Ia 40 urte eta hazten jarraitzen du
TESTUA: Xabi Ealo Diaz
ARGAZKIAK: Fernando Domingo eta Etxaburu
1984ko abenduaren 14an zabaldu zituen ateak Usansoloko Ospitaleak. Orduz geroztik, hazi besterik ez da egin zentzu guztietan. Orain baina, erietxeak daukan itxura aldatu egingo da, eraikin berri bat eraikiko baita. Horixe bera aztertu du Binkek ondoko erreportajean.
Ospitaleko eraikin nagusian jende gutxiago egotea da hein handi batean eraikin berria eraikitzeko arrazoi nagusienetariko bat. Izan ere, 19 espezialitate mediko hartuko ditu eraikin berria, gaur egun erakin nagusian artatzen direnak, baina horretaz gain, 600 ibilgailurentzako aparkalekua, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako ikasleentzako irakaskuntza eremua, administrazio zerbitzuak eta liburutegia ere izango ditu.
Hori guztia 30.000 eta 34.000 metro koadro arteko azalera izango duen esparru baten kokatu da, betiere ospitalearen lursailean. Beren beregi eraikitako sarrera izango du paziente anbulatorio gehienak hartuko baititu: 480.000 gutxi gora behera. Osakidetzako datuen arabera, zifra hori da urtero kanpo kontsultetatik igarotzen dena, horregatik horiek eraikin berrira lekualdatzeak eraikin nagusiko zenbait zerbitzu handitzeko eta egokitzeko aukera emango du.
19 espezialitate. Arestian esan bezala, eraikin berriak 19 espezialitate mediko hartuko ditu: Alergologia, anestesia, mina tratatzeko unitatea, kardiologia, kirurgia, dermatologia, endokrinologia, ginekologia, barne-medikuntza, pneumologia, infekziosoak, neurologia, oftalmologia, otorrinolaringologia, erradiologia, erreumatologia, traumatologia eta urologia. Era berean, etxeko ospitalizazio-unitatea eta odola ateratzeko hiru gela izango ditu.
Espezialitate horietako bakoitzerako hainbat kontsulta izango ditu. Osakidetzak aurreratutako eta Deia egunkariak jasotako datuen arabera, zortzina kontsulta izango dituzte traumatologiak eta pneumologiak; seina ginekologiak, endokrinologiak eta otorrinolaringologia eta bost kontsulta dermatologiarako izango dira, eremu bakoitzerako zerbitzu espezifikoez gain: alergologia-probetarako gelak, bihotz-biriketako errehabilitazio gimnasio bat, ekografia eremuak eta erradiologia- kabinak.
Hori gutxi ez, lau arreta gune izango dituen farmazia-anbulatorioa ere izango du Galdakao-Usansolo ospitaleko eraikin berriak. Arreta gunez gain, sendagaiak emateko hainbat espazio, bi kontsulta itxi eta botikak etxera bidaltzeko prestatzeko gunea ere izango ditu.
Ikasteko ere bai. Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako ikasleek ere tokia izango dute eraikin berrian; izan ere, graduko laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleentzako hiru gela izango ditu, orotara 90 ikaslerentzako lekua izango dutenak. Informatika gela, ospitale birtuala, ikasketa gelak eta 100 metro koadroko liburutegia ere izango ditu.
Aurretik aipatutako guztiaz gain, gerentzia eta administrazio zerbitzua ere bertan kokatuko dira eta gainera, 600 aparkaleku inguru izango dituen aparkalekua ere eraikiko da.
Horretarako, eraikin berria eraikitzeko, 28 milioiko diru partida gorde da eta dagoeneko Osakidetzak lehiaketara atera du eraikin berriaren proiektuaren erredakzioa, 3,7 milioiren truke, zeinak definituko beharko luken eraikin berriaren diseinua, aurretik aipatutako ezaugarriak jasoz.
Humanizazioan ere, aitzindari. Azken bi urtetan, ospitaletako Zainketa Intentsiboen Unitateak gaixoz beterik egon dira; Galdakao-Usansolo erietxeko kasua ez da salbuespena izan. Baina aldi berean bada salbuespena; izan ere, Zainketa Intentsiboen Unitatean paziente, senide eta profesionalen arteko harremana eta ospitaleratzea «humanizatu eta atseginagoa» egingo duen prozesua hasi zuen Labeako Ospitaleak 2016an. Bada, prozesu horri nazioarteko ziurtagiria eskaini diote, aintzatespen hori jasotzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen ospitalea bilakatuz.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitalerik «onenak», Espainiako Monitor de Reputación Sanitaria rankingaren arabera, ziurtagiri berria lortu du. Ospitale hori Labea auzoan kokatuta dagoena da, eta kasu honetan ziurtagiri hori Zaintza Intentsiboko Unitatean egiten duten lanagatik jaso du. Ziurtagiri hori —HU-CI proiektuak (Zainketa Intentsiboak Humanizatzen) eta AENORek sustatua— lortu duen Euskadiko lehenengoa da.
Ziurtagiri horrek bermatzen du «unitate horrek bete egiten dituela arreta humanizatua eta kalitatezkoa emateko beharrezko baldintzak», Osakidetzaren arabera. Humanizazioarekin lotutako alderdi batzuek «kezka eragiten zioten unitate honi», erakundeak azaldu duenez. Horrela, 2016an, zerbitzuan Humanizazio Batzordea sortu zen; erakunde honetan, mota horretako lehenengo batzordea bihurtuz.
Lehenengo ekimenen artean, hauek izan dira Humanizazio Batzordeak ekarri dituen aldaketa aitzindariak: senideen bisita-ordutegia luzatzea, senideek pazientearen zainketetan parte hartzea edo senideentzako gida bat egitea —gida horrek unitateko funtzionamenduaren eta bertako ekipamenduaren berri ematen die senideei eta, horrek antsietatea murrizten laguntzen die; bereziki ospitaleratze-unean—, senideentzako atseden-gela egokitu egin dute, pazienteen gaueko atsedena mesedetu da eta kutsadura akustikoa minimizatzeko neurriak hartu dira, eta pazientearen ongizate eta onurarako protokolo ugari egin dira; esaterako, paseatzeko —sendatzeko balio duten paseoak—, sedatzeko eta errehabilitatzeko protokoloa.