Etxebizitzen zerga errekargan akatsa egon den kasuetan laguntza eskainiko du Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Udalak etxebizitza hutsetako jabeei aplikatu beharreko zerga errekarga kasu batzuetan modu desegokian aplikatu izana onartu du, eta akatsaren arrazoi posiblea azaltzearekin batera, diru-itzulketaren erreklamazioetan kaltetuak lagunduko dituela adierazi berri du.
Astelehenean eman zuen jakitera Binkek Galdakaoko alderdi jeltzaleak Udalari egindako kritika, «akats baten ondorioz, etxebizitzak alokairuan dituzten jabe askori ere ezarri baitizkie etxe hutsak dituztenei jartzen zaizkien zigorrak». EAJk gainera, hedabide honi bidalitako oharrean salatzen zuenari kasu eginez gero, «akats horien erreklamazioak kaltetuak bere kontu» Bizkaiko Foru Aldundian egin beharko lituzke, eta «egindako akatsaren ardura ahalik eta arinen Udalak hartzeko» exijentzia egin zuten jeltzaleek.
Udalak, bere aldetik, hala jakinarazi berri dio hedabide honi mezu bidez: «Hutsik dauden etxebizitzengatik ondasun higiezinen gaineko zerga kobratzeari buruz jasotako deien aurrean, Udalak adierazi nahi du, kasu batzuetan akatsen bat egon bada, zuzendu egingo direla, baina gogoratzen du etxebizitza hutsei %50eko errekarga ezartzea erabaki zutela udalbatzan EAJk eta EH Bilduk».
Modu berean, ohar bat bidali gura die Galdakaoko Udalak herritarrei: «Bizileku batean bizi diren pertsonak etxebizitza horretan erroldatzera behartuta daude. Hala ezartzen dute Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 15. artikuluak eta Toki Erakundeen Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren 54. artikuluak».
Azken azalpen hau izan daiteke, erakunde galdakoztarraren iritziz, EAJk kritikatutako akatsaren arrazoia: «Betebehar hori gogorarazi nahi dugu, balitekeelako kasu batzuetan hori izatea errorearen arrazoia: etxebizitza hutsen zerga kobratu izana bertan erroldatutako pertsonarik ez duten etxeen jabeei».
Edozein kasutan, «gertatzen ari den kasuistika dela eta, eta egin beharreko erreklamazioak bideratzen laguntzeko asmoz, une honetatik aurrera, Udal honek aukera emango du erreklamazioak Udalean biltzeko; aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera jasoko ditu erreklamazioak, eta horiek Foru Aldundira bideratzeaz arduratuko da», adierazi du Galdakaoko Udalak.
Erreklamazioak nola egin ere azaldu du erakundeak: «Elektronikoki egin daitezke —eskaera orokor bidez—, edo zuzenean ESANen bulegoan, Zerga Kudeaketara zuzenduta. Bi kasuetan, dokumentazio argigarria erantsi behar da». Era berean, Udalak gogorarazi nahi du erreklamazioak aurkezteko epea azaroaren 10ean amaituko dela, 14:00etan.