Nazioarteko Trikitixa Jaialdia Errenterian eta Galdakaon ospatuko da aurten
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Artisten sareetatik
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Galdakao aukeratu du, Errenteriarekin batera, azaroaren 6an hango eta hemengo trikitilariez Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren bueltan gozatzeko. Atzerriko bi soinulari handirekin batera euskaldunak ere arituko dira oholtzan; tartean Huntza taldeko Josune Arakistain trikitilaria, Süne proiektu berriarekin primizian.
Hainbat urteko etenaldiaren ostean bueltan da Nazioarteko Trikitixa Jaialdia Euskal Herrira. Hemendik aurrera, aurten 50 urteko bidea ospatzen ari den Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatuko du hemengo eta hango trikitilariak oholtzan batuko dituen jaialdia. Eta ekimena urte batzuk antolatu gabe egon bada ere, buelta horretarako Galdakao aukeratu dute Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaz gozatzeko.
Galdakaorekin batera Errenteriak ere hartuko ditu, aurreko egunean, aurtengo jaialdiko gonbidatuak. Gipuzkoako herriak azaroaren 5ean emango dio hasiera aurtengo edizioari, 18:30ean Niessen Kulturgunean. Gurera berriz, Galdakaora, azaroaren 6an 17:30etik aurrera etorriko dira goi-mailako bost soinulari. Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusiak hartuko du jaialdiaren lekuko galdakoztarra.
«Ibilbide oparoko atzerriko bi soinu-jotzailerekin batera, Euskal Herriko hiru trikitilari berritzaile gonbidatu ditugu Ainhoa Urretabizkaia kazetariak aurkeztuko dituen jaialdietara», adierazi du ohar bidez Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Sarrerak urriaren 24tik aurrera izango dira Galdakaoko Udalaren webgunean salgai.
Hauek ba, Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak protagonista izango dituen musikariak:
Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez
2020ean «Agirre» izeneko diskoa sortzeko egin zuten bat Eneko ataundarrak eta Fredi lazkaoarrak. Enekok gaztetatik sortutako hainbat kanturekin osatu zuen bakarkako lehen disko hau; bere ibilbidean aritutako taldeetan jotakoak dira batzuk, eta lehenengoz argitaratuak besteak, guztiak ere Frediren Rhodes pianoarekin jantziak. Zuzenekoetan berriz, disko honetako kantuez gain, blues edota jazz estiloetako kantuekin ere jolastu ohi dute. Eneko Dorronsoro ibilbide luzeko musikari bikaina dugu, hainbat taldetan estilo ezberdin ugari jorratu dituena.
Damien Mullane, Irlanda
Damien Mullanek edozein musikari beteranok adinako curriculum zabala dauka bere ibilbide laburrean. Abangoardiako estiloa duen jotzaile birtuoso gisa aurkeztu izan dute. Irlandan barrena soinu handiarekin nahiz melodeoiarekin hainbat sari irabazitakoa da eta Frankie Gavin’s band De Dannan taldean hasi zuen bere ibilbidea. Munduan zehar bere musika ezagutarazten ibilia da eta baita jende ospetsu ugariren aurrean jotakoa ere. Ronnie Wood-ekin (RollingStones) edo Sting-ekin (Police) kolaboratu izan du, besteak beste. «13» izeneko bere lehen diskoa argitaratu berria du beste hainbat musikariren laguntzarekin. Jaialdi honetan bakarka arituko da.
Eneritz Furyak, Euskal Herria
Kasernarat taldean hasi zuen bere ibilbidea Eneritz irundarrak, harik eta 2017an bakarkako lehen diskoa argitaratzeko saltoa egin zuen arte. Ordutik, auto-ekoizpeneko hiru disko argitaratu ditu. Azkena, 2021ean, gaur-gaurkoak diren eraginez jositako post folk estiloko hamar kantuz osatua. Letra abstraktuak erabiltzen ditu bere kantuetan, interpretazio ezberdinei bidea irekiz. Bakarkako lan hauetan gitarrarekin ikusi izan dugun arren, jaialdi honetara soinu txikia soinean hartuta etorriko zaigu.
Liv Hallum eta Ivan Caro, Katalunia
Liv Hallum soinu-jole kataluniarra ibilbide oparoa duen musikari eta irakaslea da. Magari edo Orquestrina Trama izeneko taldeekin ezagunagoa den arren, oraingo honetan, kataluniar herri musikako haizezko tresnen jotzaile bikaina den Ivan Carok lagundurik datorkigu. Pirinioetako herrietako plazetan jotzen zen dantzarako musikan inspiratuta, bikote honek sustrai tradizionaleko gaiak eta berezko konposizioak ekarriko dizkigu: pasodobleak, mazurkak, txotisak, cercleak, rondeuak, xampanyak… Liv-en kataluniar soinu diatonikoarekin batera, Ivanen gralla, okarina eta flaviola entzuteko aukera izango dugu.
Süne eta Huizi, Euskal Herria
Josune Arakistain Huntza taldeko soinu-jotzaile gisa eta hainbat trikitixa txapelketako garaile moduan ezagunagoa den arren, azken urtean Süne izeneko proiektuarekin ere buru belarri murgildua dabil. Proiektu honetan Rikki DJ mutrikuarrak laguntzen badu ere, Nazioarteko Trikitixa Jaialdian Aitor Huizi biolin-jotzailea izango du oholtzan bere alboan. Josuneren bakarkako bide honetan, Süne primizian datorkigu zuzeneko berri batekin. Soinu txikia elektronikarekin nahastuz, aire berritzaileak entzuteko aukera izango dugu.