahi izan zuten parte: Erletxe Industrialdeko Enpresen Elkarteko ordezkariak, Pentsiodunen taldeko kide batek eta Galdakao Gogorako ordezkari batek. Denek eman nahi izan zizkieten eskerrak Galdakaoko gobernu ereduari, eta zehazki, «alkatearen laguntza eta elkarlanari».
Gobernu eta eragile parte hartzaileen artean sortu zen «Gero Bat Denontzat – Un Futuro Compartido» leloa, «gobernu honen goiburu nagusia».