Kontxi Belandia: «Alaitasunari esker garai txarrak arinago pasatzen dira»
Galdakaok eman duen euskaltzalerik ezagun eta maitatuena joan zaigu bart gabaz, Kontxi Belandia (1929-2020). Omenaldi eta agur presentzialik egin ezin den garai honetan, Binkek 2016ko urtarrilean egindako elkarrizketa berreskuratu gura izan du, «Amama Kontxiren» eta herriko euskaltzale guztion omenez. Binke aldizkaria sortu eta berari egin genion lehenengo elkarrizketa nagusia; ezin zitekeen beste modu batera izan. Gugan bego, Amama.
ELKARRIZKETA:
Kontxi Belandia Lekue, amama euskaltzalea
BINKE / 2016ko urtarrila
«Alaitasunari esker garai txarrak arinago pasatzen dira»
TESTUA ETA ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Galdakaotik ibili ohi den gutxik ez du ezagutuko emakume hau eta berak ere gutxi utziko ditu bere ondotik pasa eta gaztelania hutsean ari direnak gelditu gabe, euskaraz aritzera animatu guran. Herrian oso amama maitatua da Kontxi Belandia (1929, Galdakao). Hain da maitatua, askok Amama Kontxi ere deitzen dute, lotura biologikorik izan gabe ere. Bera horrelakoa delako: maitagarria, irribarretsua eta, batez ere, euskaltzalea.
Kalean euskara modu positiboan kutsatzen duen emakumeak bere etxean hartu gaitu pozarren, amantala eskegi eta ezpainak gorri-gorri margotuta. Mokadutxoa eskaini eta sofan lekutxoa egin digu solasean hasteko gogotsu.
Gazte askok ere gurako luke zeuk duzun energia izatea, Kontxi! Hori dinoe sikieran! Baina neuk bere ahaleginak egiten dodaz energia izateko. Beti esaten dot: «Bizi nazan artean, bizi! Etorriko da denporea isilik egoteko eta!» (barreka)
Asko sufritu duen emakumea izanda ere, beti duzu berba ederren bat denentzat… Barrutik sentitzen dodana baino ez dot ataraten, asko maite dot mundu guztia eta neuk asko sufritu badot, ez dot inork sufritzerik gura, laztana. Ganera, alaitasunari esker garai txarrak arinago pasatzen dira.
Zergatik sufritu duzu hainbeste? Gogoan dot Galdakao osoa sutan ikusi nebanean, baita Plazakoetxe bonbardatu ebeneko eguna bere. Bertan nengoan neu bonba bat bota ebenean, izekoren etxean. Hogei galdakoztar hil ebezan une horretan…
«Euskal Herritik igesi oinez urten genduan Galdakaotik Santanderrera»
Hurbilagotik ere sufritu izan duzu gerra eta gerraren ondorioa, ezta? Euskal Herritik igesi oinez urten genduan Galdakaotik, nora ginoiazan jakin barik, eta Santanderren agertu ginan. Bertan itsasontziren bat hartzeko asmoa genduan, urrun alde egiteko asmoz, baina ordurako danek alde egin eben. Eskerrak garai haretako Euskal Gobernuak Gijonera trenez eroan ginduzana. Bertan ikatza garraiatzen eban barku bat hartu eta Hendaiara eroan ginduezan. Lapurdiko herrian beste tren bat hartu genduan eta bidean amama trenetik jausi eta hil egin jakun… Amama barik eta amatxu negarrari ezin eutsirik heldu ginan, erabat gosetuta eta ikatzez lepora arte, Frantziako iparraldean dagoan Rouen urira. Bertan hiru urte emon genduzan.
Han frantsesez aritzen zineten, baina… handik ez zitzaizun ba euskaltzaletasuna etorriko! Ez horixe! Euskerea amagandik jaso eta beragaitik maite dot. Txikitatik konturatu nintzan euskaldunon hizkuntzea euskerea dana, eta are gehiago hona etorri eta euskeraz berba egitea debekatu euskuenean! Ja! Ez euskuen itxiko ba! Gura ebanak egiten eban! Gaur egun bere, eh! Ez dago atxakiarik!
«Euskeraz entzuten ez dauan erdeldunak ez dau geure altxorra ikasteko beharrizanik sentitzen»
Eta euskaltzaletasun hori hainbat ekimenetan parte hartuz ere jartzen duzu praktikan, ezta? Berbalagun ekimenean parte hartzen dot eta herrian antolatzen diran euskerazko ekimen guztietara joaten naz ahal dodan guztietan! Ez dakizu ze pozik joaten nazan holakoetara! Ene! Eta bertsoak… horreek bai gustatzen jatazala! Ez dago neure musurik jaso ez dauan bertsolaririk! (barreka)
Argazkiak egitetik bueltan emakume bat ere gelditu duzu, euskaraz egitera modu goxoan behartuta. Askok euskerea ez dakiala esaten dabe praktikan ez jarteko lotsaz, baina geure ardurea bere bada danak euskeraz egitera animatzea! Eta ez dakianari bere ondo esan behar jako, neuk behintzat esaten deutset: «Ikasiko dozu! Hamen bizi bazara eta euskaldun izan gura badozu, bertoko hizkuntzea ikasi behar dozu eta! Animo pitxin!». Hori bai, gura dauanak ikasten dau.
Zelan ikusten duzu gaur egungo gazteria? Bueno… danerik dago, horregaitik sarri akuluagaz ibili behar izaten naz kaletik eh! Gaurko gazteek badakie, baina ez dabe erabilten. Askotan, gaztetxu talde baten ondotik pasa eta erderaz entzuten badodaz, taldearen erdira sartzen naz kokola banintike legez: «Ene! Ez zarie bertokoak?» esan eta harro-harro erantzuten dabe: «Baaai!». Hortxe ibilten naz eurak zirikatzen. Hurrungoetan, urreratzen ikusten nabenean, atoan hasten dira euskeraz!
Horrela ibili behar izatea ere… Borondate faltea dago, eta ez gara kontziente euskaldunok beti euskeraz ibiliko bagina, jente gehiagok ikasiko leukeala geure hizkuntzea, praktikatzeko erreztasunak izango leukiezalako edota beste erremediorik izango ez leukielako. Azken finean, euskeraz entzuten ez dauan erdaldunak ez dau geure altxorra ikasteko beharrizanik sentitzen.
«Euskaldunok beti euskeraz ibiliko bagina, jente gehiagok ikasiko leuke geure hizkuntzea»
Zoragarria da euskara zenbat maitatu daitekeen ikustea! Neurea baino ez dot maitatzen; bestea derrigortu egin euskuen eta geurea debekatu. Akorduan dot Galdakaon, Franco garaiak pasata bere, kalean euskeraz egiteagaitik neskak komisariara eroaten ebezala ulea ebateko. Mutil euskaldunak, barriz, 24 ordu sartzen ebezan txakurtegian! Zelan ez dot ba geurea maiteko! Baina batzuetan bizipozak bere jasoten dira euskeratik. Gogoan dot herrian omenalditxu bat egin eustenean… begira, hamentxe dot oparitu eusten gomutagarri ederra!
«Maitasuna emoteagaitik jaso bere egiten dozu»
Zeure telefono mugikorra jotzen ari da, Kontxi, baina amaitzeko ezin galdera hau saihestu: zenbat musu banatzen dituzu egunean? (barreari ezin eutsiz) Itzel disfrutatzen dot, pitxin! Neuk danak maite dodaz eta! Musuak emoten maitasuna banatzen da, eta maitasuna emoteagaitik jaso bere egiten dozu. Holan pozik bizi naz, neuk gura dodalako!