«Aratuste zein inauteri»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2017ko otsaila
Aratuste zein inauteri jai-garaia garizuma aurreko egunetan ospatzen dogu. Zergaitik? Ba, aiko. Gaur egun daukagun kalendario edo egutegia Gregorianoa dogu. Julio Cesarrek K.a.-ko 46an osatu eban egutegia, 1582an Gregorio XIII Aita Santuak eratu eta kristautu egin eban. Urteroko egutegia hartuz, martiaren ekinoziotik hurrengo ilbetea ikusi eta hurrengo domeka beti izango da Bazko Eguna. Atzerantz bagatoz, aste bete lehenago Erramu Eguna ospatzen da eta berrogei egun lehenago, eguaztenez, hausterreguna eta, jakina, bezpera, aratuste zein inauteri martitzena dogu. Horrexegaitik ospatzen dira jaiok garizuman sartu aurreko egunotan, Eleizaren aspaldiko agindua betetzeko eta urte bakoitzean egun ezbardinetan, ilargiaren arabera. Hau dala-eta, Gorbeialdean ohitura zahar eta polit bat daukagu oraindino bizirik: kanporamartxo. Garizuna aurreko bigarren domekan ospatzen da. Hori ospatzeko, hartu gazigarria, hau da, txorizo, pernil eta urdaia txitxiburduntzi egiteko eta postrerako tostadak. Lehenago, kanporamartxo mendian egiten zan baina gaur egun merenderu eta txokoetan, seguritateagaitik.