Aniztasuna aldarri duen ipuin musikatua kontatu dute Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok Sormenen
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Aniztasuna aldarri duen ipuin musikatua kontatu dute Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok Sormenen
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
BIDEOA: Binke
Sormeneren egitarauaren amaierara iritsi gara, eta eguna bukatzeko azkenaurreko eskaintza etxeko txikienei eskaini zaie. Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado izan dira oholtza gainean «Ezberdin bezain eder» ipuin musikatua aurkezten, haurren arreta eta haien algara bereganatuz!
Besteak beste, «ezberdina izatea» da Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtado bikoteak ipuin guztietan zehar erabili eta jorratzen duen gai nagusia. Hala diote eurek: «Anitz eta ezberdina den hori, kuriositatez begiratu, eta horretaz gain beregana hurbildu eta hau ezagutu,… hau da haurrei helarazi nahi izan dieguna». Hau lortu ahal izateko, musika instrumentu desberdinez baliatzen dira bai Ariznbarreta eta bai Hurtado, zuzeneko musika erabiltzen dute istorio guztietan zehar, haien ustez, «honi esker lortzen baitute umeek emozioak ernetzea, ertzak biguntzea, begiradak zabaltzea edota aniztasuna laguntzat izatea».
«Ezberdin bezain eder» ipuin kontaketaren baitan hiru istorio desberdin kontatzen ditu bikoteak, hauetako bakoitzean protagonista eta pertsonaia desberdinak erabiliz, gainera. Hala nola, txirula izan nahi zuen kontrabaxua, milaka koloretako eguzki izpi arraroa, edota ezusteko oparia jaso zuen urtxintxa dira jorratzen dituzten protagonistetako batzuk. Gainera, protagonista bakotiza soinu zehatz eta konkretu batekin lotzen dute, eta, honela, batez ere soinu hauek protagonista horiek gorpuzteko duten erlazio handiarengatik, erraza zaie hauei bata eta bestea elkarren artean lotzea.
Musika instrumentuak erabiltzearekin batera, itsaskorrak diren kantak ere abestu dituzte tarteka, gehien bat pertsonaiak deskribatzerako orduan, hauetako bakoitzaren ezaugarriak adierazteko eta xehetasun bakoitza are zehatzago haurrei erakusteko. Horretaz gain, pertsonaia bakoitzarekin ahots desberdin bat ere erabili dute, eta oso mesedekoa izan da hau istorietan azaltzen ziren horiek elkarren artean bereizterako orduan. Bide honetan, eta haurrei galdera desberdinak eginez, haien arreta bereganatzea lortu eta egiten zuten galdera bakoitzari erantzutea lortu dute gaur Galdakaon. Baina abesten zuten abesti bakoitza haiekin batera kantatzea ere lortu dute Ariznbarretak eta Hurtadok Sormenen.
Arratsaldearekin batera, euskal kulturaren eta sormenaren plaza berri honek eskainiko duen aurtengo azken emanaldia Aiko taldeak eskainiko du. 2006az geroztik Gadakaon sortu zen talde honek, «Mutil dantzak denontzat» emanaldia egingo du jaialdi honen aurtengo egitaraua bukatzeko, dantzatzen duen herria, ez baita inoiz hilko.