«Bizitza bako munduan», Unai Sertutxa
Unai Sertutxa Irazola
BINKE / 2019ko urria
Bizitza bako munduan
Ingurumenaren egoera eta arazo sozialak kezka handiak dira gure gizartean. Gaur egun dugun kontsumo bizitzari «esker» egoera larri eta hein handian bueltaezinean aurkitzen gara: plastikoak nonahi, gurekin bizi diren espezieak desagertzen, baliabide naturalak agortzen, pobrezia areagotzen… Bizitza desagertzen ari da orokorrean.
Bizimodu berekoiak ditugu iparraldeko gehienok. Gainontzeko espezieek eta gure artean pobreek jasaten dituzte guk sorturiko kalteak, batez ere, hegoaldeko herrialdeetakoek eta maiz ahaztu egiten ditugu edo errua botatzen diegu. Dena ekonomiaren eta gure bizitzen «mesedetan»!
Arrazoi horiengatik eta gehiagorengatik esaten da gure bizimodua ez dela jasangarria, are gehiago, ez dela desiragarria. Nola biziko gara gu eta gure ondorengo belaunaldiak bizitza gabeko munduan?
Egoera aldatu nahi badugu natura imitatu beharko genuke eta aldaketak esparru txikietatik handietara eraman, kolektiboan eta errespetuan. Kontsumo murritzagoa eta arduratsuagoa izatea ezinbestekoa da. Bizitza xume eta lasaiagoa eraman dezakegu denok eta, zergatik ez? Ederragoa!
Harreman osasuntsu eta egokietan oinarritutako bizitza ez al da desiragarria?