Mihi bako arrana, ugerrak jan
Asier Bidart eta Manu Etxebarria, euskaltzainak
BINKE / 2018ko abendua
Mihi bako arrana ugerrak jan
TESTUA: Ixone Muñiz Arana
ARGAZKIAK: Binke
Amaitzear dagoen urtea zinez esanguratsua izan da bizirik dirauen Europako hizkuntzarik zaharrena izan daitekeen gure euskararentzat: Euskaltzaindiaren mendeurrena, Euskara Batuaren berrogeita hamar urteak eta orain arte Euskal Herri mailan egin den hizkuntza-ariketa sozialik handiena. Urte borobila. Nahikoa arrazoi izan dira hurbilen ditugun euskaltzain urgazleetako bi batu eta eurekin solasaldi atsegina izateko.
Urtemugak bizirik jarraitzen dugun seinale izaten dira eta, zorionez, euskara ez dabil txiro horretan. Berri pozgarria da oso, eta are gehiago normalizazioaren bidean jarraitzen duen hizkuntza dela jakinda. Halere, ezin uka daiteke zerbaitek bizirautea nahi badugu, zerbait hori jagotea dagokigula, harentzat babesleku bat eraikitzea. Ondo dakite hori lerrootako protagonista eta euskaltzain urgazle diren Manu Etxebarria zeberioztarrak eta Asier Bidart galdakoztarrak —azken hau Euskaltzaindiak euskaltzain izendatu berri du—.
Hizkuntzaren biziraupenerako berebiziko den gotorleku hori baina, denon artean eraiki behar dugu, pausoz pauso eta harriz harri. Babesleku hori eraikitzeko jarri den azken harria izan da, hain justu, Euskal Herri osoan oihartzuna izan duen Euskaraldia ekimena. Begi onez ikusi dituzte bi euskaltzainek ospetsu egin diren «hamaika egun» horiek. Jakin badakigu euskaldunok egitasmo hau pauso bat baino ez dela eta oraindik bide luzea daukagula aurretik, baina euskaragatik egiten den apurra ere ondo etorria dela aitortzen du Etxebarriak. Hori bai, denok eskutik helduta egin behar dugun ibilbidea dela adierazten du Bidartek, «euskararen mihiak ugerrak janda» amaitzea nahi ez badugu behintzat.
Aurten urtemugaz urtemuga ibili garen aldetik, beraz, Euskaraldia bakarrik ez, «Euskararen Aldia» —bere osotasunean eta letra larriz—, dela esan dezakegu harro. Horregatik, urteurren bikoitz eta borobilak aitzakiatzat hartuz, eta punta-puntako bi euskaltzainekin elkartzeko aukera izanik, Binkek euskararen inguruan aritu nahi izan du, datozen lerroetan lau azpigai adierazgarritan jarriaz jomuga. «Euskararen zaindariak» ehun urte. Mendeei merezimendu berezia ematen diegu eskuarki, eta ez da gutxiagorako. Ehun urte gutxina-gutxina betetzen dira eta. Baina hori da, zehazki, aurten Euskaltzaindiak bete duen urte kopurua. Apurka-apurka ehundutako urte-zaku borobila. Ez da, ordea, arantza bako bidea izan euskararen akademiak orain arte egin behar izan duena, eta hala adierazten du Manuk ere: «Euskaltzaindia erbestean ibili behar izan zan, Francoren garaian Bilboko sedea itxi egin ebenean». Bidean garai txarrak pasa behar izan badira ere, historian zehar lan handia egin dela azpimarratu nahi izan du zeberioztarrak, eta proiektuak, hala edo hola, aurrera egitea lortu duela.
