«Ama sua» MG Bandaren laugarren lana aurteztu dute Sormeneren azken eguerdian
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
«Ama sua» MG Bandaren laugarren lana aurteztu dute Sormeneren azken eguerdian
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
«Hatxek» eta Peru Galbetek haien emanaldiak behin eskainita, MG Banda taldeak hartu die lekukoa Sormene plazan. Arratiako taldeak «Ama Sua» lan berria aurkeztearekin batera, dantzan jarri du aretoa ska eta reggae doinuen bitartez!
Konfinamendu betean kaleratu zuen MG Bandak bere lan berria. «Ama Sua» du izena eta suaren kontzeptua bera hartu dute inspirazio iturri nagusi, diskaren sortze prozesuan zein abestietan. Bost abestik osatzen duten biniloa da hau, eta suaren kolore bizi eta gorrituek ematen diote irudia lanari. MG Bandak —aurretik Materia Gris bezala ezaguna— 14 urte luze daramatza jada oholtza gainean, eta haien lehen pausuetatik gaur arte, reggaea, ska musika, edota 70. hamarkadako The Specials gisako taldeen doinu klasikoak izan dira urte hauetan guztietan haien kantak gorpuztu dituzten generoak.
Arratiako taldearen laugarren estudio lana da «Ama Sua», eta aurrekotan ez bezala, kasu honetan grabazio analogikoa egitearen erabakia hartu dute, haiek diotenez, bide honetan soinu klasikoago bat lortu baitute, formatu klasiko batean gainera. CD formatua baztertzearen erabaki nagusia, gaur egun duten erabilera urriaz gain, alderdi ekonomikotik begiratuta eragiten duten errentagarritasun eza izan dela azpimarratu nahi izan du Aimar Fernandez «Zorok», taldeko abeslari eta baxu joleak. Gainera, itxialdiak ezustean harrapatu zuen taldea, eta ez zitzaien erraza izan erabakia hartzea, hots, ez zuten jakin konfinamenduan zehar diska kaleratu edota hau bukatu arte itxaron, baina azkenean argitara eramatea erabaki zuten.
Eskainitako kontzertuari dagokionez, bost kide desberdinek hartu dute oholtza: baxuak, gitarrak, teklatuak, bateriak eta zehar flautak. Aurreko lerroetan esan bezala, ska eta reggae generoa izan da nagusi ikuskizun osoan zehar. Batzuetan intentsitate gehiago erabiliz, beste batzuetan, berriz, leunago, baina finean doinu alaiek eta erritmo dantzagarriek osatzen dute MG Bandaren lan berri hau, nahiz eta tarteka doinu ilunak ere erabili. Zita historikoak erabiltzeaz gain, haien inguruari, hau da, Arratia aldeko bazterrei ere kantatzen diete haien letretan. Bertako inguruetako erreferentziak erabiltzen dituzte behin baino gehiagotan.
Azken emanaldi honek itxi du Sormeneren azken egunaren goiza. Arratsaldean, berriz, rockak hartuko du garrantzia, eta genero honen biatan ari diren hiru talde desberdin izango dira plazan: Hilotz, Raust! eta Ro. Ondoren, Nerea Ariznbarraetak eta Mariano Hurtadok «Ezberdin bezain eder» izeneko ipuin kontaketa egingo dute, eta, eguna biribiltzeko, Aiko taldeak mutil-dantza ikastaroa eskainiko du.
Horrela amaituko da Sormeneren lehenengo edizioa aurten, eta amaiera guzti horetaz gozatu ahal izango dugu Binkeren webgunetik zuzenean streaming bidez.