Aitor Montes: «Isolamendua ari naiz pairatzen historia klinikoak euskaraz idazteagatik»
Aitor Montes, mediku euskaltzalea
BINKE / 2023ko abendua
«Pazientea ez baduzu ulertzen, edo berarekin konfiantza ez baduzu lortzen, jai daukazu»
· Aitor Montes Lasarte
1972, Galdakao
Medikuntza ikasketak EHUn egin ostean, Familia Medikuntza espezialitatea egin zuen Usansoloko ospitalean. Hamahiru urte daramatza Aramoioko mediku bakarra izaten, eta bertatik ari da bere paziente euskaldunen historia klinikoa euskaraz osatu nahian, «pazientearen eskubidea ere badelako». Baina, Kanadako ele ofizialetan arreta soziosanitarioa bermatzeko estandar klinikoen egileetako bat bada ere, ‘etxean’ arazoak ditu euskaraz egin ahal izateko.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
Osakidetzako familia-mediku bakarra da Aramaion Aitor Montes galdakoztarra. Horrek ez luke, berez, albiste izan beharko. Baina Montesek osasungintza publikoa barnetik euskalduntzeko egiten duen lanak eta horrek ekartzen dizkion arazoak badira albiste azken urteetan. Ondorioz, bere egoeraren berri emateko Eusko Legebiltzarrean egon da eta euskaraz egiteagatik sufritzen ari den jazarpena salatzeko elkartasun elkarretaratzeak egin dituzte Debagoienan.
Labur azalduta, jakin daiteke zergatik ari zaren sufritzen? Sufritu? Batez ere isolamendua eta ziurgabetasuna ari naiz pairatzen, euskaldunak diren pazienteen eta hala eskatzen didatenen historia klinikoa euskaraz idazteagatik.
Isolamendua eta ziurgabetasuna, zergatik? Behin euskaraz eginda ez dakidalako ospitalerako biderapen bat bidaltzen badut erantzungo didaten, erantzuna «en castellano» izango ote den, edo telefonoz deituko didaten, email bat bidali edo kontsultan pintaketak egin horren ondorioz.
Baina horrelakoak gertatu izan zaizkizu? Bai, eta okerragoak ere.
Ordea, zure aldeko manifestazioak ere egin izan dira Debagoienako herrietan. Zelan hartu duzu zure alde egin diren mugimendu herritarrak? Oso eskertuta, bizi dudan isolamendua apurtzeko baliagarri izan zaizkidalako… baina baita Osakidetzako zuzendaritzak euskaldunek arreta euskaraz nahiago dutela kontuan hartzeko ere.
Eusko Legebiltzarrean ere egon berri zara, zein helbururekin? Egoeraren berri emateko eta legebiltzarkideak interpelatzeko.
Goazen zure eguneroko jardunaz berba egitera. Paziente guztien historia kliniko guztiak egiten dituzu euskaraz? Ez. Erdaldunen historia klinikoa gaztelaniaz idazten dut eta euskaldunena, euskaraz.
Pazienteak gura badu, eta bere medikua zaren heinean zuk ahal baduzu… Non dago baina arazoa?Galdera horri Osakidetzako zuzendaritzak eman beharko lioke erantzuna. Eurentzat arazo bakarra euskara baita.
Baina paziente horrek gero beste profesional batengana joan behar badu, eta harek ez badaki euskaraz… Horretarako proposatu ziren arreta espezializatuko zirkuituak, eta Osakidetzak onartu ditu.
Zer dira «arreta espezializatuko zirkuituak»? Larrialdietarako ez diren kontsultak egun eta ordu tarte zehatzetan gaztelaniaz eta beste egun batzuetan euskaraz eskaintzeko «zerbitzua». Modu honetan, ezer larririk ez baduzu eta kontsultara joan behar baduzu, profesional euskaldunak artatuko zaituenaren bermea izango duzu.
Aramaion zara familia-mediku. Zein da bertako egoera soziolinguistikoa? UEMAko herria da, euskaldunen ehunekoa 80-90 inguruan ibiliko da eta asko dira Osakidetzako arreta euskaraz eskatu dutenak.
Profesionaltasunaren ikuspegitik eraginkortasuna galtzen ari zarela leporatu diezazukete, akaso? Ez dut uste; Aramaion 13 urteren ondoren pazienteak ondo ezagutzen ditut eta bizkor kudeatzen dut egin beharrekoa. Erdaraz ezingo zenuke hori egin.
Hala ere, Osakidetzako sistema informatikoa elebidun dago ala hizkuntza bakarrean? Gero eta gehiago dago elebidun, baina asko falta da oraindik Osakidetzaren sistema informatikoa euskalduntzeko: diagnostikoak ezin ditugu euskaraz idatzi, eta irudi-proben txostenak gazteleraz datoz, esaterako. Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuaren aplikazioa euskaraz jartzea lortu banuen ere, oraindik asko dago egiteko.