Euskararen akademia da Euskaltzaindia, baina munduko hizkuntza guztiek ez dute inolaz ere hizkuntza bera araupetzen duen akademiarik. Euskararen kasuan, ostera, gure hizkuntza estandarizatzeko baino, honi gordeleku emateko sortu zen: «Bizi zan egoera gogorraren aurrean euskarari babesa emoteko beharrizana egoan, hizkuntza indartu eta hauspotzeko premia», dio Bidart euskaltzain galdakoztarrak, eta gehitu, gerora etorri zala hizkuntza estandarizatzeko beharrizana.
Ehun urteak bete diren honetan, euskara babesteko eta suspertzeko bidean darraio akademiak. Urteek aurrera egin ahala, ordea, beharrizanak aldatuz edo gehituz doazela diote bi euskaltzainek. Beraz, eta Euskaltzaindia iker-erakunde bat dela kontuan izanik, berau etengabeko ikerketetan murgildurik dagoela nabarmentzen dute gure bi elkarrizketatuek.
Mende erdi «batuta». Euskaltzaindia euskarari babesa emateko sortu zela eta estandarizatzeko beharrizana gerora agertu zela aipatu dugu. Baina aitortu beharra dago gizarte euskaldun osoak ez duela hizkuntza araupetzeko behar hori berdin ikusten eta luzerako jotzen jarraitzen duen gaia dela euskararen estandarizazioarena. Halere, Asierrek zein Manuk aho batez diote ez dagoela zalantza izpirik: «Euskara estandarrak existitu behar du». Komunitate txiki bat izan arren, bazter batean eta bestean hizkuntza-ezaugarri ezberdinak darabiltzagu eta, hortaz, «euskera babestu gura bagenduan, derrigorra zan kode edo sistema bateratu bat sortzea», gaineratzen du galdakoztarrak.
Berrogeita hamar urte bete dira aurten euskararen «batasun» horretatik, eta mende erdia igarota ere, eztabaidagai izaten jarraitzen du. Izan ere, zelan sortu euskara batu hori? Mitxelenak zioenez, euskalkiak ahal den neurrian gehiago banandu ez daitezen, berauek ahal den neurrian bildu behar ziren. Eta helburu horren bila, aldaeren arteko nahasketa egin zen, nahiz eta oinarrian erdialdeko euskara dagoen. Euskaltzain zeberioztarraren ustetan, alabaina, euskara batuaren kasuan, «euskara» izanik sustantiboa eta «batua» adjektiboa, gehiago begiratu beharko genioke sustantiboari berari. Hau da, berau handitu beharko litzateke beste aldaera batzuetako hitzak ere aprobetxatuz.
Zerbaitetan dudarik ez badute bi euskaltzainek, hori euskara batuak helburu nazionala duela onartzean da. Haatik, zentzu batzuetan oraindik hankamotz gaudela esan daiteke. Izan ere, euskara batua ehuneko handienean idatziari begira egin da, baina idazten den hori gero kanporatu egin behar organoen bitartez, eta orduantxe sartzen da fonetika jokoan. Etxebarria fonetikako batzordekide izan da eta aitortzen du alor honetan badagoela zer egin, oraindik inor ez baita ausartu fonemak zelan ahoskatu behar diren arautzen: «Herriak egin ditu bere lege fonetikoak, baina eskoletan ez da inoiz landu, eta horrek gaur egun umeek okerreko formetara jotzea dakar». Gai honi eskoletan eustearen aldekoa da Etxebarria.
Euskalkiak: osotasun baten zatiak. Euskara batuak euskalkiak arriskuan jartzen ote dituenaz duda egin da maiz, baina Asierrek argi dauka bata bestearen osagarri direla, eta tokian tokiko euskara indartsu dagoen bitartean, batua ere indartsu egongo dela: «Ezin da bakotxa mutur batean jarri, biak bizi dira alkarregaz», dio galdakoztarrak. Aspalditik herrikide den Manuk gaineratzen du euskaldunok tradizioz ez dugula inoiz arazorik izan elkar ulertzeko eta, beraz, biek egiten dute irmoki bat euskalkiek urruntzen ez gaituzten iritziarekin.
