Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloren segregazioaren proposamena Batzar Nagusietara bidali du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Naia Bergaretxe Sarria, Binkeren artxibotik
Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloren segregazioari buruzko proposamena Bizkaiko Batzar Nagusietara bidali du, azken honek erabaki dezan Usansolo Bizkaiko 113. udalerri bilakatu behar den edo ez. Horren aurrean, datorren urriaren 1ean eta 15ean erakusketak, mosaiko herritarrak, kalejirak eta bazkariak antolatu ditu Usansolo Herriak.
Hogeita hamar urtetik gorako borroka darama Usansolo Herria (UH) plataformak, Usansolo Bizkaiko 113. udalerri izateko bidean. Orain, inoiz baino gertuago dute usansolotarrek udal propioa izatea, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez adierazi baitu Usansoloren segregazioari buruzko akordio-proposamena Bizkaiko Batzar Nagusietara bidali izana, Gernikan egingo den datorren osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko.
Bizkaiko jarduera parlamentario eta politikoan gainditu gabeko ikasgaietako bat zen. Baina azkenean, udazken-negu honetan erabakiko da Usansoloren segregazioa. Aurretik, izapide burokratiko batzuk daude konpontzeke, baina ez da ezustekorik espero gai honetan. Are gehiago Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloko udalerri berria eratzeko espedientea Batzar Nagusietara —Bizkaiko Legebiltzarrera— igortzea onartu ondoren.
Galdakaoko Udalak egindako eskaeraren ondoren egin da espediente hori, Usansoloko herriguneko bizilagunen aldarrikapenei erantzuteko. Bizkaiko Foru Aldundiak kurtso politikoa hastearekin batera jakitera eman zuenez, «Espedientea izapidetzeak Bizkaiko Lurralde Mugaketei buruzko 9/2012 Foru Arauak ezartzen dituen izapideak eta epeak betetzen ditu».
Bizkaiko Batzar Nagusiek babestuz gero, Usansolok Galdakaoko auzo izateari utziko lioke eta Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerria bihurtuko litzateke. Aurretik, hainbat txosten espezifiko egin eta kontrastatu behar izan dira Usansoloren finantza-bideragarritasuna egiaztatzeko eta, aldi berean, prozedura horrek lege-esparrua betetzen duela bermatzeko.
Orain, Batzar Nagusiek zehaztuko dute gai hori noiz aurkeztu eta aztertuko den osoko bilkuran. Hautaketa hori alderdi politikoek eztabaidatu eta adostu beharko dute Administrazio Publikoaren eta Harreman Instituzionalen batzorde batean. Horrela, zenbait hamarkadatako kapitulu bat itxiko litzateke, eta, hamarkada horietan, herrigune horretako bizilagunek Galdakaotik segregatzea eskatu dute.
Martxoaren amaieran egindako azken herri-bozketak berretsi egin zuen enklabe horretako biztanleak Bizkaiko 113. udalerri bihurtzeko prest zeudela. Hauteskunde egun hartan, loteslea ez zen kontsulta horretan, gune horretan erroldatutako 1.877 bizilagunek eta 16 urtetik gorakoek segregazioaren alde bozkatu zuten —emandako botoen %81,54—, eta 329, berriz, aukera horren aurka agertu ziren —guztizkoaren %14,29—. Gainera, 47 pertsonak Ez daki/Ez du erantzun laukia bete zuten, 21 boto zurik eta 21 baliogabek.
Bada, azken txanpa horretara bidean, Usansolo Herriak bi eguneko egitaraua antolatu du «entzun gaitzaten, gure erabakia errespeta dezaten eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo udalerri izateari baiezko botoa eman diezaioten».
Urriaren 1ean eta 15ean antolatu ditu UHk ekintzok:
Urriak 1, zapatua
11:00-14:00. Erakusketa, desanexio-prozesuaren azken urteotako historia zatitxoak, Unkina plazan.
13:00. Mosaiko erraldoia, Mailu plazan.
Ostean. Txistorra-jana.
Urriak 15, zapatua
12:00. Manifestazio-kalejira, Unkina plazatik.
15:00. Indabada (2 euro). Batutako dirua Usansoloko elikagaien bankuari emango zaio, eta bazkarirako txartelak kalejira hasi baino lehen eta kalejiran banatuko dira.
Bazkalostean. Erromeria Kittu taldearekin.