Maiteder Lertxundi: «Musikoterapiak ikasketa oso sakonak ditu»
Maiteder Lertxundi, psikopedagoga
BINKE / 2022ko uztaila
«Musikoterapiak ikasketa oso sakonak ditu»
TESTUA: Xabi Ealo Diaz
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz
Binkeren 2017ko abenduko elkarrizketa nagusia izan zen Maiteder Lertxundi, eta azalera ekarri genuen bera. Orduan bera eta bere lana gertutik ezagutu genituen, orokorrean, baina oraingoan musikoterapian zentratu gara gehiago.
Musika Eskolan musika modu tradizionalean ikasteaz eta irakasteaz gain, egon badaude musikaz baliatutako zenbait ekintza aurrera eramateko aukera. Galdakaoko Maximo Moreno Musika Eskolan musikoterapia saioak egiten dituzte eta horretaz arduratzen da Maiteder Lertxundi psikopedagogoa.
Beharbada jendeak ez du ezagutuko kontzeptua, zer da musikoterapia? Musikaren eta bere elementuen erabilera profesionala da, eremu medikoan, hezkuntzan edo egunerokotasunean. Banaka, taldeka, familia edo komunitateekin izan daitekeena.
Eta zer helbururekin egiten dira musikoterapia saio horiek? Bizi-kalitatea optimizatzeko egiten dira. Osasuna, edo ongizate fisikoa, soziala, komunikatiboa, emozionala zein intelektuala hobetzeko. Horiek izango lirateke musikoterapiaren bidez landu daitezkeen helburu orokorrak, gero zehazten joan behar da eta bakoitzaren beharretara egokitu eta horretarako prozesu berezia egiten da, hasierako elkarrizketak, behaketa saioak… prozesuarekin bat doitu behar direnak.
Zer ezaugarri dituzte zurekin lan egiten duten pertsonek? Aniztasuna da ezaugarri nagusia, printzipioz ikasteko edo egunerokotasunean nolabaiteko zailtasunak izaten dituzten pertsonak.
Eta nolakoak izaten dira saioak Maximo Moreno Musika Eskolan? Ze baliabide erabiltzen dituzu saioetan? Musikoterapia saioak astean ordu erdikoak izaten dira eta normalean banakakoak. Adin anitzeko pertsonak etortzen dira, behar desberdinekin. Eta batez ere, perkusio txikiko instrumentuak, ahotsa, gorputza, pianoa… soinu eta musika anitz erabiltzen ditugu. Parte hartzailearen egoera, interesak eta gustuak funtsezkoak dira eta sarritan beraiek proposaturiko baliabideak erabiltzen ditugu eta beti helburuen arabera.
Musikoterapiaz ari gara, baina zenbat denbora daramazu pertsonekin lanean? Eta nola hasi zineten musikoterapia lantzen? Nik beti egin izan dut lan pertsonekin, baina musikoterapiarekin 23 urte daramatzat. Hasieran Gaixotasun Mentala zuten pertsonekin, gero Alzheimerra edo Parkinsona zeukatenekin. Gurutzetako Ospitalean Haurren Onkologia Unitatean ere aritu naiz, baita inolako patologiarik ez zuten pertsoneekin…
Musikoterapiaren esparruan, zer erronka daude aurretik oraindik? Erronka handiak geratzen dira, alde batetik aniztasunaren trataera gizartean, oztopoak arindu edo kentzea, parte hartzeko aukera berdinak izatea, kulturaz eta aisiaz gozatzeko aukerak. Ikerketak, baliabideak, kontzientzia… ere landu beharko lirateke, hau da, hainbat gauzatxo geratzen zaizkigu, baina tira, apurka apurka ea lortzen ditugun. Bestalde, musikoterapia zabaltzearen kontua hainbatek uste dute musika jartzearekin musikoterapia egiten ari direla baina ezta inola ere ez. Musikoterapia master ikasketak dira, ikasketa oso sakonak ditu, urteetakoak, praktikarekin, prozesu pertsonala da… hau da, profesional kualifikatuak gara, eta horrela azaldu behar da, gizarteak ez du oso argi, agian guk ere ez dugulako ondo zabaltzen, baina niretzako hori eta ikerketa izango lirateke musikoterapiak dituen erronkak.
Norentzako izan daiteke erabilgarri musikoterapia saio bat? Edozein adineko pertsonentzako izan daiteke, gure kasuan, Musika Eskolan, adin guztietako pertsonak ditugu, bakoitzak bere behar edo helburuekin.