Hala ere, Euskal Herrian zehar dauden euskararen aldaeretan berdintzeko joera bat nabari dela diote euskaltzainek. Zeberioztarrak dioenez, Koldo Zuazo hizkuntzalariak aipatu du dagoeneko Iparraldeko hiru probintzietako euskarak berdintzen ari direla, eta Hegoaldean ere joera bera hartuaz joango dela gaineratzen du Manuk: «Bi edo hiru belaunaldi barru hamen be batzen joango gara, eta berezkoa izango da bateratze hori». Baina joera hori hizkuntzan bakarrik ez, orokorrean gertatzen ari dela gehitzen du Asierrek: «Globalizazioaren jokera da hori, danok patroi bardinetara jotzea».
Irakaskuntza mundua ere ukitu izan du euskalkien ezbaiak, askotan eztabaidatu izan baita ea lekuan lekuko hizkerek tokirik duten hezkuntzan. Bidarten iritziz, irakaskuntzan dagoen jendeak izan beharko luke inguruan erabiltzen den euskararen ezagutza, eta horren igorle ere izan beharko luke, hori ere euskara batua dela azpimarratzen baitu. Transmisioari, beraz, arreta berezia eskaini beharko genioke, eta gure bizimoduak aldatzen edo eboluzionatzen doazen heinean, agertzen diren beharrizanei erantzuten.
Hitanoaren buelta(n). Euskararen eboluzioaz eta aldaketez ari garela, horren adierazle argia da hitanoarena. Hitanoa berreskuratzeko saiakera asko egin direla dio Asierrek, baina horretarako tokiko egoera soziolinguistikoa nahitaez kontuan hartu behar dela pentsatzen du, urteetan egoera guztiz aldatu delako: «Lehen hitanoa sistema komunikatibo bat zan, etxekoa; eta gaur egun transmisino hori etenda dago». Bere aldetik, hitanoaren erabilera ohitura kontua dela uste du Manuk, eta aitortzen du berak barrera apurtu egin duela eta bere seme-alabei hitanoa erakutsi diela, eurek ikasi eta nahi izatekotan erabil dezaten. Hala ere, argi dauka zaila dela hitanoa guztiz errekuperatzea, baina eskoletan forma gutxi batzuk behintzat erakustearen aldekoa ere bada. Erabilerari lotuta, hitanoaren geroaren inguruan galdegitean, ez diola etorkizun beltzegia iragartzen azaltzen du, izan ere, «telebistan be sartu da hitanoa apur bat, eta gazteak be hasi dira zeozer erabiltzen».
Hala ere, etorkizunaz bakarrik ez, hitanoaren oinarrizko tratamenduaz ere eztabaidatu izan da asko. Hitanoaren ezaugarrietako bat da forma bereiziak erabiltzea beste solaskidearen generoaren arabera, eta horri sexismo kutsua egotzi izan diete hainbatek. Etxebarriak eta Bidartek, aldiz, ez dute uste hala denik. Zeberioztarrak hizkuntza bizitzaren ispilua dela dio; hots, bizitzaren fenomeno guztiak hizkuntzan islatzen direla. Haren ustez, Euskal Herrian emakumeak paper nabaria izan du betidanik, eta hori da, hain zuzen, hitanoan islatzen dena: «Sexismoa barik, errespetua da andrari; patriarkalismoaren kontrako fenomenotzat hartzen dot nik».
Desadostasunak desadostasun, euskaldunok erakutsi dugu oztopoen gainetik ere bizirauteko gaitasuna dugula. Baina horretarako, argi dago gure etxea zaindu behar izan dugula urtez urte, mendez mende. Harriz harri ari gara oraindik euskara goxo-goxo babesturik mantenduko duen gotorlekua eraiki gurean. Eta horretan jarraitu behar dugu lanean, jo eta su gurea den hizkuntza hauspotzen. Izan ere, «arran mihi bakoa ugerrak jaten baitu». •