ARGAZKIAK | Inoiz baino jende gehiago atzoko Berbalagunen aurkezpen-jaian, Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Hego Uribeko Berbalagunak
Hego Uribeko Berbalagunek atzo egin zuten ikasturte berriko aurkezpen-jaia Galdakaoko Ganguren tabernan, eta «inoiz baino jende gehiago» batu zela adierazi zuten pozik antolatzaileek. Egindakoaren plana eta eurek argitaratutako zenbat argazki batu ditu BINKEk bere webgunean.
Aurretik iragarri bezala, eta urtero legez, Berbalaguneko kideek ekimenaren ikasturte berriko aurkezpen-jaia egin zuten martitzenean, azaroaren 5ean. Hitzordua Galdakaoko Ganguren tabernaren rokodromoan izan zen, 18:00etan hasita, eta Berbalaguneko ohiko kideei Galdakaoko Udal Euskaltegiko eta AEKko ikasleak ere batu zitzaizkien.
«Proiektua bertatik bertara ezagutzeko eta, bide batez, jendea ezagutu, ondo pasatu eta euskaraz hitz egiteko» baliatu zuten arratsaldea Berbalagunek, Hego Uribeko Berbalagunen blogean adierazi duten bezala. Pozik azaldu ziren antolatzaileak, jaira «inoiz baino jende gehiago» agertu baitzen: «Ganguren tabernako rokodromoa txiki geratu da; izan ere, aurten 60 lagun inguru etorri dira!».
Jendea etorri ahala, jatekoa eta edatekoa dastatzen hasi ziren bertaratutakoak, antolatzaileek azaldutakoaren arabera, jendearekin hitz egin bitartean: «Mokaduak indarrak hartzeko balio izan zien, berehala jarri baikenituen lanean taldeka prestatu genituen lau jokoekin». Hala dio antolakuntzak blogean, hitzez hitz, egindako jokoak azaltzeko:
«Su Ta Gar taldearen abestiak, euskal idazleak, Joko Olinpikoak eta Euskal Herriko herriak identifikatzen ibili ziren lehen proban. Ondoren, mezu sekretu bat asmatzen jarri genituen: egindako galderaren erantzunera gehien hurbiltzen zenak zuen letrak askatzeko aukera. Azkenik, Jexux Mari Irazuk eta Unai Agirrek 2013an botatako bertso baten oinak kokatzen aritu ziren txukun-txukun».
Jokoen talde saridunak, Scooby Doo taldeak, sari-sorta ere irabazi zuen: oihalezko poltsa, agenda, botila, euritakoa eta koadernoa opari.
Aurtengo harrera ikusita, Berbalaguneko kideek argi dute «gero eta gehiago» direla, «ikasturtea hasi besterik egin ez bada ere». Beraz, gonbitea egin die herriko eta inguruetako gainontzeko euskaltzaleei: «Zeuk ere gurekin parte hartu nahi baduzu, bidali e-posta galdakao_berba@aek.eus helbidera eta talde egokia aurkituko dizugu».