Behin Debagoieneko ESIa elebidun, ezin daiteke Osakidetza osora hedatu? Arian-arian, bai, Debagoiena baino eremu euskaldunagoak badirelako gainera. Baina Barrualde-Galdakao ESIan ere posible da, adibidez.
Hitz tekniko eta klinikoak euskaraz ezagutzea ez da ba erraza izango, ez badituzue medikuntzako ikasketak euskaraz egin. Zailagoa da medikuntza ikastea. Baina badaude testuak eta, behar izanez gero, euskara teknikarien laguntza ere baduzu hitz kliniko eta teknikoak euskaraz nola esaten diren jakiteko.
Gaur egungo medikuek arazo gutxiago izango dituzte zentzu horretan? Egun medikuntza euskaraz ikas daiteke, bai, eta asko dira hala eskatzen dutenak. Baina beste arazo bat sortu da orain horri lotuta: ez da behar adina plazarik eskaintzen unibertsitatean medikuntza ikasketak euskaraz egin ahal izateko.
Zergatik da garrantzitsua osasungintza ere barnetik euskalduna izatea? Pazientea ez baduzu ulertzen, edo berarekin konfiantza ez baduzu lortzen, jai daukazu. Pertsonengan ardazturiko arretak hizkuntza kontuan hartu behar du nahitaez.
Zer egin daiteke Euskal Herriko osasungintza euskalduntzeko? Labur azalduta, bost zutabe garrantzitsutan egingo nuke: euskarri informatikoa osorik euskaraz garatuko nuke; odol eta gernu analisien emaitzak euskaraz ere eskainiko nituzke; irudi-proben txostenak ere euskaraz emango nituzke; euskarazko arreta zirkuituak sortuko nituzke; eta kode etikoak zein harrera protokoloak egokituko nituzke, euskara kontuan hartuz.
Herritarraren eskubidea da osasungintza publikoan euskaraz artatu ahal izatea. Baina profesionalarena? Biak batera doaz, zeren euskarazko arreta emateko euskaraz lan egin behar da. Eta gehiago esango dut, profesionalen kasuan, betebeharra ere litzateke. Baina dirudienez, ez digute uzten… ez bata ez bestea.
Eskubideez ari garela, mediku bat sartu al daiteke zure pazienteen espedienteetan inongo baimenik gabe? Ez, kode penalean jasota dago. Ilegala da. Baina niri gertatu zitzaidan. Beste mediku bat nire paziente euskaldun baten espedientean sartu zen, baimenik gabe eta ingelesez idatziz, euskaraz egiten nuela kritikatzeko.
Baina, ingelesez lan egin dezakezue? Ezta ere, ez baita hizkuntza ofiziala. Bertako hizkuntza ofizialetan bakarrik egin dezakegu. Ofiziala ez den hizkuntza batean aritzea legez kanpo dagoela ere esango nuke.
Ingelesa erabiltzeko «proposamena» beste hainbatetan egin dizute, ezta? Pazienteen historia klinikoan hiru aldiz gertatu zait. Eta behin baita telefonoz ere, euskaraz egiteagatik ingelesez erantzungo zidatela esateko.
Zuk, dena dela, ingelesa ere ondotxo menperatuko duzu? Kanadako estandarrak egiten parte hartu nuen, noski, ingelesez. Oxfordeko unibertsitatean ere ikastaro bat egin nuen… eta Dublinen edo Liverpoolen ere mozkortu! (barreka)
Nazioarteko profesionalekin baduzu harremanik? Galesen eta Kanadan batez ere harreman handia dut bertako profesionalekin, baina baita Italia, Australia, Finlandia, Kurdistan, eta beste herrietako adituekin ere. Askorekin hizkuntza txikien erabileraz aritzen naiz, eurenetik ikasteko, baina beste batzuekin bestelako gaiez ere aritzen naiz, beti ere medikuntzaren bueltan.
Hizkuntza txikiak dituzten herrialdeetako osasungintzaren egoera zelakoa da, hizkuntzari dagokionez?Lekuaren araberakoa ona edo txarra izan daiteke, gurearekin alderatuta. Kanadako frantses hiztunen edo Hego-Tiroleko alemaniar hiztunen egoera gurea baino askoz hobeagoa da; kurduena aldiz, askoz txarragoa… Herri ‘aurreratuetan’ hizkuntzari garrantzi handia ematen zaio. Guk herri ‘aurreratua’ izan nahi badugu ordea…
Sufritzen ari zaren estres linguistikoaren kontziente zara? Jakina. Sisiforen lana da.
Azken galdera, eta ohikoena askoren ahotan: zuk zer nahiago, mediku euskalduna ala mediku ona? Ohiko galdera maltzurra, euskaldunak makurtzeko eta lotsarazteko asmoz egiten dutena. Parisen ez dute galdetuko mediku on bat edo frantsesez dakien bat nahiago duzun, izan ere paziente eta medikuaren arteko komunikazioa gakoa baita. Ez dago mediku onik; bere funtzioa betetzen duen profesionala baizik eta, horretarako, hizkuntza tresna giltzarria da. •