Andra Marik kantuan eta dantzan jarri ditu ikasleak Sormenen
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Andra Marik kantuan eta dantzan jarri ditu ikasleak Sormenen
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
BIDEOA: Binke
Sormeneren ekuadorrean dantza izango da protagonista oholtzan, eta Andra Mari Dantza Taldeak eman dio egunari hasiera ikastetxeetako ikasleei eskainitako bi tailerrekin. Dantzan eta kantuan jarri dituzte ikasleak!
Aurten bete ditu 65 urte Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak. Orduko eliza katolikoaren babesarekin sortu zuten 1955. urtean Galdakaoko hainbat gaztek, eta hortik gutxira hasi ziren zekiten hori mundu guztitik zehar barraiatzen. Beranduago, 70. hamarkadan, Galdakaon bertan zein Euskal Herri guztian zehar aurkitu zitezkeen ohituren eta usadioen ikerketa abiatu zuten. Hainbat errito, musika eta dantza zaharren berreskurapen lana osatzen hasi ziren horrela. Bide honetan, galduta zeuden edota galtzear zeuden hainbat tradizio berreskuratu eta haien biziraupena bermatu zuten.
Halaxe abiatu dute gaurko tailerra Andra Mariko Irene Gutierrezek eta Iker Bidartek, dantza taldearen sustraiak eta jatorriak zeintzuk diren bideo baten bitartez gazteei azalduz, alegia. Bai bata eta bai bestea dantza taldean noiz hasi ziren esatearekin batera, «helburu berdin bat duten eta hau zabaldu nahi duten lagun talde gisa» laburtu dute Andra Mari. Horrekin batera, dantza taldearen nondik norakoak azaltzeaz gain, urtean zehar egiten dituzten ekintzak eta jaialdiak zeintzuk diren azaldu dizkiete Galdakaoko ikastetxeetako ikasleei. Besteak beste: inauteriak, Santa Ageda, San Juan bezpera, maiatzeko erreginak edota Olentzeroren egunarekin batera, Folklore Bizian eta Musika Bizian nazioarteko jaialdiak ere antolatzen dituztela azaldu diete ikasleei.
Ondoren etorri da ikasleen txanda: Antontxu kanta denen artean abestu ondoren, bi ikasle taula gainera igo, eta haiekin batera Marmutx dantza irakatsi diete gainontzekoei. Behin denek dantza barneratuta, areto guztitik sakabanatuz eta haien artean tarteak errespetatuz hau praktikara eraman dute, denek dantzatuz. Saioa biribiltzeko ikasleei galderak egiteko aukera eman diete, eta haien ezusterako, hainbat izan dira dantza taldearen inguruan egin dizkieten galderak.
Gaur arratsaldean, berriz, dantza eta antzerki emanaldia izango da Kirats Teatroaren eskutik. Mariage d’Amour eskainiko dute Nerea Iglesiasek eta Xabi Madinak, aktore, musikari eta dantzari lanetan. Doako sarrera da eta gonbidapenak saioaren aurretik eskuratu ahal izango dira Torrezabaleko lehiatilan bertan. Bertaratu ezin duenak, Binkeren webgunearen hasiera-orritik ere jarraitu ahal izango du zuzenekoa streaming bidez.