Ane Valencia: «Mairin adin desberdineko emakumeak entzungo ditugu»
Ane Valencia Laso, Mairi talde feminista
BINKE / 2019ko abendua
«Mairin adin desberdineko emakumeak entzungo ditugu»
Azaroaren 25aren bezperan aurkeztu zen Galdakaon talde feminista berria: Mairi. Aurkezpena Ane Valencia galdakoztar gazteak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gidatu zuten, Gandasegiko aretoan.
Talde feminista berria sortu da Galdakaon: Mairi Emakume Feminista Batza, eta bere presidente den Ane Valencia Lasorekin (Galdakao, 1992) berba egin dugu taldearen nondik norakoez. Argazkian, ezkerretik lehena da Valencia, Izaskun Landaida ondoan duela elkarteko hainbat batzordekiderekin batera.
Zergatik Mairi izena? Mairi aparteko indarra duen sexu femeninoko jenio bat da, herri sinesmenaren arabera. Mairi Euskal Herrian bizi izan zen gizakirik zaharrena da, eta eskuz garraiatzen zituen Arradoi mendiko haitz erraldoiak trikuharri eta gazteluak eraikitzeko.
Pertsonaia mitologiko horren indarrarekin arituko zarete, beraz? Mairi ahalduntzeari buruzko hausnarketarako gune eta emakumeen arteko aliantzak eraiki ahal izatea da, pertsonaia bera bezain indartsuak izateko. Bertan emakumeen aurkako indarkeria salatu, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzendutako baliabide erabilgarriei buruzko laguntza eta orientazioa eskaini, genero-indarkeriaren inguruko jarrerak, mitoak eta estereotipoak desagerrarazi, autoestimua eta bizi-kalitatea hobetzen saiatu eta emakumeen memoria historikoa berreskuratzen jarraituko dugu, besteak beste.
Zein izango da zuen lan egiteko esparrua? Tailerrak, hitzaldiak eta solasaldiak egingo ditugu Galdakaon. Garatuko dugun jarduera motaren arabera, Zubiaurretarren 7ko gure lokalean egingo ditugu edo, bestela, lokal bat eskatuko diogu Udalari. Gure asmoa beste udalerrietako elkarteekin harremanetan jartzea da eta elkarrekin lan egitea berdintasunaren alde bidea eraikitzen jarraitzeko.
Hala ere, galdakoztarrak ez diren kargu politikoak izan ziren aurkezpenean. Zergatik? Elkarte feminista baten sorrera bultzatzeko etorri ziren, eta bertako foku lokalaz aparte, berdintasuna bultzatzen dutenekin indarrak batzeko asmoa dugu. Mairitik oso eskertuta gaude aurkezpen ekitaldira Izaskun Landaida —Emakundeko zuzendaria—, Udaleko zinegotziak, bitxigileak, sexologak, erizainak… joan izana.
Baina Mairik politikan ere eragiteko helburua du? Gure ideiekin edo proposamenekin emakumeen bizitza hobetzea lor badezakegu eta, horrekin, berdintasunaren aldeko beste urrats bat eman badezakegu, zergatik ez. Udalaren Berdintasunerako Kontseilutik lan egingo du Mairik, gainerako elkarte feministekin batera.
Nortzuk zaudete proiektuaren atzean? Une honetan 40 bazkide inguru gara, 27 eta 68 urte bitarteko emakumeak. Ez dugu adin bakar bat ere diskriminatzen. Are gehiago gu guztiontzat aldeko puntua dela uste dugu, ekimen ezberdinak martxan jarri ahal izateko.
Herrian badago beste talde feminista bat, zerk bereiztuko zaitue? Mairin adin desberdineko emakumeak entzungo ditugu. Zerk kezkatzen dituen ikusiko dugu, eta horren arabera, jarduera batzuk edo beste batzuk egingo ditugu.
Feminismoa lantzeko, indarrak batzea ez al da garrantzitsua? Elkarte feminista guztiok helburu nagusi bat dugu: berdintasuna lortzea. Baina berdintasuna lortzeko, elkarrekin lan egin behar dugu, bai emakume zein gizonek.