«Alboan duzun hori», Julen Gabiria
Urandreak lez
Julen Gabiria Lara
BINKE / 2021eko azaroa
Alboan duzun hori
Amaitzear den urte honek utzi dizkigun albisteen artean, bada bat herri gisa izugarri —edo beldurgarri, gauza bera baita— ondo erretratatzen gaituena: apirilean bueltatu da bere jaioterrira Joseba Sarrionandia, bizialdi oso baten ostean. Iurretako gazte batek 22 urterekin zapaldu zuen herria azken aldiz, eta 63 urteko gizon bat itzuli da, orduko hura ez den beste pertsona bat, orduko hura ez den beste Iurreta batera.
Sarriren begien barruan gelatxo bat balego, gustura eseriko nintzateke hango sofa batean, eta handik kontenplatu zeri begira geratu ote zen bera, 41 urteren ondorengo itzuleran; zerk eman ote zion atentzioa, zein aldaketa xumek, guretzat jada ezin sumatuzkoa denak. Euskal Herri osoa, mundua bera, zertan aldatu den eta zertan den berdina.
Hoberantz egin dugulako esperantzan eseriko nintzateke sofa horretan, baina errealitatea horma bat da gehienetan. Irudikatu Sarrionandia Barajastik Loiura ekarri zuen hegazkina; irudikatu bere ondoan emakume bat eserita; bada, emakume hori da errealitatea: euskal herritar askorentzat ikurra eta erreferentea den gizon horren ondoko aulkian dagoen emakumea, bidaia osoa eman duena Hola irakurtzen, horixe da Euskal Herria, eta akaso mundua ere bai: ondo-ondoan izatea zure herriaren historiaren parte garrantzitsu bat, eta zuk ez jakitea, ezta sumatzea ere; are gehiago: zure interes osoa esku artean dituzun txutxu-mutxu hutsaletan galtzea.
Zalantza dut ez ote den andre hori errealitatearen ordezkari errealagoa, Sarrionandia bera baino. Ez ote gaituen andre horrek beldurgarri ondo erretratatzen herri gisa, mundu gisa.