Dani Rodal: «Nire harridurarako, Chicagon askok dakite Euskal Herriaz»
Daniel Rodal Castro, Chicagoko galdakoztarra
BINKE / 2022ko uztaila
«Nire harridurarako, Chicagon askok dakite Euskal Herriaz»
Sortzez: Galdakaokoa.
Gaur egun: Chicago, Estatu Batuak.
Jaiotza urtea: 1997.
Ikasketak: Ingeniaritza Industriala + Mekanikako masterra (EHU) eta Ingeniaritza Aeroespazialeko masterra (EE.UU).
Zertan dabil: Ingeniaritzako agentzia batean aholkulari.
Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Besteak beste bertan bizi nuen errutinatik aldentzeko asmoak. Hala ere, ingeniaritza munduan hango eskaintza urriagoa da beste toki batzuetakoak baino, Estatu Batuak kasu, eta honek ere pisu handia izan zuen erabakian. Masterreko bigarren urtean Chicagora alde egitea erabaki nuen, eta harro nago hartu nuen erabakiarekin.
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Beste ezeren gainetik klima eta tenperaturak. Hemen muturrekoak dira, udan zein neguan, bizi ditugun beroaldiak zein elurteak. Bestetik, jendearekiko gertutasuna handiagoa dela antzeman dut, inor ezagututa ere edonorekin hitz egiten eta agurtzen baituzu bertan.
Zer du zure oraingo herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Kultura eskaintza zabalagoa dagoela ikusi dut, hemen ohikoagoak dira jaialdiak, kultur-ekitaldi eta halakoak. Gainera, hiriaren erdialdeko arkitekturak harritu ninduen hasieratik, oraindik ez naiz horretara ohitu.
Zeren falta sumatzen duzu han? Topiko xamarra izan daiteke baina lagunak, familia eta nire bikotekidea faltan izan ditut bereziki. Eta ez hori bakarrik, ustekabean pasatzen diren gauza txiki horietaz askotan gogoratzen naiz: zerbait edatea tabernako terraza batean, mendira joatea, herriko jaiak…
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati han bisitatzeko? Bertan egin daitekeen onena hirian zehar ibiltzea da. Erdialdea batez ere txundigarria da, hainbat etxe orratz ikus daitezke. Badago Chicagoko arkitektura azaltzen dizun itsas-irteera bat, ezinbestekoa zientzia honen inguruko interesa duen edonorentzat.
Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Batez ere gure Euskal Herriaren historiaz aritzen naiz askotan, nola horren txikia den nazio batek zenbateko kultura eta ohitura dituen azaldu izan diet. Baita euskararen inguruan aritzea gustatzen zait, asko harritzen die honek bertakoei.
Zer dakite gure herriaz? Nire harridurarako, askok dakite gure lurraldea mapan kokatzen, baita beste askok gure hizkuntzaren eta gure herriaren historiaren inguruan, ez nuen halakorik espero. Athletic ere sarri askotan aipatu izan didate, gertutik jarraitzen dute hemengo futbola.
Zer zenekien zuk hangoaz? Hona iritsi aurretik banekien Estatu Batuetan dena dagoela eskala handian eraikia edota kontsumismoaren logika oso hedatua zegoela. Hala ere, bertan bizitzen konturatu naiz jendea orokorrean xehea dela, errespetutik tratatu izan bainaute denek.
Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Printzipioz beste urtebetez izango naiz bertan lanean. Une honetan nire arloari dagokion lanean esperientzia gehiago lortu nahi dut, eta behin urtea hemen bukatuta, berriz ere Galdakaora itzuli.