Jaietan jarraituko den eraso matxisten kontrako protokoloa aurkeztu dute gaur
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Jaietan gerta daitezken eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu dute gaur Udalak bere osotasunean, mugimendu feministek eta Jai Batzordeak, herriko beste eragile batzuen babespean. 24 orduz biktima edota testiguei laguntza eskaintzeko erabilgarri egongo den zenbakia iragarri dute horrekin batera.
Santakurtzak ospatzeko zorian, jaietan zehar gerta daitezken eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu dute gaur Udalak, Galdakaoko mugimendu feministek eta Jai Batzordeak. Iñigo Hernando alkateak, Nerea Orozko Udaleko Berdintasun zinegotziak, Garbiñe Sagardui Momoak talde feministako ordezkariak eta Erabide elkarteko beste ordezkari batek egin dute protokoloaren aurkezpena prentsaurrekoan, Jai Batzordearen, Udala osatzen duten alderdi politiko guztien eta herriko eragile ezberdinen babespean.
Plangintza, Udalaren Berdintasun sailak herriko mugimendu feministarekin batera landu eta adostu dute, ondoren, Jai Batzordearen eta Txosnen Kolektiboaren babesa jaso dute.
«Galdakaon ez da eraso matxistarik onartuko», hori izan da alkateak zabaldu nahi izan duen mezua, bai galdakoztarrentzat bai barikutik aurrera jaietara etorriko den ororentzat. Helburu hori betetzeko, «eskuartean dituen baliabide guztiak» erabiliko ditu, eta herriko eragile ezberdinekin arituko da elkarlanean. Hala ere, herritarrei eskaera egin die; bakoitzak bere erantzukizun eta ardurapean jokatzeko.
Orozkok bere aldetik jai giroan erasoak biderkatu egiten direla nabarmendu nahi izan du, eta horren aurrean era koordinatuan jarduteko beharrezkoa dela gogorarazi du. Mezu horrekin batera, landutako protokoloaren nondik norakoak azaldu ditu.
Protokolo honek 24 orduz zalantzak argitzeko edota biktimak laguntzeko funtzionamenduan egongo den zenbaki bat jasotzen du —688 719 309—. Telefono honetan eraso baten biktima eta testiguak laguntzeko zerbitzua eskainiko da, betiere biktimaren erabakia errespetatuz eta beharrezko informazioa emanez telefonoaren atzean dagoen pertsonari. Berdintasun zinegotziak gaineratu du, eragile guztiek «pauta berberak» jarraitzea ezinbestekoa dela.
«Eraso guztiak larriak dira eta guztiek edukiko dute erantzun irmo eta adostua», iragarri du Orozkok. Horren aurrean, jaietan zehar eraso matxistaren bat gertatzekotan Galdakaoko Udalak Krisi Mahaia deituko luke erabakiak hartzeko, eta adostutakoak Udala osatzen duten beste alderdi politikoekin eta mugimendu feministarekin partekatuko lirateke.
Indarkeria matxistaren kontrako koordinazio plangintza honekin batera, aurtengo jaietan tabernak ere «aktibo eta antolatuta egongo dira; puntu morea izango dira, gune segurua emakumeentzat». Momoak talde feministako Garbiñe Sagardui kideak azaldu duenez, mapa bat sortuko dute Jai Batzordearekin eta Txosnen Kolektiboarekin batera, tabernetatik zein jai gunetik banatuko dutena. Udalak bere aldetik «Matxismoarekin jai daukagu, matxismorik gabe jaiak dauzkagu» kanpaina jarri du martxan aipatutako eragileekin batera.