Aitzol Atutxa: «Urrezko txapelaren zatitxo bat galdakoztarra ere bada»
Aitzol Atutxa, aizkolaria
BINKE / 2016ko ekaina
«Urrezko txapelaren zatitxo bat galdakoztarra ere bada»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Atutxaren artxiboa
Zer ikusi hura ikasi, dio esaerak. Horrela hasi zen umetatik gure hilabeteko kirolari protagonista, aitak enborrak zelan ebagitzen zituen ikusita. Gaur berriz, Bizkaiko eta Euskal Herriko aizkolari txapelduna da.
Etxean 50 txapelatik gora ditu Aitzol Atutxa (Bilbo, 1988) aizkolari gazteak. Baina beretzat garrantzitsuenak, duda barik, Euskal Herriko txapel biak (Beasain 2014, Basauri 2015) eta 2007 geroztik errenkadan irabazi dituen Bizkaiko guztiak dira. Garaiotako aizkolari onena dugu Atutxa eta Urrezko Aizkora irabazi berri duen honetan elkarrizketatu dugu. Askok horregatik ezagutuko dute, baina Galdakaon gutxik jakingo du gure herriarekin lotura estua duela kirolariak.
Galdakaora ere ekarriko zenuen hainbeste desiatutako garaikurra, ezta? Bai, gainera txapelaren zatitxo bat galdakoztarra be bada. Finalerdia bertan jokatu neban eta finalerako txartela bertan lortu. Beti izan dot lotura Galdakaogaz, aitite bertan bizi da eta aita be 20 urtean bertan bizi izan zan. Nire bizimodua Bilbo eta Dima artean egiten dot, beraz Galdakao zentrua da nire egunerokotasunean!
Eta geure herrian hamaika aldiz izandakoa ere bazara… Aizkoreagaz jaietan baita txapelketa garrantzitsuetako aurreko faseetan be tokatu izan jata bertan jardutea. Etxean bezala sentiduten naz Galdakaon, ezagun asko dekodaz bertan eta sarritan joaten naz eurei bisita egin eta tabernetatik tragu batzuk hartzera. Torrezabal Kultur Etxean egiten diran hainbat ekitaldira be animatzen naz denbora librea dekodanean.
Zeu izan zara Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa Nagusia irabazten lehen bizkaitarra. Zer dute ba besteek, bizkaitarrok ez duguna? Bizkaian sekula ez da egon aizkolaritzarako afiziorik txapeldun handirik egon ez dalako? Ala, Bizkaian sekula ez da egon aizkolari txapeldun handirik afiziorik egon ez dalako? Arraultza edo oiloa? Zein lehenago? Gipuzkoa eta Nafarroan biak daukiez, gure kasuan ez. Baina gaur egun txapelduna badekogu, espero daigun afizioa atzetik etortzea…
Herri kirolak gutxitan izaten dira titular eta batzuek adinekoen kontuekin baino ez dituzte lotzen, baina zeu gazte-gaztea zara… Lehengoari lotuta doala esango neuke. Afizio hori zaharren artean dago batez be eta horreri nola edo hala buelta emon behar jako. Herri kiroletan edonorentzako dago lekua, edozein adin dozula hasi zeinke praktikatzen eta hori aldatu behar da. Gazteria parte hartzera animatzen bada jende gaztea hurbilduko da saioaz gozatzera.
Behin Urrezko Aizkora irabazita, zein helburu gelditzen zaio Euskal Herriko txapeldunari? Azken txapel honegaz aizkolaritzan dagozan txapelketa guztiak irabazi dodaz. Egia da batan bat errepikatzea gustauko jatala baina hurrengo erronka apustu bat egitea da. Otsailaren 13rako egon zan Olasagastin aurkako apustua baina sufritu eban istripuaren ondorioz bertan behera geratu zan. Ia posible dan aurton egitea, jendea desiatzen dago eta gu prest!